Testigantza bila
Nahiz eta urruti dauden urteak izan, jende askoren gogoan ez dira gauzak ahaztu. Gure herriko historia osatzeko beharrezkoa da memoria berreskuratzea eta urte askotan ixilduak egon diren ahotsak entzutea.
Altzako Historia Mintegiak urteak daramatza lan horretan, eta jarraitzen du testigantzak bilatzen eta biltzen.
Antxon Alfarok bere taldearen laguntzaz testigantza horien grabazioak bildu eta informazio garrantzitsuak gordetzen saiatzen dira; horren baliotsua den informazio hori guztia bildu eta zabaltzeko helburuarekin.
Lekukoak taldeak lan izugarria egiten jarraitzen du. Proiektua atal desberdinak ditu, baina helburu nagusi bat: aurreko mendean Altzan eman ziren aldaketak, bizipenak, pasadizoak, pozak eta sufrimenduak, jasotzea eta zabaltzea, irudien grabazioaren bitartez.
Oso zabala den proiektu hau hiru zatitan bana daiteke: alde batetik, orain dela 50 urte gutxienez kanpotik Altzara etorri zirenen testigantzak jaso.
Beste atal batean, Altzako baserrietan jaio eta bizi direnen testigantzak; eta bukatzeko, Altzan herriguneetan jaio eta bizi direnenak.
“Oso zaila da lerro batzuetan azaltzea grabazio guztietan aurki daitekeen informazioa, guk biltzen dugun testigantza guztiak altxor bat dira eta karga sentimental handia daukaten altxorrak gainera”, esplikatzen du Antxon Alfarok.
Urte asko egon dira pertsona guzti hauek ezer esan gabe, ixilik. Baina Lekukoak taldeak ahotsa eman nahi die.
* * *
Orain dela 50 urteko baserriak gaur egun ez daude gure artean, hauek bota zituzten makropoiektu bat egiteko asmoz, baina han, baserri horietan bizi zirenen memoria ez da desagertu, Felixiano Udakiolarena adibidez. Bertsotan gogoratzen du bere bizitzaren kapitulu bat, non gizon batek bere buruaz beste egin zuen bere baserria bota zutenean eta etxe batean sartu zutenean.
“Bertsotan nabarmentzen zen Patxi, Otxokikoa zen bera. Otxokin taberna bat zegoen eta astelehenetan ingurukoak elkartzen ziren han festetan. Baina baserri guztiak bota zituztenean etxe handiak egiteko asmoz batek bere buruaz beste egin zuen, bere burua bota zuen lehiotik behera. Horko bertso bat egin zen.“
Jaunak eskerrak sortu ginaden
Baratza bika gainetikan
Euskal odola dabil korrika
Bertsoaren zainetikan,
Berarentzako agur goxoak
Datozkit ezpainetikan
Bera maitatzen bait det nik beti
Gauza gainen gainetikan.Txikitandikan ohitu bageunden
Basarri zabat batean
Nekazaritzan jarraitu degu
Gure denbora guztian,
Egun batetik bestera danok
Sartu gaituzte lurpean
Orain kalean bizi beharra
Lau paretaren erdian,
Penagarria gure berria
Ikusi duten guztia.Han utzi ditut haran arbolak
Utzi ditut gereziak,
Han utzi ditut piku ta udare
Sagar geze ta gaziak.
Nire bihotza hainbat nahi dute
Han dauden arbol guztiak
Nere barrena samindutzen du
Hala gautzen ikusiak
Oraingo txandan puska goxorik
Galdu du geu euskal herriak.
Historia errepikatzen da Altzan egiten diren makroproiektu guztiak direla eta. Baserri asko desagertzen ari da eta honekin batera, gure historiako zati bat ere bai.