Zardoia eremuko hirigintza proiektua ezegokia da
Gure Bidea auzo elkartea
GURE BIDEA auzo elkarteak alegazioa jarri dio Zardoia lantegia zenekoan egitekoak diren Jolastokieta AL05 etxebizitza proiektuari ez dituelako kontuan izan hainbat alderdi, eta inpaktu negatiboak eragingo dituelako:
1. Lehendik aski asea dagoen auzunea areago metatzeko eta itotzeko arriskua dago. Altza da eraikuntza eta bizigarritasun indize okerrenak dituen auzoa. Etxebizitza dentsitate altuak ditu Arriagan, Altza Gainan eta Larratxon. Hiri Iraunkortasunaren Adierazleen arabera, Eraikuntza Dentsitatearen parametro gomendagarriak hektareako 60 eta 90 etxebizitza artekoak dira, baina Zardoiako eremuak dagoeneko badu 97 e/h-ko dentsitatea. Hori jakinik ere, egitasmo berriak 125 e/h-ko dentsitatea izango du, gomendatutakoa baino 1,4 aldiz handiagoa.
2. Ez da nahikoa alderaketarik egin aukeratu den proposamena hobesteko. Aukeratutakoa deskribatzeko 14 orrialde erabili diren arren, beste bi alternatibak ez dira deskribatu, eta horiek baztertzeko bosna esaldi besterik ez dira idatzi.
3. Aukeratu den alternatibak ez du auzoa josten. Jolastokieta Goia eta Behea (Zardoia) eremuen artean dagoen harrobiko lubaki handiari eutsiko zaio, eraikinak ez dira topografian integratuko. Horrela, auzoak ez du kohesiorik lortuko, bi eremuen artean funtzionalitaterik izango ez duen 14 metroko amildegiak jarraituko du eta. Hirigintza kontraste handia sortuko da, garapen berria uharte bat bailitzan.
4. Ez du bermatzen irisgarritasun unibertsala. Hiri Kalteberatasunaren Inbentarioaren arabera, Altza da okerren dagoen Gipuzkoako eremua, eta kalteberatasun oso handia duen bakarra, baina egitasmoak ez du aipatu. Zardoiaren ingurua oso konplexua da, eta auzotarrek erabiltzen dituzten azpiegiturek eta bide sareek irisgarritasun gabezia handiak dituzte (erabilienak, Ermitako aldapa, % 16ko malda du). Egitasmoak ez du irtenbide eraginkorrik eskaini, ez bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko, ezta 31 metroko ezponda gainditzeko ere, arrapalarik gabeko igogailu eta eskailera bidezko sistema bat besterik ez baitu proposatu, igogailuak sarritan matxuratzen direla jakin arren. Horrek espazio publikoen irisgarritasunari buruzko 68/2000 Dekretuaren aurka egiten du.
5. Eremuan sortuko den plaza berria mugatua eta txikia izango da, eta errepidez inguratua egongo da. Gainera, Hirigintzako zuzendariaren hitzetan, ezingo zaio auzo bihotz izendatu, Altzako zentralitate gunea izango zela saldu zuten arren. Bestalde, parketxo horrek bizkarra emango die Ermita aldapako eta Jolastokieta Goiko bizilagunei, ezkutuan geratuta eraikin garaien atzean. Gainerako gune berdeen zati handi bat ere ez da auzotarrentzat erabilgarria izango banatuta egongo delako, maldatsua izango delako edota pribatua izango delako.
6. Espazio Libreetarako kalifikatu diren 7.170 m2 lurzoruetatik % 22 besterik ez da eremuan bertan beteko. Gainerako % 68a (5.600 m2) eremutik kanpo beteko da, Altzatik 7 km-ra, Igeldoko Erregenea mendi hegalean. Lursail horiek ez dira altzatarrontzat erabilgarriak izango, oinez ordubete behar baita hara iristeko.
7. Badago Espazio Libreen azalera osoa eremuan bertan kokatzerik. Hirigintza sailak badu beste alternatiba bat, 2019koa, Espazio Libreetarako azalera osoa eremuan bertan bermatzen duena, 10m2 espazio libre lortuta bizilagun bakoitzeko, kalitatezko hiri espazio bat: azalera handiko parke bat, benetako koltxoi berde bat auzoaren erdian, bi eremuak lotzea ahalbidetuko lukeena, malda jarraitu eta malgu bat lortuta, bidexka eta arrapala sare batez hornituta (igogailu sistemarik antolatu beharrik gabe). Hala ere, ez du publiko egin.
8. Eraikin berriak garaiegiak izango dira. Ondorioz, horien itzala Ermitako aldapako etxeetara zabalduko da, eta ikusmira, argitasuna eta beroa galtzea eragingo die, baita eguzkitiko energia elektrikoa sortzeko aukera apaltzea ere. Aldapako etxeak hego aldera kokatuta daude, eguzkiztapen ordu asko dituzte, eta ez dute parean inolako eraikinik ikusmirak oztopatu edota eguzkiaren onurak jasotzea trabatzen dienik. Proiektua horrela eginez gero, zaildu egingo zaie aldapako etxeei energia eraginkortasuna eta aurrezpena lortzea: argi artifiziala gehiagotan piztu beharko dute, handitu egingo zaie berokuntza gastua, eta dirutza handiagoak erabili beharko dituzte kaltetutako energia eraginkortasuna onbideratzeko. Aintzat hartzekoa da altzatarrek zaurgarritasun sozioekonomiko handia pairatzen dutela. Ingurumen Txosten Estrategikoari hainbat ekarpen egin zitzaizkion, tartean eraikin berriek solairu gutxiago izatea, baina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez ditu kontuan izan.
Horiengatik guztiagatik, eskatzen dugu baztertzeko Jolastokieta AL05 etxebizitza egitasmoa bere horretan egitea, eta neurriak proposatzeko eragin kaltegarriak zuzentzeko.
GURE BIDEA auzo elkartea
Zigor Etxeburua Urbizu



