Argitalpenak
Xanti Zapirain Altzan jaio zen 1953. urtean, eta hogei urterekin Hendaiara ihes egin zuen. Orduz gero, errefuxiatu politiko gisa bizi izan da eta, GALen garairik gogorrenetan, hamar urte luzez kalera atera gabe eman behar izan zituen. Denbora honetan, idaztea izan zen bizirik zegoela sentitzeko modua. Bizipen horiek jasoak geratu dira liburu honetan, garai eta kolektibo baten lekukotasun gisa. Orain dela lau urte, Hautsa Kenduz VI liburuan, berak idatzitako bertso sorta bat jaso genuen, “Urruti eta era berean, gertu” izenburukoa.
“Pasaia 1805-2005, 200 urteko batasuna”. David Zapirain
Pasaia bere 200. urteurrena ospatzen ari da eta, honen kariaz, udalak Aranzadi Elkarteari bi mende hauen historia egitea enkargatu zion. Gure bazkidea den David Zapirain trintxerpearrak ikerketa historikoa burutu du eta, bertan jasotzen den mugaketaren inguruko sententziaren bat dela medio, zer hitz egin handia eman du, baita argitaratu aurretik ere. Liburuaren aurkezpena, Pasaiko lau barrutietan egingo da, ekainaren 27tik uztailaren 5era bitartean.

Aurreko urteetan bezala aurten ere Altzako Historia Mintegiak bere egutegia argitaratu du. Egutegia denboraren igarotzearen adierazpena da eta horregatik, Altzako udaletxearen eguzki-erlojua oinarri hartuta, zahartzaroa eta haurtzaroa dira 2005. urtea ilustratzeko aukeratu ditugun argazkiak. Argazkilariak Manuel M. Antia eta Larumbe dira. Hirugarrenaren abizena ez dugu ezagutzen, egileak bere argazkia errekonozitu egiten badu gurekin harremanetan jar dadila. Edizio honetan Zyma grafikagintza, Berpiztu taldea, Ipotx taberna eta Auzoa merkatarien elkartearen laguntza izan dugu. Mila esker zuen laguntzagatik.
