Sagardoa Altzan (2): etxea, dolarea eta sagastiak

2026, Maiatzak 26

l10677

Iñigo Landa, Juan Carlos Echeveste

XV. mendearen amaieratik aurrera, Altzan sagardo negozioak zuen errentagarritasunak sagastietan eta dolarea zuten baserrietan inbertitzea sustatu zuen. Etxe-kopurua biderkatu egin zen, XV. mendeko 25etik XVI. mendearen amaierako 64ra iritsi zelarik [1]. Horrela, Altzako paisaia bizitokia eta dolarea zituzten baserriez jantzi zen,sagastiekin eta ereiteko lurrekin, gaztainondoekin, eta mendi, larre eta arboladiekin osatuak, azken hauek abereentzako eta egurra bezalako oinarrizko lehengaia lortzeko erabiltzen zirenak.

Etxe eta baserri multzo handi horretan, ordea, mailaketa sozial argi bat nabarmendu behar da, denboran zehar are gehiago markatuko dena. Alde batetik, jauna eta familia bizi ziren etxe pribilegiatuen talde txiki bat zegoen, Altzako auzokide gisa udaletxeko eta parrokiako karguak berenganatzeko eskubidea zutenak; bestetik, maizter batek eta bere familiak bizi eta lan egiten zuten gainerako baserri guztiak, inbertitzaile edo errentadunak zituztela jabeak, -horietako asko merkatariak-, gehienetan inguruko hiribildutako auzokideak, baina jabe horien artean erakunde erlijiosoak ere aurkituko ditugu, Donostiako Santa Katalina edo San Bartolome komentuak, adibidez.

Altzako baserri gehienak funtsean sagardo-ekoizpen unitateak ziren. Etxebizitza eta dolarea harrizkozko horma lodiz eta egurrezko egitura batez eraikita zeuden. Barnealdean, azalera eta altuera aldetik nahiko espazio handia gordetzen zen dolarea hartzeko: egurrezko prentsak, sagarra birrintzeko ardatz bertikaleko torloju-mekanismo baten bidez eragindakoak; horren habe nagusia, aldi berean, baserriko estalkiari eusten zion egituraren parte zen.

Lau Haizeta inguruan, -Donostia eta Oiartzun lotzen zituen galtzada eta Sarruetako ibai portutik Pasaiako portura zihoan bidea zeuden bidegurutze garrantzitsua-, XIV. mendeko Mercader oinetxea eta XVI. mendeko Pelegriñene, Kataliñene, Illarregi eta Marrus baserriak esaten ari garen guztiaren adibide garbia dira.

1527an, Pelegrin de Arpide, Donostiako burgesiaren kide esanguratsua, Oyancho izeneko lursaila erosi zion Juanes de Mercaderri, Mercader etxeko jaunari, sagasti bat ustiatzeko eta geroago bertan baserri bat eraikitzeko, Pelegriñene, 1539an dokumentatua [2]. Urte hartan, Pelegriñeneren mendebaldeko muga-lerroaren ondoan zeuden «tierras censales del convento de Santa Catalina», Katalinarena, Kataliñene eraikiko diren lursailak. Kataliñeneren jarraian, «Sebastian de Babaça, llamado Marros», hain zuzen Marrus izengoitiagatik ezagutua izango den baserria altxatuko duenak. Eta bidearen beste aldean, «los mançanales de Juan Peres de Yllarradi»; kasu honetan deitura izango da Illarregi baserriari izena emango diona.

Altzan XVI. mendeko ezaugarri egiturazko elementuak gordetzen dituzten hainbat baserri ditugu, esaterako Tomasene, Aranzuriene eta Gartziategi, azken honek gaur egun ere sagardogintzari lotuta jarraitzen du eta 1509tik dakizkigu beraren eta sagarrondoen berriak, baita bere portuarena ere: «…la caseria llamada Garçiategui que es en termino e juridiçion de la dicha villa con sus mançanales e tierras e castañales e pertenençias e con su puerto e…» [3].

Mercader baserriaren planoa, 1650

Mercader baserriaren planoa, 1650

Urteen poderioz, baserriaren bizitegi-erabilerak gero eta protagonismo handiagoa hartuko du ekoizpen hutsekoaren gainetik, nahiz eta sagardo-ekoizpenaren egiturak etxearen eremu nagusia betetzen jarraituko duen. Hori ikus dezakegu, urrunago joan gabe, aipatutako Mercader etxe jauregian, 1650eko dokumentu batean, etxearen egurrezko egitura berreraikitzeko kontratua jasotzen dena. Dokumentua interesgarria da sagardotegiaren eraikuntza-ezaugarriak inguruko sagardotegietara eraman daitezkeelako: «con todos los postes y requisitos que para su fortaleça i bondad conuienen i se acostumbran en el dicho lugar de Alça i villa de San Seuastian» [4].

Dokumentuek erakusten digutenez, zorrek Mercaderren jaunak Pelegriñene eraikiko zen lursaila saltzera behartu zuten; baina ez zen nahikoa izango eta, 1539an, etxea bere jabetza guztiekin Domingo de Çubieta Errenteriako bizilagunari saltzera behartuta ikusiko du bere burua, Mercader deituraren eta etxearen izenaren arteko lotura betiko hautsiz.

1650ean, Leon de Zurcok, Errenteriako bizilagun eta garai hartan Mercaderren jabeak, etxea berreraiki eta San Juan de Aldako arotz-maisua kontratatuko du etxearen egurrezko hezurdura altxatzeko, teilatua, sagardotegiak eta ate eta leihoen euskarriekin. Kontratuaren arabera, etxeak «a de tener el tejado en forma de torre con quatro vertientes», Mercader etxe jauregiari dagokion oinetxe kategoriari omenaldi eginez.

Kontratuaren testua eraikinaren bi solairuen plano batekin dator, eta horri esker dimentsio gutxi gorabeherako kalkuluak egin ditzakegu. Fatxada nagusiak hegoaldeko orientazioa du eta beheko solairura sartzeko ate bat, dolareari eta prentsari destinatutako eremuaren ondoan, etxearen hego-ekialdeko izkinan, denbora-baldintza txarretatik babestuena. Dolareak 20 ukondo luze x 9 zabal ditu (11,20 m x 5,04 m, gutxi gorabehera 56 m2), gainazal osoaren 1/5 parte, 280 m2.

Dolarearen aurkako izkinan, ipar-mendebaldean, beheko solairuak beste bi ate ditu; haien ondoan bi gela daude, 15 m2 bakoitza, eta beheko solairuaren gainerakoa libre geratzen da.

Beheko solairuaren erdialdean, dolarearen ondoan, goiko solairura igotzen den eskailera bat dago «para el seruicio de los lagares como del quarto prinçipal que la dicha cassa a de tener». Planoan sagardotegiaren hutsune handia, habe nagusia eta beheko solairuko antzeko bi gela ikusten dira. Iparraldeko fatxada osoan zehar «quarto principal», bizitegiari eskainitako 170 m2, lau gelatara sartzen den erdiko areto handi batekin, bi alde bakoitzean.

Ikus daitekeenez, XVII. mendeko baserri-eredua eboluzionatu egin da. Sagardotegiari eta bere gelei destinatutako espazioak eraikinaren eremu zentral bat betetzen jarraitzen dute -bere azalera bizitegiari esleituaren hiru aldiz handiagoa da-, baina aldi berean bizitegi-espazioa zainduago dago eta kanpoko fatxada nobletzen da. Casares, Moneda edo Ubegi bezalako baserrietan ikusten dugu hori. Azken horren dolarearen XVI. mendeko ardatz handia Gordailuan gordetzen da [5].

***

Erreferentziak:

[1] LANDA IJURKO, Iñigo: «“Altzako etxeak eta baserriak dokumentuetan” eguneratuz», in Estibaus (2026).

[2] Hasiera batean Madrigal deitu zioten, Mateoren errota elikatzen zuen inguruko iturriaren izena hartuta, baina laster «Pelegrinen baserria» izenaz ezagutzen hasi zen, Pelegriñene. LANDA IJURKO, Iñigo: «Pelegriñene: Pelegrínaren baserria», in Altza Hautsa Kenduz VI (2001), or. 145-162.

[3] 1509-02-07. Simona Gomez andreak egindako dohaintza, Juan Sánchez de Elduayen batzergilearen alarguna, Donostiako hiribilduko etxeak eta gainerako ondasunak Simona de Gómez Elduayen andereari, bere alaba legitimoari, Martin Sanchez Araizen emazteari. Peñafloridako Kondeen artxiboa. / F. Borja de Aguinagalde, Gabriela Vives. - Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartea. Donostia, 1987.

[4] AHM: «Mercader oinetxea 1650. urtean», en Estibaus (2017).

[5] TELLABIDE, Josu: «Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza», en Estibaus (2018).

Argazkia: Kataliñene, Pelegriñene, Audariz eta Martitegi baserriak. 1960 aldera. Argazkilaria: Francisco Armendáriz. Altzako Tokiko Bilduma; iturria: Dolores Armendáriz; signatura: L10677.

Planoa: Altzako Tokiko Bilduma; iturria: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa; signatura: L16865.

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Maiatza 2026
A A A O O L I
« api    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Mijel
    (2026, Maiatzak 19)
    «Lan bikaina ari zarete egiten, eta besteentzat bbideak zabaltzen. Enekoren lana begira egon naiz: baserriak eta etxea k. Pasaian jaio ...»
  • Felix urkizu
    (2026, Maiatzak 7)
    «Esta claro que la anexion parece mas una estratagema para la futura llegada de una inmigracion masiva y la construccion ...»
  • Maria jose
    (2026, Maiatzak 5)
    «Grande mi abuela »
  • Estibaus
    (2026, Apirilak 28)
    «Hola. En www.altza.info tienen dos fotos de Carmen Zappino, niña, con su familia. Estos son los enlaces: https://altza.info/?z=3&x=772 https://altza.info/?z=3&x=773 »
  • angela aguayo
    (2026, Apirilak 27)
    «Buenos dias, en el seno del proyecto FIVE, financiado por el Ministerio de Educación y la UE, la Universidad de Santiago ...»

etiketak


Sarean