Udaberria txori artean
Pili Lázaro
Aurreko urtean enarei buruz idatzi nuen, urtero Altzara etortzen zirela eta nola bere betiko kabiak aurkitzen zituzten mila eta mila kilometro egin ondoren. Oraindik ez dira etorri, desbideratu ote dira? Zorionez, ez dira alde honetara etortzen diren txori bakarrak. Lehengo larunbatean Mikel Olano basozainaren eskutik ikusi eta entzun genuen hainbeste txori espezie ezberdin ezin genuela sinistu.
Taldean bildu ginenean Altzakoa ez zen batek komentatu zuen: “Hemen Altzan, hainbeste etxeekin, non daude txoriak? Zuhaitzak ez badaude, non egon daitezke txoriak?” Eta bai sorpresa! Arriberrin bertan entzun genituen lehenengo kantuak, eta pixka bat aurrerago Mikelek gutxi gora behera hamar txori desberdinak identifikatu zituen aldi berean kantari: txepetxak, xoxoak, txantxangorriak, buztangorriak, kazkabeltzak, errekatxindorrak, karnabak, txirriskilak, txorrua… Batzuk kabia egiten ari ziren, beste batzuk zuhaitz batetik bestera elkarri erantzuten. Oso harrigarria! Bost minuturo berriro gelditu ginen. Molinaoko jeitsieran buztanzuri bat ikusi genuen, emigratzen ari zena eta geldiune bat egiten gure lurretan. Molinao errekaren ondoan garrapoa ikusi genuen enborretik gora eta behera. Horrela bide osoan, bueltatu behar izan genuen arte.
Oraindik txoriak gure inguruan bizi dira, gure bizimodura egokitu dira eta oso urrutira joan gabe, kotxea alde batean utzita, paseo bat emanez, begiak eta belarriak prest, oso experientzia zoragarria eta lasaiak bizi ditzakegu.