Julian Mas, Julimasene
Iñigo Landa
Mas abizena hortzetik hortzera dabil egun hauetan Kataluniako politikaren karira; baina Mas abizena Altzan ere errotuta geratu da, ezkutatuta bada ere, baserri ezagun baten izenean. Baserri hori Herrerako Julimasene da, Monseko bidean dagoena eta autopistaren ezpondan ia zintzilik geratu dena.
Julimaseneren jatorrizko izena Floresta da eta XVI. mendean agertzen da lehen aldiz dokumentazioan, 1512. urtean hain zuzen ere, eta 1805. urtera arte ez dugu gaur egun ezagutzen dugun Julimasene izen aldaerarekin aurkituko. Aldaketaren arrazoia aurkitzeko 1719. urtera jo behar dugu. Urte hartan Berwickeko dukeak Donostiaren setioan triskantza eta kalte handiak egin zituen eta kalte horien ebaluazioa jasotzen duen dokumentuan aurkituko dugu arrazoia ulertzeko bidea. Dokumentu horretan Altzako etxe eta baserrien zerrenda luzea agertzen da, bakoitzak jasandako kalteen balioarekin batera, baita Julimasene ere: “Casa llamada Julian Mas y su pertenecido“. Ez dakigu zein zen Julian Mas hori, baina “-enea” euskal atzizkiak Floresta izena ordezkatu zuen Julimasene Julian Mas izeneko norbaiten etxea zela adierazten digu zalantzarik gabe.
(Kalteen ebaluazioa jasotzen duen dokumentua irakurtzeko hemen)