“Herrera azaletik”

2019, 11 de Junio

zeruko-argia-1972_06_11-herrera-1

Zeruko Argia, 1972-06-11

Lerrotxo hauk irakurtzeko zoria duzun herreratar hori, har zazu gure agurrik zintzo ta beroena. Zuri begira gaituzu; zuri eta gurea den hauzoari begira, hemengo zenbait zure begien aurrean jarri nahirik. (Ahal direnak, jakina; besteak hobe ezkutuan gordetzea). Nolako hauzoan bizi geran, zer dioten hemengo elkarteek, Batasuna elkartea, gazteak… guzti horien berri jakingo duzu, azkeneraino irakurtzeko hainbat indar baldin baduzu behintzat. Hasteko, beraz, agur herreratar denoi: hemen bizi zeratenoi eta urrutira bizitzera ihes egin duzutenoi. Eta herreratar ez den inork lerro kaskar hauk irakurtzeko nahiko astirik hartuko balu, bedi hura ere ongi etorria gure artera. Zabala da gure plaza!

DONOSTIAKO HEGAL INDUSTRIALA

Euskal herriko bazter gehienek bezala, gureak ere aldaketa ugari eta larriak ikusi ditu azken urteotan. Lau etxe sakabanatu besterik ez zena, ederki asko jantzi da etxez eta jendea. Irratiaz entzun genduen, asko ez dela, Intxaurrondo, Altza eta Herrerako partean Donostiako bizilagunen laurdena bizi dela. Gehiago ere biziko dira, beharbada, gure ustez. Atera hortik kontuak: handik eta hemendik bildutako jendea gera eta gure erroak ez dira barneegi sartzen hemengo lurrean. Batzuk lehenago heldu ginen, besteak geroago; batzuk hemen jaio ginen, besteak geroxeago honera bildu; batzuk euskal herrietatik bildu dira, besteak urrutiagotik. Baina denak, esateko, heldu berriak gera.

Eta honera bildu gera, hau industri hauzoa delako. Hemen bertan nahiko lantegi, handi ta txiki, baditugu. Inguruetan are gehiago: Pasaiako portuaren inguruan sortu diren enpresa larriak. Bizi beharrak honera galtu, beraz.

Atera hortik ere kontuak: langile jendea da hemen bizi den gehientsuena, azken orduko aberatsak eta zenbait auzo residentzialetan bizi direnak ezik. (Herreratar ote horiek?). Horrek argitzen ditu hemengo egoera asko: zenbait kultura mailetarako dagoen egarri eskasa euskaltasun pobrea edo anti-euskaltasuna aberats berrien ihesi nahia…

Eta, azkenik, badugu beste baldintza larria: Donostiako hegala gera, hiri aberats eta polit baten bazterra. Eta, hirietako hegalekin maiz gerta ohi denez, hemen ere urbanizazio trixtea ikusten dugu (goragoko barrio residentzial horietan salbu): etxe ta barrioak nola-hala boteak, serbitzu beharrezkoenak falta direla, egon lekurik bat ere ez dela…

Atera hortik ere kontuak: gure artean bizi den hainbat eta hainbat jende ez dela hemen biltzen, etxetik atera orduko Donostiarako edo urrutiragoko bidea hartzen duela. Ezagutu ere nork ezagutzen ditu? Hara zergaitik dagoen hemen bertan hain elkarte gutxi -bat ere ez, deportiboak eta gastronomikoa ez badira.

Horra, bada, gainbegirada arin batek, oso arinak egia esan, ematen diguna: hiri bateko hegal industrialean bildu diren heldu berriak gera gehien bat. Badago hor zer pentsa. Baina, dena esan gabe ere, esan dezagun holako hauzoen geroa argia daitekela, noiz edo noiz bere buruaren jabe izatera irits daitekela; bere buruaren jabe, maila guztietan: lan eta sozial arazoetan, euskaltasunean, kulturan, herrigintzan. Gazteengan dago itxaropena!

GAZTERIA

Has gaitezen, beraz, gazteengandik. Hemengo gazteek ere, eta nork ez, edonungo gazteek bizi dituzten kezkak eta gorabeherak bizi dituzte. Aipatu ere behar ote dira?

Gu hemen, ordea, lot gaitezen herreratar bezala eta herri mailan egiten dutenari. Gure aurreko gazteen lana jarraituz egiten dutenari.

Gazteak mugitzen direla, eta beste askok baina gehiago mugitu ere, ez dago dudarik: hara hor Batasuna elkartea; hara hor deportivo elkarteak; hara hor egun eta gaueko Ikastolek duten mugimendua; hara hor, nolabait esateko Benito Lertxundiren hitzez esanaz, ilunpetako gizonak. Gutxi dela? Nahikoa ez dela? Bada zerbait! Estudianteek eman dezaketen indarraren falta nabari da, hori bai.

“BATASUNA” ELKARTEA

Orain urte batzuk Herrerako gazteen ametsa hauxe zen: lokal bat nundik lortu, bertan bildu ahal izateko eta pertsonen ta herriaren alde lan egiteko. Azkenean, orain bi urte La Salle–ko “Ikasle Zahar” elkartearen aldetik ikusi zen aukera hori: honen babesean ideki zen herri osoarentzat “Batasuna” izeneko lokal hori, horrela denon arnetsa bete nahirik.

Biltokia lortuz gero eta lanak errazago egiteko asmoz, bertako jendea bost komisioetan zatitu zen: Kulturarena, Kirolena, Berri emaileena, Jolasena eta Beste Arazoena.

Hasieran jende asko bildu zen Komisio horietara, bainan, egunak aurrera joan ziren bezala, azalki hasi zirenak edo gauza berria zelata zegozenak aitzaki bat edo beste jarrita komisioak utzi egin zituzten. Orduan, nahiz ta komisioetan jende gutxi gelditu, langileenak gelditu ziren eta, egia esan, nahiko lan egin zen; hitzaldiak, konkursoak etab., adibidez, antolatu ziren.

Horrela gauzak jaiak heldu ziren eta aitzaki horrekin, festak gertu behar zirelakoan, bilerak utzi egin ziren. Jaiak amaituta udarako hutsunea etorri zen; bakoitzak, ohi den bezala, bere aldetik jo zuen. Udazkenerako utzi ziren bilerak, orduan berriro denak gure txokoan bildurik, indar berriarekin jarraitu genduelakoan.

Udazkenean, “lanerako egunak” iritsi zirenean, ez zen inor azaldu komisioetara, Kirolenak salbu. Hauek mugitu beharra zuten, aurtengo txapelketetan parte hartuko bazuten. Beste denak, egunak joan egunak etorri, gero ta gogo gutxiago azalduz, ez dira biltzera ere iritsi. Hortan amaitu zaigu bigarren urte hau.

Begiratzen diogun aldetik begiratuta edozeinek ikus dezake aski gutxi direla egin direnak: kirolak eta mus txapelketa bat. Eta, bitartean, hor ikusten dugu hainbat jende plaza aldean zer egin ere jakin gabe. Zer dauka Batasunak jende hori barrena ez sartzeko?

KIROLAREN ZENBAIT BERRI

Hori besterik egin ez dela ikusirik, edo-ta hori bederen egin dela ikusirik, Komisio hortakcei eskatu diegu beren berri eman dezaiguten. Hara, ondoren, jaso ditugun albisteak. Hiru sailetan zati daiteke haiek egin duten lana: Balonmano, Futbola eta Halterofilia. Has gaitezen, lehenbizi, balommanoaz.

Orain 6 edo 7 urte hasi ziren gazte batzuk deporte hori aurrera eraman nahirik. Bildu egin ziren bai, bainan inungo laguntza eta babesik gabe. Oso aldaketa gutxi izan da harrezkero. Hasierako jende berbera jarraitzen du: jokalari gehienak Herrerako kaskokoak direla esan genezake, nahiz eta Donostia eta Pasaiako bakar batzuk ere izan. Aurten aski ondo ibili dira. Gipuzkoako Ligan 2gn. gelditu dira. Lehendakari eta F.E.-ren sarietarako ere azkenetara iritsi dira. Eta aurrera begira ere badituzte beren asmo berriak: lehenbizi, eta aurtengoa ikusirik ez zaie animorik falta, mailaz igo nahi lukete. Gaztetxoekin ere talde bat osatu nahi lukete, bainan hemen ez zaie oztoporik falta. Zerrenda luzea osa daiteke: jolas lekuaren arazoa; txikia da, zoru txarra du, eta hori gutxi balitz ere, argirik ez du. Udaletxekoak etorri ziren, orain berriro, plaza argitzeko asmoz, bainan baimena eman behar zuten zenbait bizilagunek ukatu egin zuten baimena. Borondate onaren adierazgarri ederra, ikusten denez.

Eta, azkenik, baztertu ezinezko oztopoa: diru arazoa. Ez dago inungo laguntzarik. Jolas aldietan txapela pasatzen da bai, bainan jasotakoa ez da jolaszuzentzaileari ordaintzeko aski ere izaten, eta askotan jokalari berak ordaindu behar izaten diote. Nolanahi ere, orain hemengo lantegi batek bere laguntza eskaini du, baita material eder askoa eman ere.

Neska talde bat ere bada kirol honetan, baina ez da jende gehiegirik azaltzen. Horrexegatik larri samar ibiliak dira. Ia datorren urterako neska gehiago ausartzen den eta talde polit bat osatzen den.

Aurten atera du lehengo aldiz Batasunak futbol talde bat “Nafar -Euskaldunen” txapelketarako. Hauek, lehen urtea izateko batez ere, ondo samar dabiltz eta datorren urterako gogo izugarriz. Hemen ere oztopoak Iehen aipatutakoak dira: saiotarako toki desegokia. Sarritan kirolari guztiak du gun toki bakar eta eskasean biltzen dira, plazan. Hori gutxi balitz, leku hori parking ere bada eta berebilez josita egoten da. Hauek ere askotan gastuak beren sakeletik ordaindu behar izaten dute.

Halterofilia ere bada gure artean, berria izan arren eta askorentzat gainera ezezaguna. Joan zen Martxoan izan ziren lehen saio batzuk eta hemengo gazte batzuk aurreneko lekuetan gelditu ziren. Gazte ta seniors mailetakoak dabiltza hortan. Federazioko laguntza lortu dute eta honengandik jaso dute beharrezko zuten materiala. Kondizio zailetan iharduten dute hauek ere, bainan ez dute animorik falta, bestela ez zuten aterako, gutxi dela, Donostian eginiko txapelketa batetan brontzezko medailarik eta ez zituzten izanen Irunen egingo den Nobelen txapelketarako dituzten asmo onak izango.

Badago, beraz, kirol zaletasunik; badago, ordea, nahiko oztoporik eta laguntza, berriz, eskasa. Interesgarria gerta daiteke, halaz guztiz ere, kirola, Herrerako gazteak lotu eta elkartzeko. Horretarako norbaitek, eta neurriz kanpo, saiatu behar badu ere, Kirol Batzordeko Lehendakaria saiatzen den bezala.

AZKENIK BI HITZ

Gerok ikusi eta bateri ta besteri galdetuz atera dugun kuadroa hauxe da, lerro hauetan ikusten duzuna. Herrera azaletik esaten genduen hasieran. Horrela da, izan: azaletik. Zuk, ordea, herreratar irakurle, eta guk ere bai, zerbait sakonagorik nahi zenduke. Guk hauxe erabaki genduen: erakusketaren gorabeherak bazterrera utzirik -honen berri asteroko sailetan emana baitugu- eta hortik landa ateratzen zen kuadroa ateratzen zela, argia nahiz iluna edo-ta argi-iluna, hura emango genizula, ez besterik. Zer derizkiozu atera den kuadro honi? Ez al da, hau ere nahi eta ezin gogor baten adierazgarri ederra?

Eta gaurko ezin hori biharko ahala bilakatu dedin arte -ibilaldi luzea noski- iraungo ote du inork begira ta lanean?

JO-GU-KAR

zeruko-argia-1972_06_11-herrera_pagina_2zeruko-argia-1972_06_11-herrera_pagina_3

Etiquetas:

Dejar un comentario

Estibaus

Categorías

Noviembre 2024
L M X J V S D
« Oct    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Últimos comentarios

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, 20 de Noviembre)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, 8 de Noviembre)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, 3 de Noviembre)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, 2 de Noviembre)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, 25 de Octubre)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiquetas


En la red