Marzial Ibarbia Anabitarte, Aita Akilino
Herrerako ibarbiatarren artean murgildurik, etxeko txikienarekin topo egin genuen, Marzial Ibarbia Anabitarte, Aita Akilino karmeldarrarekin (1908-?), eta hark idatzitako euskarazko hainbat idatziekin. Haren lehen datuak Aita Onaindiak eskaini zizkigun Euskal Literatura V liburuan, Estibausen “Ibarbia” artikuluan jaso genituena, eta datozen lerroetan informazio hori zabaltzera eta euskal literaturari egindako ekarpena, oso txikia bada ere, ezagutzera gatoz.
Aita Akilinori buruz Onaindiak emandako informazioari bi datu biografiko gehituko dizkiogu, 1933. urtekoa lehenengoa eta 1938koa bigarrena.
Lehenengoa La Salleko Anaiei Herreran 1933ko uztailaren 30ean egindako omenaldiaren kronikan egiten den aipamena da. Honela dio kronikak: “Herrera-Altza. ERMANUARI OMENALDIA.- (…) Itzaldi sermoia egin zun Aita Akilino karmeldarrak, au ere emengoa eta eskola ortan izana; lendabiziko agurketa euskeraz egin ondoren, jarraitu zun erderaz, eta ondo garbi azaldu zun bere ta erreratar danon esker sutsuak, urte oyek danetan, emengo irakasle izan diranari, eta zenbait añeko kaltia izango dan danontzat geyago berak ezin jarraitzia orain arte ain ondo bete duten lanari; eta ori galerazten dutenentzako ere izan zitun itz egizko batzuek; bukatu zun adieraziyaz gurasoari beren betebiarrak beren umetxoak bihar bezelako katoliko jaungoiko zaliak izateko, batez ere oraingo ekaitz aldi ontan. (…)” (1) (más…) »