Altzan euskara hutsez: zerbait aldatzen ari da baina Donostiako Udalean ez
Altza XXI Heri Ekimena
Donostiako Plan Orokorraren Aurrerapidearen aurkezpenaren ondoren, urriaren 8an Altzan bilera izan zen planak ekialdeko auzoentzako dituen proposamenen aurkezpenerako. Jakina den moduan, Altzan erdal elebakar hiztunen kopurua oraindik ere handia da eta orain arte Altzan izan ohi diren beste horrelako bileretan euskaraz egindako interbentzioak erdal hiztunen protestak eragin izan dituzte, erdaratzea edo zuzenean erdaraz egiteko eskatzen dutenak. Atzoko bileran baino euskarazko parte-hartzeak ez zuten bertan zeuden erdal hiztunen exijentziarik sortu ez zelako espresuki itzultzea eta erdaraz esatea.
Honek aurrerapena suposatzen du errespetuz entzutea ekarri zuelako, nahiz eta ez ulertu. Orain arteko bileretan gatazka handiko aspektua izan da hizkuntzarena, euskaldunak euskaraz hitz egin nahi eta erdaldunak erdaraz egitea exijitzen zutenean. Hala ere, euskal hiztunek konturatu ginen herritar batzuk gure interbentzioak ez zituztela ulertzen eta egoera horretan euskaldunen artetik sortu zen bileraren antolatzaileenganako kritika. Izan ere, hizkuntzaren errealitatea zein den jakinda nolatan ez zen aldibereko itzulpen zerbitzurik ekarri. Parte-hartzeaz arduratzen diren teknikariak horrela eskatu zutela adierazi zuten baina udalaren aldetik ukatu egin zela. Gauzak horrela haserrea orokortu zen eta jendearen kritiken artean eskatu zitzaien hurrengo bilerarako, hogei egun barru izango den bilerarako, zerbitzu hori ekartzea. Berriro ere ez zela ekarriko adierazi zuten udalak espreski ukatu egin duelako.
Une honetara iritsita bertaratutakoen zalaparta sortu zen, bai euskaldunena bai erdaldunena, hauek txalotu egin zutenean euskaldunen eskaera. Elkar ulertze bat izan zen, bakoitzaren egoera aintzat hartu eta irtenbide bakarraren inguruko adostasuna eman zelako.
Baina, Donostiako udala, ia 500 miloi euroko aurrekontua duena, ezin du aldibereko itzulpena baliatu. Ikaragarria eta izugarria izateaz gain, bertaratutako guztien lotsagarritzat jo zuten. Are gehiago jakinik Ekialdeko Barrutirko Juntak duela 4 urte itzulpen instalazioa eskatu eta erosteko erabakia hartu zuela jakin zutenean
Esan bezala Altzan gauzak aldatzen hasi direla dirudi, euskarazko interbentzioak errespetu gehiagorekin entzuten direlako, nahiz eta ez ulertu. Tamalgarria da Donostiako udalaren jarrera ulergaitza suertatzen da, ulertezina, eta bai batzuen bai besteengan errespetu falta izugarria.
Donostiako udalak kondenatzen gaitu, edo euskaraz erdaraz aritu behar izatera edo erdaldunak tutik ez ulertzera. Gaizki pentsatzen jarrita, udalak herritarren liskarra izatetik irabazle ateratzen dela pentsa liteke, eta horregatik ez duela konpontzea nahi. Hartara ez da hitzegiten planaren eta Altzarentzat dituen ondorio larrien inguruan!