‘Kontzejua’ eta ‘Hiria’ hitzen aldarrikapena (eta II)

2015, 3 de Julio

villa-de-alza

Iñigo Landa

Altzak independentzia eskuratu ondoren, “Villa” titulua lortzeko tramiteak hasi zituen Madrilen eta baita lortu ere 1910. urtean. Orduz geroztik “Villa de Alza” erabiliko du Altzako udalak nonahi: armarrian, zigiluetan, herri lanetako proiektuetan…, eta plazako plakan ere bai, “Plaza del Concejo” plakaren gainean “Plaza de San Marcial - Villa de Alza” plaka jarriz. Izan ere, “Población” izatetik “Villa” izatera igarotzea ohore handiagoko kontu bat da. Altzari independentzia kendu ziotenean ohore hori baino ez du iraun azken 75 urteetan “Altza Herria” moldearen erabileran, eta, sinbolismoan trabatuak geratzeko arriskuaz jabeturik, merezi du Altzaren ikur honen esanahian barrentzea eta eguneratzea.

Ahalegin horretan, galdera hauekin egiten dugu topo: Zer esan nahi du “villa” hitzak? Zein da euskarazko aldaerarik egokiena? Zergatik aldarrikatu ikur honen erabilera?

Jatorriz, erromatarrek ‘villae’ hitza erabiltzen zuten landa eremuan zegoen etxalde edo propietate bat izendatzeko, normalean jabearen izenari lotua. Garai hartako toponimoak Euskal Herrian aurkituko ditugu euskarazko ‘huri’ eta ‘hiri’, edo gaztelaniazko ‘villa’ osagaiekin.

Erdi Aroan, ‘villa’ hitza erabiltzen zuten erregeek sortzen zituzten hiriak izendatzeko, hala nola Gipuzkoan Villafranca (Ordizia), edo Villa Nueva de Oiarso (Errenteria). Euskaraz ‘villa’ hauei ‘hiribildu’ esaten diegu, eta hitz modernoa bada ere, onarpen zabala dauka historialarien artean harresi batez mugaturik bildutako hirigune pribilegiatu bat izendatzeko.

Alabaina, denbora pasa ahala eta beste tituluekin gertatu zen bezala, jatorrizko esanahia ahaztua geratu zen eta titulu soila geratu zen, ohorezko izendapena alegia, Altzak eskuratu zuen garaian zen bezala. Tituluak herri baten entitatea handitzera dator, ez daukaten herriekin alderatuz.

Udalak kendu zuen plaka berriro udaletxeko etxaurrean jarri dutenean azalpentxo bat jarri dute informazio-taula batean, baina gaztelaniazko testuan ‘Villa de Alza’ aipatzen badute gure hizkuntzan ordea ez da horren aztarnarik agertzen; eta ez dakigu zergatik. “Altzako udaletxe zaharra” eta “antigua casa consistorial de la Villa de Alza” ez baitira gauza behera. Badakigu Altzako udal batzarrak garai horretan euskaraz egiten zirela -eta horretaz kexuren bat agertu zen prentsan-, baina ez dakigu ‘villa’ esateko euskaraz nola esaten zuten.

Gaur egun horrelako tituluak eguneroko erabilpenean alde batera geratu badira ere, inolaz ere ez dira erabat bazterturik utzi. Gure inguruan, adibidez, Errenterian ‘Errenteria Hiria Kulturunea’ daukagu, edo Zarautzen ‘Zarautz Hiria Pilota Trofeoa’. Lezon ere jatorrizko ‘unibertsitate’ izaera herriaren titulu gisa daukate.  Euskaraz ‘Villa’ esateko bi modu daude: Hiria eta Herria. Iparraldean frantsesezko ‘Hotel de Ville’ ‘Herriko Etxea’ erabiltzen dute. Horrela, gaur egun ‘Ville de Bayonnne’ euskaraz ‘Baionako Herria’ idazten dute ofizialki euskaraz. Alabaina, hegoaldean aukera guztiak ‘Hiria’ hitzaren alde doaz, goiko adibideetan ikus daitekeen bezala (Bilbo, Zarautz, Errenteria).

Ikuspegi moderno batetik, ‘hiria’ eta ‘herria’ hitzek bi bizimodu, jarduera eta tamaina desberdinak adierazten dute. 1910. urtean Altzak ‘villa’ titulua eskuratu zuenean, herria hiria bihurtu zela baieztatu nahi zuen eta titulua hori berrestera dator. 1894. urteko hauteskunde erroldak agerian uzten zuen Altzak ezagutzen ari den aldaketa: erroldako hautesleen erdiak industria, merkataritza eta zerbitzuei loturiko ogibidetan jarduten zuen. Are gehiago, altzatar gehienak Molinao, Buenavista, Herrera, Intxaurrondo eta Sarruetako auzoetan bizi dira eta denbora pasa ahala joera hau indartu egingo da, ongi dakigun bezala. Horrela, Altza herria Altza Hiria bihurtuko da.

Plakak jasotzen duen ohorezko titulu hori altzatarron ondarea da eta gure lehengo eta egungo hiri izaera aldarrikatzen du.

(‘Kontzejua’ eta ‘Hiria’ hitzen aldarrikapena, I)

2 comentarios

  1. Bittor Hidalgo

    Edota Altzako Hiria, ez? Nik uste hori dela euskarazko tradiziozko jokamoldea (edota Altzako Herria). Inpresioa det, gehiegi ikertu gabe, Zarautz Hiria eta halakoak oso-oso berriak direla gure tradizioan, eta neri oraindik belarrian kirrinka egiten didate. Donostia, edo Donostiako Hiria, ez Donostia Hiria.

    Iritzia da.

    Eskerrik asko nolanahi artikuluagatik.

    Ondo segi9

    Bittor

  2. zigor etxeburua

    Hiribildua edo herribildua dira hiztegiek ematen dituzten adierak
    https://hiztegiak.elhuyar.org/es_eu/villa

    edonola, ‘herria’ bera nahikoa iruditzen zait niri.

Dejar un comentario

Estibaus

Categorías

Noviembre 2024
L M X J V S D
« Oct    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Últimos comentarios

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, 20 de Noviembre)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, 8 de Noviembre)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, 3 de Noviembre)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, 2 de Noviembre)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, 25 de Octubre)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiquetas


En la red