‘Kontzejua’ eta ‘Hiria’ hitzen aldarrikapena (I)
Iñigo Landa
Orain dela sei urte Altzako udaletxearen etxaurrean “Plaza de San Marcial - Villa de Alza” eta horren azpian ezustean agertu zen “Plaza del Concejo” plakak kendu zituen Donostiako udalak, eta San Telmon gorde. Plaka berriro bere lekuan uztea eskatu genion orduko udal gobernuari, -alferrik-, eta 2011n eskaera berriro egin genion hauteskundetatik sortutako udal gobernu berriari. Lau urte ondoren plaka udaletxeko etxaurrera itzuli da. Alabaina, itxuraz, zegoen lekuan uztea nahikoa ez, eta kokapen berri bat bilatu diote eta azpian udaletxeari buruzko informazio-taula jarri dute, lau hizkuntzatan idatzita. Euskarazko testua irakurrita, kokapen berria ez ezik, badirudi esanahi berria eman nahi izan diotela plakari, non “Kontzeju” eta “Altzako Hiria/Herria” hitzak, -plakek jasotzen dituzten gako-hitzak, hain justu-, baztertu dituzten. Horiek ez dira, ez, hitz hutsalak, eta duten esanahiaren gaurkotasuna aldarrikatu dugu hemen.
Aurretik, ‘Kontzeju’ hitzarekin hasiko gara eta ‘Hiria’-rekin hurrengo batean jarraituko dugu.
Kontzejua erakunde politikoa da, herritarren interesak aztertzeko eta defendatzeko osatua. Zinegotzi taldeak osatzen du. Kontzeju hitz bera udaletxea izendatzeko erabiltzen da. Altzak kontzejua izan du Erdi Arotik frankismoaren garaipenera arte; eta frankismoaren ondoko gobernu donostiarrek inposaketa hura mantendu dute, Altza eskumenik gabeko auzo moztukatuaren izaera egonkortuz.
Kontzeju altzatarraren sorrera ederki aztertu zuten Juan Carlos Mora eta David Zapirain historialariek “Altza. De los cubilares al concejo. Formación y características del régimen jurídico-político altzatarra” ikerketan eta beste behin irakurtzea merezi duena. Hemen, dokumentuetatik hartutako erakusgai batzuk gogoratu baino ez dugu egingo:
- 1390. urtean, Estibaus izeneko zelaian, -egungo San Martzial plazan, alegia-, eliza eraikitzeko erabakia hartzeko bildu ziren. Honela dio agiriak: “aiuntados en el campo de Estibaus segun que lo havemos de uso de costumbre de nos juntar“.
- 1552. urtean, eliz ondoko hilerrian bildu zen kontzejua: “aiuntados en nuestro conçejo e aiuntamiento en el cimenterio de la Iglessia de señor San Marçal.
- 1620. urtean, “bazarre” euskal aldaera agertzen zaigu kontzejuaren esanahiarekin: “en nuestro bazarre y aiuntamiento“.
- 1764. urtean Kontzejuaren etxearen aipamena aurkituko dugu, “Casa Concejil“.
- 1844. urtean udaletxearen beste aipamena, honela idatzita: “Casa Consistorial de la Población de Alza“.
- 2009. urtean, udaletxearen etxaurrea txukuntzen ari zirela, eguzki-erlojuaren behealdean zegoen “Plaza de San Marcial - Villa de Alza” esaten zuen plakaren azpian, “Plaza del Concejo” jartzen zuen beste plaka bat aurkitu zuten. Biak kendu zituzten eta udaletxea plakarik gabe egon da martxora arte, ezagutzen genuen plaka etxaurrean jarri duten arte. Kontzejua aipatzen duena, San Telmon jasoa geratu da. Egungo udaletxearen eraikuntzaren data zehatzik oraingoz ez daukagu, baina burdinazko balkoian jartzen duen datari kasu egiten badiogu, eraikina 1889. urtekoa litzateke eta agian urte hartan jarri zuten plaka eguzki-erlojuaren behealdean.
Data horietan guztietan, Donostiako jurisdikziopean egonda ere, altzatarrek ahalmena eta tresna juridiko-politikoa izan dute bere interesak defendatzeko eta erabakiak hartzeko. Garai horietan guztietan altzatarrek motiboak bazeuzkaten beraien administrazioa aldarrikatzeko; eta egungo altzatarrek ere bai. Kontzeju hitzak gure egungo aldarrikapena Historian errotzen du.
2015, Ekainak 4
Iñigo:
Eutsi hitzen esanahi zehatzari, eta eutsi goiari!
joan mari irigoien
2015, Uztailak 3
[...] (‘Kontzejua’ eta ‘Hiria’ hitzen aldarrikapena, I) .gallery { margin: auto; } .gallery-item { float: left; margin-top: 10px; text-align: center; width: 50%; } .gallery img { border: 2px solid #cfcfcf; } .gallery-caption { margin-left: 0; } [...]