Donostia: Eskizofrenia hirigintzan

2023, Urriak 30

jolastokieta

Altza XXI Herri Ekimena

Donostiako udalaren hirigintza politika eskizofrenikotzat jo liteke. Izan ere, edozein argudio balio du hirirako dituen proiektuak babesteko, zentzu batekoak eta guztiz horren kontrakoak ere.

Adibidez, Zardoya Otiz enpresak Herreran zuen fabrikaren kokalekuan 456 etxebizitza egitea babesten ari da. Horrela defendatu zuen urriaren 4ean Tomasene Kulturetxean 100 bat bizilagunen aurrean hirigintza zinegotziak. 20.000 m²etan horrelako etxe kopuru izugarria justifikatzeko, hirigintza jasangarria egiteko modu bakarra dela esan zigun Arzalluz and.ak, hiri lurraren okupazio intentsiboa landagune eta naturgunea ez inbaditu behar izateko nahia eta agindua betetzeko modu bakarra alegia.

Atzo berriz jakin da alkateak esandakoa, Auditz-Akularren 3.000 etxebizitza eraikitzeko aukerari eusten diotela. Beraz, Zardoya eremuko masifikazioak, eta Herrerako auzokoak ondorioz, ez du landagunea ez okupatzea ekarriko. Orduan non dago jasangarritasunaren argudioa Altzako kasuan? Edo memelotzat hartzen gaituzte, edo esan bezala, proiektu jakin batzuk mantentzeko edozein gauza balio du.

Zardoyako eremuaren sustapenak, Otis multinazionalari egundoko pelotazoa emateko aukera emateaz gain, Herrera eta Altzako hiri eremua muturreko etxe dentsitate jasanezinera eramango ditu.

Kontuan izan elkarte honek egin berri duen azterketa baten ondorioz, Altzan espazio libre, parke eta lorategien estandarra biztanleko 1,92 m²koa dela, legezko gutxienekoa, betidanik, 3 bider gehiago behar duenean eta Munduko Osasun Erakundeak aspalditik 10 eta 15 bitartekoa izatea gomendatzen duenean. Eta ez dugu guk bakarrik esaten, ekialdeko barrutiak enkargaturiko Plan Estrategikoaren diagnostikoaren arabera, 2010eko Plan Orokorrak Altzarentzat aurreikusitako F10 eta F20 sailkapeneko eremuak -espazio libre eta parkeak- % 18an bakarrik eman litezke baliagarritzat, hau da, besteak ez dira konputagarri ez dutelako horretarako ezaugarririk. Hau da, ezin dela, Altzarako egin zen bezala, edozein aldapa, bazter edo lurmutur eremu libretzat sailkatu, planoan berdez margotuta. Hori ez da legezkoa eta tranpak egitea da.

Beraz, Altzako dotazio eta gune libreen eskasia ez da herritarren pertzepzio bat, soilik, datu objektiboetan demostratutako zerbait baino.

Eta, berriro diogu, egoera horretan Herrerako herri-gunean 546 etxe berri, 500 ibilgailu, 1.000 lagun, egin nahi ditu Otis multinazionalak eta udalak babestu, eta Auditz-Akularreko mendialdean 3.000 etxe, 2.000 ibilgailu eta 5.000 lagun aurreikusten ditu udalak Plan Orokor berrian? Zer da zuentzat jasangarritasuna, Goya eta Arzallus ?

Bestalde, Plan Orokorrak berak eta hirigintzako irizpide guztiak erabilerak nahasi egin behar direla esaten dute. Hau da, ez direla eremu mono-funtzionalak egin behar. Eta Jaurlaritzako Lurralde Antolaketako Zuzentarauak ere errepikatzen du ezin dela jarduera ekonomikoetako eremuak automatikoki etxebizitzak eraikitzeko eraldatu. Etxeak eta jardueretako lurra nahastuta egon behar duela.

Eta Altzan, berriro ere, udalak juxtu kontrakoa egin duela konturatzen gara: Nerecan, Rutilita, Ramon Vizcaino …. Altzan lanpostuak ia erabat desagerraraziraino. Plan Orokor berriaren Aurrerapide dokumentuak horren ondorioaz jabetzen da, kontrako joera hartu behar duela azpimarratzen du eta dugun lanpostuen defizita zenbatu egin du: lanpostu bakoitzeko 6 lagun omen gaude Altza, hiriko beste auzo batzuetan lanpostuko lagun 1 dagoenean. Beraz, arazoa detektatuta dago: Altzan lanpostuen desertizazioa; eta ondorioak ere: altzatarrek bere inguruan lan aukerarik ez izatea, eskolako porrotaren kopurua areagotzea eta gazteen lan espektatiben eza, hiriko egoera sozio-ekonomikoaren azterketak berresten duten bezala. Orain berriz, Zardoya gehitu behar ba diogu, ondorio guzti horiek udalaren hirigintza-politikaren ondorio zuzena direla esan beharko dugu eta udalaren ardura saihestezina dela ere bai. Bertan etxebizitzak egitea Otis multinazionalaren interes ekonomikoari erantzuten dio, garbi dago, baina zein da interes publikoa ? non dago Altza eta altzatarren interesa defendatuko duena?

Donostiako etxebizitza babestuen beharrak argudiatuko dituzte, baina horrek beste artikulu batentzako ematen du.

Bukatzeko, alkateak etxeak egin beharko direla esateko udalak Auditz-Akularreko eremuan lur erosketen ondorioz diru asko inbertitu zuela justifikatu du. Ez dugu gogoratuko nola egin ziren erosketa horiek, Letamendia zinegotzi zela, landa lurra birklasifikatu aurretik erosteko lasterketa zoroa burutu zenean. Horri buruz idatzi genuen eta nahi duenak hemerotekan eskuragarri du. Gainera, ez dirudi lurren okupazioa zuzendu behar duten irizpideen araberako erantzuna, ezta?

Lasaitasuna eskatu behar diogu Goya jn.ari, diru hori Altzako egora urbanistiko tamalgarria bideratzeko beharrezko pausua delako. Azken batean, azken hamarkadan udal talde guztiek onartu dute Altza hirigintzako demasa eta eraikitze kaotikoaren emaitza dela eta altzatarrek beti errebindikatu dugu erreparazioa, redotazioa, espazio berdeen osaketa beharra. Helburu horiek izan ditzake lur erosketetan egindako inbertsioak.

Orain udalak etorkizunerako hirigintza politika txukun bat egitea lehenetsi behar du, iraganeko hipotekarik gabe. Nola hitz-egingo dute bestela jasangarritasunaz?

Idazki hau egiten ari garen bitartean PSEko zinegotziak, Gamendia And.ak, esandakoa kaleratu da, Auditz-Akularren 3.000 etxebizitza egiteak ekarriko lukeen masifikazioa ez dela onargarria esanez. Poztekoa benetan ez balitz jarraian Auditz-Akularreko zelaietan parke teknologikoa kokatu behar dela esan ez balu. Altzara egitasmoak ekartzen direla ikusteko desiratzen gaude, lanpostuak sortzen direnean txalotuko dugu, baina, nola esan, Auditz-Akular ez da lekua, lekua ez den bezala 3.000 etxebizitza egiteko, arrazoi berdinengatik. Lurzoruak okupatzeko estrategiak landa-lurzorua babesteko helburua izan behar du ematen dituen zerbitzuak oinarrizkoak direlako: karbonoa xurgatzea, ur- eta elikadura-baliabideak sortzea, klima-aldaketaren aurkako borroka, etab. Kontua ez da zer jartzen dugun Auditz-Akularren, baizik eta eremu hori zaindu beharreko eremua dela, Antondegirekin erabaki den bezala, eta ia arrazoi berberengatik. Auditz-Akular naturgunea da. Parke teknologikorako beste leku batzuk daude Altzan, azalera nahikoa dutenak; adibidez, Txingurriko industrialde zaharkitua.

Etiketak:

3 iruzkin

  1. Luma

    Guztiz ados zuekin.

  2. Iñaki Ezama

    Preservamos espacios y cuál es la alternativa para construir viviendas en Altza y en Donosti? Preservamos todos los espacios? Cuánto espacio preservamos? Cúantas viviendas, dónde y cómo se construyen? Cuántas hacen falta ya y cuántas viviendas harán falta en el futuro de aquí a 70 años, por ejemplo?

  3. Laura

    Por que no construyen más en Igeldo, Ayete, Miramon?
    Cual es la densidad allí?

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Otsaila 2024
A A A O O L I
« urt    
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
26272829  

RSS

Azken iruzkinak

  • Luma
    (2024, Otsailak 17)
    «Oso oso interesgarria. »
  • Estibaus
    (2024, Otsailak 8)
    «Ez, sarrera librea da jarlekuak bete arte. »
  • zigor
    (2024, Otsailak 8)
    «Bikain. Izena eman behar da aurretik? »
  • Ekhi
    (2024, Urtarrilak 10)
    «Jaiotza oso polita da !! Eskerrik asko jartzeagatik. »
  • Olatz Ocerin Ibáñez
    (2023, Azaroak 16)
    «Egun on, soy Olatz Ocerin, arquitecta y profesora de la Escuela de Arquitectura de la UPV/EHU. Estoy haciendo un trabajo ...»

etiketak


Sarean