Ontzigintza Altzan, zertzelada batzuk

2024, Apirilak 12

Itsasontziak eraikitzeko industria garrantzitsua izan zen XVI. eta XIX. mende bitartean Pasaiako badiaren inguruko herrietan, Errenterian, Lezon, Pasaian eta, neurri apalago batean, Altzan, batez ere materialen hornikuntzarekin lotutako jardueretan, baina baita itsasontzien eraikuntzan ere, Herrerako ontziralekuaren inguruan eta Buenavistako Berratxokoan atondu ziren ontzioletan. [1]

1802-costa-de-alza

“Costa de Alza”, 1802 (1. ir.)

la-herrera-1802

“muelle de La Herrera”, “Dique del Rey para maderas”, 1802 (1. irudia)

Altzan ontzigintzaz hitz egiten diguten dokumentuen artean lehen eta azken notiziak ematen dizkigutenak aukeratu ditugu. Biak eraikuntza-materialen hornikuntzaz hitz egiten digute eta La Herrera inguruan kokatuak daude.

Lehena, 1574. urtekoa da eta Gomistegi etxearekin lotua dago. Izan ere, Gomistegiko jabea zen Berastegui lizentziadunak Donostiako Udalaren aurka irabazi zuen auzian jasotzen da nola Berasteguik Gomistegiko baso zati bat Borda kapitainari eta Juan de Ezquiozi saldu zien itsasontzi bat egiteko. [2]

Azken notizia, bestalde, 1827. urtekoa da, bi mende eta erdi pasa ondoren. Jose Antonio Altuna herreratarrak [3] testamentua egin zuen [4] eta berarekin zorretan zeudenak zerrendatzerakoan, ontzigintzarekin erlazionatutako hiru negozio agertuko dira:

  • 1805. urtean Errege Ogasunarekin egurra hornitzeko sinatutako kontrata.
  • Pasaiako Jose Ramon de Aizpurua ontzi eraikitzaileari Berracho (Berratxoko) izeneko lekuan katxemarin bat (bi masta dituen ontzi txikia) eraikitzeko materialak saldu zizkion.
  • Aizpurua berari, Cadizeko gobernuaren enkarguz, Guadalupe izeneko fragata eraikitzeko materialak saldu zizkion.

berratxokoa-1802

“Astillero de particulares”, Buenavista, 1802 (1. ir.)

Materialen hornikuntzaz gain, ontziolak ere ezarri ziren. Pasaiako badian ezarritako hamaika ontzioletatik bi Altzako eremuan zeuden kokatuak, Herreran (XVIII. mendea) eta Berratxokoan (XVIII-XIX), Buenavistan, Eskalantegi kalearen hasieran. Hauek dira ontziola horietan eraikitako ontziak: [5]

  • 1775ean Manuel de Altunak ontzi bat eraiki zuen Berratxokoan.
  • 1778ean Juan de Bousinaq-ek ontzi bat Herreran.
  • 1792ean, Ramon de Aizpurua brigantina bat Berratxokoan.
  • 1796ean Ramon de Aizpurua fragata bat Berratxokoan.
  • Carlos IVa erregeak gerra napoleonikoak amaitu ondoren bi fragata enkargatu zituen Berratxokoako ontziolan, Rey Carlos (1800) eta Santo Domingo (1803).
  • 1804ean Ramon de Aizpurua ‘La Guipuzcoana’ brigantina Berratxokoan.

Zerrenda horretan Ramon de Aizpurua (1786-1808) maisu eraikitzailea nabarmentzen da, Berratxokoan eta Pasaian hainbat korbeta, fragata, brigantina eta bestelako ontziak eraiki baitzituen Amerikako kolonien merkataritzarako eta baita Filipinetako Errege Konpainiarentzako. [6]

Itsasontzien eraikuntzan langile asko kontratatzen ziren. Adibidez, 1781. urtean Pasaiako Bizkaia auzoko ontziolan “San Fermin” ontzia eraikitzeko 150 arotz baino gehiago kontratatu ziren, horien artean sei altzatarrak, Pedro de Elizalde, Josef de Larrachao, Manuel de Echarri, Marcial de Zapirain, Manuel de Anabitarte, eta Pedro de Gorostiaga. [7]

1927_31

Belaontziak La Herreran (2. ir.)

Erreferentziak:

[1] ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes: “La construcción naval en Gipuzkoa. Siglos XVI-XVIII“, in Itsas Memoria, 2, Untzi Museoa 1998, 93-146 orr.

[2] Hitz hauekin azaldu zuen Berasteguik aurkeztutako Domingo de Igola lekukoak bere testigantza: “el dicho liçençiado e sus passados an cortado los arboles de la dicha tierra e este testigo e su padre como maestros carpinteros an sido e cortar parte de la arboleda de las dichas tierras agora puede aber treinta años y despues aca y espeçialmente dicho liçençiado litigante de seis o siete años a esta parte a bendido parte del monte de las dichas tierras al capitan Borda defunto e a Juan d´Ezquioz a cada uno para hazer su nao y la leña bendio a Lorençio de Aliri e su muger“. Donostia, 1574-10-7. Gomistegi eta Martibono dela-eta Donostiaren aurkako sententzia. Donostiako Artxibo Historikoa, San Millan eta Villalegreko Markesaren Artxiboa funtsa, 93. kutxa, 54. zenbakia, 36. or. atz. Ikus LANDA IJURKO, Iñigo: «Engomeztarren jabetzak La Herreran (1467-1574)», In: Altza, Hautsa Kenduz V (1999), 141-176 orr..

[3] Altuna familia XVIII. mende hasieran errotu zen Herreran, Herreria etxeko jabea ziren eta haien abizena daramate Altunaene eta Altunaberri etxeek; lehenengoa Toporen tunela zaharraren ahoan zegoen eta beste zutik dirau, utzia, J. Elosegi hiribidean. Jose Antonio Altunari buruzko hainbat ohar genealogiko eta dokumentalak hemen, Patxi Lazcano Sorzabalek egina.

[4] 1827-01-11. Altza Herrian jaioa eta auzokidea den Jose Antonio de Altuna jaunaren testamentua. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa 3/0035, A: 136.

[5] ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes: Construcción naval en el País Vasco, siglos XVI-XIX. Gipuzkoako Foru Aldundia 2002; 39, 167, 363-375  orr.

[6] Ibidem, 39 eta 167 orr. Aizpuruaz gain, beste ontzi eraikitzaile ospetsu baten izena aipa daiteke, Juan Bauptista de Donesteve (1704-1787). Pasaiako badian ez zuen ontzirik eraiki baina guretzako kontuan hartzea merezi du berak proiektatu zuelako Herrerako ontziralekuaren birmoldaketa, egurren kontserbazioa ziurtatzeko. (Ibidem, 242-243 orr.).

[7] ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes: “La industria naval guipuzcoana y la producción de navíos para el Rey (1650-1799)“, in Boletín de la RSBAP L-1, 1994, 35 or..

Irudiak:

1. irudia: “Plano del Puerto de Pasages / S. Sevastian 8 de Septiembre de 1802. Josef del Solar” planoaren xehetasunak. Archivo Cartográfico de Estudios Geográficos del Centro Geográfico del Ejército, Ar.F-T.2-C.2-229.

2. irudia: Belaontziak La Herrerako kaian amarratuak, 1920. urte aldera (Argazkia: Pasaiako Portuko Agintaritza)

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»
  • Fernando Etxauri
    (2024, Urriak 20)
    «La zona Este de Donosti (Altza,Bidebieta,Herrera,Trintxerpe) esta totalmente abandonada ,y coaccionada por el Ayto y la APP »

etiketak


Sarean