Gure hiri ondarearen alde
Altzako kaleetan badira hainbat eraikin arkitektura ondarearen aldetik baliotsuak; ezezagunak batzuetan edota gutxietsiak besteetan, poliki-poliki desagertzen ari dira. Hortxe ditugu industria eraikinak eta ‘hiri lorategiak’, adibidez, baina oraingoan arreta berezia izan nahi dugu eraikin multzo jakin batekin: XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran eraiki ziren jauretxe dotoreak.
Eraikin hauen berezitasunaz jakitunak ziren egin zituzten garaian. Pikabearen “Álbum gráfico-descriptivo del País Vascongado” liburuan, adibidez, 1915. urtean argitaratuta, etxe hauek nabarmentzen dira garaiko Altza modernoaren ikur gisa: “En el día es Alza una de las villas importantes de Guipúzcoa. Cuenta con 2.683 habitantes y hermosean en su término gran número de villas, chalets y residencias particulares de elegante estructura.”
Kaleko ondarearen suntsitzea, baserrikoa bezalaxe, antzeko jarraibidea izan dute eta daukate: ondarea degradatzen eta doilortzen utzi, azkenean hura eraisteko eta haren ordez eraikin berriak jaso bolumenak eta etekinak biderkatuz.
Funtsean dagoen arazoa sinplea bezain konplexua da: nola egokitu eta adostu ondarearen babesa hiriaren gaurkotze beharrarekin, nola modernizatu natura eta historia zainduz. Tamalez, orain arte ikusi dugunak esaten digu etekin ekonomikoak gauza guztien gainetik egon direla eta, salbuespenak salbu, ez dira aintzat hartu ondarea babesteko irizpideak. Ondarearen jabeek, jakina, eskubidea daukate bere jabetzaz gozatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko, baina jakin behar dute jakin ere ondare horren doilorkeriaren kontu ezin izango dutela diru-jana egin. Botere publikoei dagokie muga hori jartzea eta zaintzea, baina, tamalez, ondarearen babesean axolagabekeriaz jokatu dute batzuetan edo suntsiketan lagundu dute beste askotan.
Orain dela gutxi, “Asociación en Defensa del Patrimonio Cultural de San Sebastián” elkarteak Ategorrietako Villa Rosario eraikinaren alde bultzatutako ekimen bati babesa eman dio gure elkarteak, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartearekin batera. Ekimen hori ahalegin berri bat da ondarearen suntsiketa geldiarazteko eta pentsaera aldaketa baten aldeko apustua, ikuspegi integratzaile baten alde, non hiriaren garapenak aintzat hartzen ditu natur eta kultur ondareak, non aurrerabideak dakartzan aldaketak bat datozen pertsonekiko errespetuarekin, pertsonen espazio eta historiarekin.
Aurkeztutako helegitea (gaztelaniaz) hemen.