Luzuriaga aldeztu
DONOSTIAN ERAIKITUTAKO ONDARE URBANISTIKOAREN BABESPENAREN PLAN BEREZIARI
ANTXOTARROK HISTORIA MINTEGIAK
ARRAZOIBIDEZ
PASAI ANTXOKO LUZURIAGAKO BULEGOEN ERAIKINAZ EGITEN DION ALDEZTUA
Pasai Antxoko lurretan eraiki zituzten Luzuriagatarrek beren galdategia, beren xaiak, beren estalpe mekanikoak, eta Pasaiari, Antxori bereziki, hartu zizkioten lurra, airea, ura eta izerdia. Industria handi haren guztia egon zen Pasaian, Donostia udalerriaren mugapean altxatu zuten Bulegoen Eraikina izan ezik. Hementxe edo hantxe dago oraindik -Donostiatik ari garen edo Antxotik ari garen- eraikin bikaina, Eskalantegiko eskuin espaloian, Donostiak Pasaiarekin erdi bana daukan karrikan.
Esan bezala, pabiloi hau Donostiaren muga-lerroa da ekialdean, Bulebarretik urrun, Urumea ez baina Pitxitxulo errekasto kutsatuaren ondoan. Baiki, Pasaiak galdategia pairatu behar izan zuen, baina zergak Donostiak jaso zituen. Erran gabe doa Luzuriaga, oro har, eta eraikin hau zehazki, munta handiko kontua dela pasaitarrentzako, ia mende bete lan eta langile (1918-1994).
Donostiako Udalak ontzat eman du berriki Eraikitutako Ondare Urbanistikoaren
Babespenaren Plan Bereziak ondare babesgarritzat hartu dituen eraikitutakoen zerrenda eta, damurik, ez da bertan ageri Luzuriagako Bulegoen Eraikina.
Luzuriaga, ordea, eraikin berezia da eta lehen mailako ondare sozial eta historikoa Oarsoaldea guztian, eta etorkizunerako tresna Pasai Antxorako.
Horregatik, eta Donostiako Udalaren ERONURBAPLANBE horren Batzorde Hautatzaileak berak erabili omen dituen irizpideetan oinarriturik,
ALDEZTU HAU AZALTZEN DUGU
HONAKO ARRAZOIBEDEEN INDARREZ
1
BALIO HISTORIKOA
“Joera estilistiko baten parte izatea”
Luzuriagako Bulegoen Eraikinak garatzen ari den estilo bat erakusten du: halako kutsu ofizial bat dauka, sasiklasikoa pilastretan, baina eraikin luze honen ertzak biribilean amaitzen dira, eta horrek xarma ematen dio, nortasuna, nabarmendu nahia, edergailuak eta modernismoa batuz (zuriz pintatuz gero, albotik ikusita, donostiar koxkero bati Nautiko erraldoi bat irudituko litzaioke). Baliabide desberdinak erabiltzeko ausardia honek bihurtzen du Luzuriagako Bulegoen Pabiloia eraikin berezia, eklektikoa eta berehala gailentzen dena bere garaikoen artean (berrogeiko hamarraldia) eta ondokoetan.
2
BALIO ARKITEKTONIKOA
“Nolabaiteko konplexutasuna duen
eta objektibizatzeko zaila den kontzeptu bat izanik,
kasu bakoitzarekin zerikusia duten beste eraikin batzuk hartuko ditugu erreferentzia gisa.”
Ez dakigu zein izan diren ERONURBAPLANBEk eredu erabili dituen eraikinak objektibotasunera hurbiltze alde Luzuriagako Bulegoen Pabiloiaren aurrean. Interesgarria izango litzateke jakitea zein izan diren kasu honekin lotutako eraikinak, eta non dauden.
“Nazio mailan zein nazioarteko esparruan
ebaluatzen da sasoi bakoitzeko eraikinik garrantzitsuenekin edo aitzindariekin alderatuta.”
Donostiak, Gipuzkoak edo Euskal Herriak garai modernoetan eraikin aitzindariak izatea, gure uste apalean, gehiegitxo eskatzea da. Baina benaz sinesten dugu Luzuriaga Bulegoen Eraikinak baduela nortasunik Donostian oraindik zutik dauden eraikin industrialetan. Zer esanik ez Buenavistatik Errenteria bitartean daudenetan, horixe baita bere ingurua.
“Balio arkitektonikoaren barruan,
oin planoaren antolamendua eta fatxadaren diseinua barnean hartu behar dira.”
Luzuriagako Bulegoen Eraikina, 101 metro luze eta 11 metro zabal, karrikaren paralerroan dago, espaloiaren joanean eta bertatik duela sarrera, muino txiki bati bizkarrez, alegia, jendearen ibiliaren ikusmiran eta ekialdera emana naturak edertutako atzealde batean.
Oinaren antolaketa, gaingiro adierazita, argia profitatzeko egina da. Leihadura handi batzuek finkatzen dute laborategiaren eta delineazio eta diseinuaren aretoen lekuak, lehen solairuko espazio zabalenak. Erdiko gorputzean daude zuzendaritzari atxikitako bulegoak. Bigarren solairua bulego erregularragoek osatzen dute, behekoak bezain eguzkitsu. Komunek eta biltegi-artxiboek hartzen dute eraikinaren sartaldea, atzeko fatxadara. Solairuek korridore bana dute eraikinaren alderik alde.
Fatxada nagusiak, beraz, 101 metro ditu, berezi samarreko gauza gisa honetako eraikinetan. Ez da orubearen nolakoari egokitu beharraren ondorio hutsa, ikertutako eta irizpide egokiz hautaturiko aukera baizik: solairu bakoitzaren goratasunean dauden ardatz horizontaleko banoek hausten dute fatxada luzeran, eta erdiko gorputzean sei zutabe enpotratu altxatzen dira, -arestian aipaturiko lanketa neoklasikoarekin txapituletan- zazpi bano-ardatz sortuz. Erabaki estilistiko honek halako nortasun berezia ematen dio fatxadari, eraikin industrial gutxik daukatena. Itxura horrekin, erakunde ofizialen bat izan zitekeen, artearen tenpluren bat, museoren bat.
3
ERAIKUNTZA BALIOA
“Normalean, eraikuntza sistemaren kalitate maila uniformea da obra osoan;
eta hala, fatxada ikusita zer baliabide erabili den hauteman daiteke.”
Luzuriagako Bulegoen Eraikina ikusiz, erraz atzematen da ez dagoela inolako espanturik. Lanketa estilistikoa zentzuz egina da, neurriz, girgileria eta gehiegikeriarik gabe. Honek modernotasuna ematen dio, ez du antzinako kutsurik. Fatxadak eragiten duen ustea, dotoretasun eta sendotasunarena da.
“Normalean, kalitate arkitektonikoari eraikuntza kalitatea batzen zaio,
baina, kasu batzuetan, korronte jakin bateko adibide on eta egokietan akabera
pobreak eta baliabide gutxikoak ikusten dira, baita, alderantziz,
denboran desfasatuak baina materialen eta dekorazioaren arloko nolabaiteko handikeriaz egindakoak ere.”
Ez da, gainera, “uste” hutsa, errealitatea da. Luzuriagako Bulegoen Eraikina galdategi baten manuz egina da, eta hark berak emandako materialarekin: urte haietan (Bigarren Mundu Gerra) Luzuriaga lan gehiena egiten zuten enpresen artean zegoen, burdina kopuru handiak urtuz Alemaniarako. Eraikinaren egitura aluminosia eta antzekoen kontra-pozoia hartua da. Hori bazekien Donostiako Udalak utzi egin zionean Visesari beheko solairuaren pareta harresi-oinarri bezala baliatzeko.
4
HOMOGENEOTASUNA; ORDENANTZA BATERATUAK
“Multzo homogeneo baten parte izateak balioa ematen die eraikinei,
banan-banan balio handikoak ez izan arren.”
Alderantzizko eredua da Luzuriaga Bulegoen Eraikina: ez da ezein multzo homogeneoren zati, eta nolabaiteko hiri-jarraitasun bat daukan arren, bakartua dago. Ez du erraz baliogabetuko inguruan egiten ahal zaion ezerk.
5
HIRI INTERESA
“Hiriko zenbait kokaleku bereizik, hala nola kantoiek,
etxadi buruek, aurrealde irekiek eta eraikin isolatuek,
kale batek ematen duen perspektiba baino perspektiba handiago batetik uzten dute agerian eraikina.
Toki horiek okupatzen dituzten eraikinetan, hirirantz edo ikuspegi zabalagoetarantz ematen duen aldea, batzuetan, eskala handiko formekin ebatzita dago,urruneko ikuspegietarako pentsatuta.
Zilueta eta erremateko elementuak hiriko irudi bereizgarri bihurtzen dira,
eta hiriko paisaiaren parte bihurtzen dira (Bellas Artes, Londres hotela,
Kolon Pasealekuaren hasiera, Mendeurreneko arranoaren eraikina, eta abar).”
Garai batean Donostia hiriaren irudia gaztelua izan zen, gero portua, beranduago hondartza eta hondartzaren ibilbideko eskudela (Luzuriagan galdatua, Kursaal eta Santa Katalina zubietako eta Bulebarreko eta Gipuzkoa plazako farolak bezala…), gaur egun Haize Orrazia gailendu da. Irudi horietan bakarra ere ez da eraikina.
Baldin eta kontua bada Donostia-Hiria esaten zaion horren berezitasuna areagotzea ekarriko duena bakarrik hartzea Udalaren ardura bezala, ez dago zer duda egin Luzuriagako Bulegoen Eraikinak ez daukala inolako interesik.
Irudi luke Donostiak bazter utzi duela harresiaz haratagoko Donostia, ez duela berea bezala hartzen hiritu eta hirigarri izan litekeen perimetro barruan ez dagoena, udalerri barruan egonagatik. Batekoz besterako polita, egia esan: Donostiako udalak berak ahaleginak egiten ditu bere inguru osoa, eta are urrunagokoa ere, “Donostialdea” izan dadin, Topoa den “Metroa” bezala…
Donostiaren hiribarnetik hausnartuta, onar liteke Luzuriagako Bulegoen Eraikina “hiria” ez izatea; Antxo den basatza hiritutik hausnartuta, zaila dago hiribarneko eraikinik eraikinena ez izendatzea.
6
ARKITEKTURA GARAIKIDEA
“Perspektiba historiko horren gabeziaren ondorioz,
ez dago behar besteko denbora perspektibarik
arkitektura garaikidearekin lotzen diren eraikinen balizko kultura eta ondare interesa ebaluatzeko.
Gauzak horrela, eta hainbat eraikin garaikideen interes arkitektonikoa auzitan jarri gabe
(esate baterako, Ramon Mª Lili 3 eta 4eko, Usandizaga 2ko eta Agirre Miramon 1eko bizitegi eraikinak; Kursaala; Antiguako Ertzaintza etxea; Merkataritza Ganbera; Loiolako Erriberetako eliza; eta abar),
ez da horien kultura eta ondare interesa zentzuz eta zuhurtziaz ebaluatzeko behar besteko denbora pasa.
Hori dela eta, salbuespenak salbuespen,
Plan Berezi honek 1950. urtean finkatu du katalogaziorako gehieneko epea.”
Ricardo Olaran ingeniari-arkitektoak 1943ko maiatzaren 5ean aurkeztu zuen Luzuriaga Bulegoen Eraikina Donostiako Udalean. Hurrengo urtean mustu zen.
Olaranek, Donostian finkatu eta familia bertan sortutako arrasatearra, Jose Mª Arizmendiarrietarekin kolaboratu zuen kooperatibismoaren hasieran, pabiloi industrial ugari egin zituen, Gipuzkoan izan genuen aurreneko monumentu abstraktua eraiki zuen, eta Gipuzkoak unibertsitate publiko bat izatearen aldeko mugimenduaren bultzatzaileetakoa izan zen (hirurogeiko hamarraldia) Carlos Santamaria, Luis Mitxelena eta Manuel Agud Querolekin. Eraikin hau da, Luzuriagako Bulegoen Eraikina, berez eta legez hain baztertua egon behar ez lukeen arkitekto garrantzitsu honen obratik geratzen den bakanetakoa.
7
INGURUNEAREN BALIOA
“Hirian, banako edo berezko balio arkitektonikorik ez duten,
baina kokatuta dauden ingurunean zeregin adierazgarria duten eraikin ugari dago,
eta, horrexegatik, garrantzia dute ingurune horren konfigurazioan.
Horretan datza eraikin horien konfigurazioa edo irudi orokorra zaintzeko interesa.”
Luzuriagako Bulegoen Eraikinak, berezitasun arkitektonikoez gain, zertasun esanguratsu eta adierazgarria dauka dagoen lekuan egonik, eta ingurua finkatzen laguntzen du. Antxoko barrutiak interesa dauka herri langile, saiatu eta popularraren irudia ez galtzeko. Eraikin honek ekarri bikaina egin lezake Gipuzkoako bazter deprimituenetako bat baliotan jartzeko.
8
ERAIKIN BERRITUAK
“Gerta daiteke beste eraikin batzuk gaur egun katalogatu behar ez izatea
edo horien zati bat soilik katalogatu behar izatea (nahiz eta aurretik katalogatu behar izan),
eraitsi eta jatorrizko egoera halamoduz berrinterpretatzean.”
Luzuriagako Bulegoen Eraikinak berriztapenak behar ditu, noski, baina ez birmoldatzeak edo berrinterpretazioak. Berezko ezaugarri nagusiek iraun egingo dute, bakar bat ere ez baita traba eraikinaren beste erabilera baterako.
9
INTERES KOLEKTIBOA
“Zenbait kasutan, eraikin baten banako interes arkitektonikoari interes kolektiboa eransten zaio,
hau da, hiri multzo arkitektoniko interesduna,
autonomoa eta bereizia osatzen duten eraikinen eta espazioen baturaren ondoriozko interes kolektiboa.
Interes kolektiboa multzoak jatorritik bertatik duen proiekzio eta konfigurazio bateratuarekin lotu ohi da.
Interes horri multzoaren berezitasuna eta hirigintza balioa edo balio arkitektonikoa gaineratu behar zaio,
beti ere gaur egungo ikuspegitik.”
Luzuriagako Bulegoen Eraikina ez dago multzo batean txertatua. Multzo bat adinako bikaintasun bakartia da, berez interesgarria, autonomoa eta ikusgarria.
10
BESTE ELEMENTU INTERESDUN BATZUK
“Plan Berezi honen arreta, hein handi batean, hiriko eraikuntzetan oinarritzen den arren,
beste mota bateko elementuak ere arretaren mende daude
haien kultura eta ondare balioarekin lotzen diren arrazoien ondorioz.
Arrazoi historikoen, tipologikoen, diseinukoen, eraikuntzakoen eta beste arrazoi batzuen ondorioz aipatutako balioa duten parkeak, espazio libreak, plazak, pilotalekuak, hiri altzariak eta antzekoak
babestu egin beharko dira.”
Hiria, parkeak, esparru libreak, enparantzak, hiri altzaria…
Horrelako hitzek eta hitz horiek adierazten dituzten errealitateek ez daukate lekurik Azkuenen, Errotetan edo Molinaon, baina horrek ez du esan nahi Donostiaren periferiak, Donostiako Udalak lekukotza industrial oro banan-banan suntsitzeko politika burutu duen arren, kultura eta ondare baliorik ez daukatenik. Luzuriagako Bulegoen Eraikina da bat.
Pasai Antxo, planoan ikusita, gaur Donostia den Altza udalerriaren luzapena dirudi. Ez da harritzekoa, bere lur eremuaren murritza dela-eta, mugak Donostia eta Errenteria aldera gaindituz garatu behar izana. Donostia udalerriaren mugan dago, zehazki, Luzuriagako Bulegoen Eraikina: eraikinetik irten eta espaloia gurutzatzea Donostiatik irten eta Pasaian sartzea da.
Donostiako Udalak, Eraikitutako Ondare Urbanoa Babesteko Plan Bereziaren bitartez, bere interesik eza erakutsi du ondarea babesteko -era sinbolikoan besterik ez bada ere- benetan merezi dutenentzako, alegia, pasaitarrentzako eta bereziki antxotarrentzako, beraiek baitira Luzuriaga galdategia mende batez jasan eta iraunarazi dutenak.
BABESTEKO PLANAK
BI HUTSUNE LARRI
Donostiako Udalaren interesik ezak, gure iritziz, Babesteko Planaren bi hutsune larritan du sorburua: “URBANOA” zer den erabakitzeko IRIZPIDE MURRITZAILEA eta, horrekin lotua, “ONDAREA” zer den erabakitzeko IRIZPIDE TEKNIZISTA.
IRIZPIDE MURRITZAILEA
Zer adierazi nahi ote du batzorde horrek “hiria” hartzen duenean ahotan? Erabakien berri ematen duen txostenean aipatutako eraikin eredu eta adibide guztiak (guztiak!) Donostia-Zentroko eraikinak dira. Ez da kasualitatea. Aitzitik, Planaren txostenaren lehen orrialdea apaintzen duen irudia Bella Easo topikoaren hainbatgarren errepikapena da: baiki, Nautikoa da… Nolako asmoa iragartzen du.
Planak hiri-postalaren tradizio lizundua jarraitu du, zentroa gainbaliotuz eta periferia baztertuz, horrek dakartzan ondorioekin “beste(lako) donostiarrentzat” eta mugakide diren herrientzat
Donostiako Udalak ezinezko lidergoa hartu nahi du, ez baita gauza ikuspegia zabaltzeko eta parte-hartzea sustatzeko, 2016ko Kultur Hiriburu gisa esloganetan eta marketin txostenetan adierazten duenaz bestera.
IRIZPIDE MURRITZAILEA
Babesteko Plan honen irizpide zerrendan ez da behin ere ageri IRIZPIDE SOZIALA. Bere irizpidea GIZATASUNIK GABEKOA da, eraikinak estetikaren eta eraikuntzaren alderdi hutsetik hausnartu behar diren kutxak balira bezala, eta ez gizakiaren jardunaren erdian kokatuak dauden esparru bizi eta bizigarriak, alegia, Babesteko Planak ez duela ulertzen urbanoa deritzan guztia gizakiaren lana eta ondarea dela.
Horrenbestez
SALATU EGITEN DUGU
Donostiako Udalak, eta zehazkiago bere Gobernu Taldeak HUTS EGITEN DIOLA BERE ARDURARI eraikitutako ondarearen babesean.
Pasai Antxo, 2013-05-31
Jabi Zubizarreta
Idazkaria
ANTXOTARROK HISTORIA MINTEGIA
Zumalakarregi, 9
20110 Pasaia
2013, Irailak 26
Hola, me he enterado de la existencia de este singular edificio, e investigando, he visto que han enterrado la primera planta, si se restaura lo desenterraran y pondrán rampas para entrar por la puerta, si hacen otra nueva dañan el diseño original, y espero que lo conserven tal y como era.
Espero vuestra respuesta.
Victor
2013, Irailak 27
Hola Victor. Compartimos tu opinión, pero, lamentablemente, el edificio lo han dejado fuera del catálogo de protección del patrimonio de San Sebastián y las perspectivas, por tanto, no son nada halagueñas. Habrá que seguir reivindicandolo. La asociación Antxotarrok Historia Mintegia trabaja de lleno por su recuperación. Puedes seguir el tema con más detalle en la página http://www.antxo.com, apartado “Luzuriaga”. Saludos.