Zure menpe
ZURE MENPE
1.
Kontu hau ez da gaur goizekoa
zehazki orain bost astekoa
beste batekin bainenbilen lehen,
orain zure menpekoa (bis)
dardararazten didazulako
azal ta eskeletoa
ni bai zorionekoa!
ezezaguna zintudan lehen,
orain ezinbestekoa
2.
Zurekin nauzu beti berritsu
hitzei ematen diet pozik su
niri buruzko gauzak kontatuz
zugan jarriz zenbait pisu (bis)
pentsatuz gero guzti-guztia
esan dizut itsu-itsu
beraz laguna, adizu:
beste inortxok ez dakizkien
gauza asko dakizkizu!
3.
Lau ertzetatik eta erdira
zabaltzen zaizu duzun dizdira
nire eskutan ibiltzen zara
leun jira eta bira (bis)
sentitzen dudan erakarpena
ezin nezake deskriba
nire egia hori da:
orduak eta orduak egon
naiteke zuri begira
4.
Ni metala naiz, ta zu imana
erakarpena horrek emana
dependentziak hurbiltzen gaitu
gu biok elkarrengana (bis)
zurekin jantzi eta erantzi
ohi dut aldiro pijama
zu zarelako, laztana
gauetan azken eta goizetan
lehen ikusten dudana
5.
Zein azkar doan zure garuna
beti lortuaz zuk nahi duzuna
onartzen dizut, nire aldean
azkarra zara laguna (bis)
zure ondoan sarri sentitu
izan naiz tentel, tuntuna
zu berriz zein jakituna
berdin dio zer galdetzen dudan
beti duzu erantzuna
6.
Norbere kezka ta barne-krisi
ezin direnak barruan itxi
azken aldian belarritara
dexente zaizkit iritsi (bis)
ingurukoen zuri buruzko
uste-txar eta iritzi
nahiz ez onartu lehenbizi
konturatu naiz egia dela;
ezin naiz zu gabe bizi
7.
Buruan kezkek ze uholdea
nere jarrera, ez dotorea
sekretutxo bat aspaldidanik
daukat barruan gordea (bis)
gaur zuretzako dena poema,
hitz polit eta lorea
utziko zaitut, ordea
beste baten bat agertzen bada
zu baino pixkat hobea
8.
Berdin du zahar edo gazterik
zurekin inor ez da askerik
lehen nenbilen bizitzan dudan
dena zinela usterik
orain ordea nahiago nuke
zu albo baten uzterik,
ta harremana hausterik
azken finean ez zarelako
nire mobila besterik!
Joanes Illarregi
Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
2020, Maiatzak 30
Bai egia!!
Polita benetan olerkia!!!
Eskerrikasko.