Lurdes Zapirain Elizalderi herri omenaldia
Joan den larunbatean, hilak 23, Korrikak Altza zeharkatu zuen eta horretaz baliatu ziren Lurdes Zapirain Elizalde euskara irakasle eta euskaltzalearen lagun, lankide, ikasle ohi eta senideak, merezitako omenaldia egin eta Korrikaren kilometro bat eskaintzeko. Irudiaren gainean klik eginez ekitaldi osoaren bideoa ikusteko aukera daukazue, eta segidan ekitaldian Arantza Cerezok Lurdesi eskaini zizkion hitzak irakurri eta Luis Mari Rallak kantatu zion bertsoa entzun dezakezue.
HARRO, Lurdes!
Familia erdaldunean jaio nintzen: ama Oreretakoa, aita Errioxakoa. Hainbat arrazoi tarteko, biak euskaragabeak mingainean; bihotzean, berriz, euskaltzale peto-petoak.
Garai hartan eraldatzen ari ziren Altza herria, eta, Donostiako Alza auzoan jaiotakoa ni, zaila izan nezakeen euskalduna izatea. Are gehiago, kanpotik zetorren familia batean jaiotakoa bainintzen.
Herri Ametsa ikastolaren hastapenak ziren orduan, baina gure etxeko ekonomia urria zenez, gure gurasoek nahi eta ezin! Beraz, A ereduko eskola publikoaren alaba naiz. Eta, gainera, baserritar herri euskalduna izatetik langile auzo gaztelaniaduna izatera pasa zen eremuan bizi nintzen. Ni gaztelera hutsean, noski! Arazorik gabe!
Guraso euskaltzaleak izatea, ordea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ikastolara ezin, baina garai hartako gau-eskolara jo, eta beraien seme-alabentzat eskolaz kanpoko euskara eskolak antolatu zituzten. Hala, beste umeek musikari edo saskibaloiari eragiten zieten bitartean, ume gutxi batzuok “gure” ez genuen hizkuntza bat ikasten hasi ginen. Gurasook eleaniztasunaren aitzindari!
Eta hantxe, eta garai hartan, ezagutu genuen elkar Larratxoko eskola publikoan. Edukiak memorizatzeko prestatuta zegoen sisteman jarduna bukatu ondoren, txirrinak jo, eta zurekin, eta zure metodologiarekin, elkartzen ginen astean bizpahirutan. -”Ama, atea”. -”Ireki ezazu, ba”. Egunez egun eta urtez urte loro moduan errepikatzetik, zure horma-irudiak aprobetxatuz euskaraz istorioak asmatzera pasatzen ginen inongo arazorik gabe. Eta artean, euskara guztiz arrotz genuen oraindik. Harrigarria! Txirrinak eragingo ote zuen misteriozko aldaketa hura?
Eta hantxe batzen ziren bi munduak. Nerabezaroan sartzekotan ziren neska txoro gaztelaniadun gutxi-gutxi batzuk, eta nerabezarotik atera berria zen emakume langile eta ausart euskalduna. Hantxe bertan! Garaiko eta gaur egungo gure bi errealitateak: Altza herria eta Alza auzoa. Naturaltasun osoz Larratxoko eskola publikoan.
Geroztik, bide luzea, eta zenbaitetan malkarra, egin dugu euskararen alde Altzan zein AEKn. Saiatu gara sikiera; gehiegitan asmatu ez! Baina zuk eta biok badakigu saiatu eta saiatzen garela.
Laster merezitako erretiroa hartuko duzu, eta horregatik elkartu gara plaza honetan zure familia, lagun, lankide eta ikasleok. Eta, horregatik, honako opari hau egin nahi dizugu: zur/gure Altza kaskoan, 23. Korrika Euskararen lekuko eramatea; gu guztion partez, euskararen transmisioa inork baino hobeto irudikatzen duzulako.
HARRO, Lurdes! Altza HERRIA euskaldunagoa egin duzulako.
Arantza Cerezo
Oles beroa Lurdesi
23. KORRIKAREN ekitaldien barruan, Altzan eta euskararen bidean, altzatar batek beste altzatar bati aitortza honen lekuko gisa, Lurdesentzat osatutako bertsoaren eskaintza.
Entzun oles-beroa-lurdesi
Oles beroa Lurdesi
altzatar peto-petoari,
leial, zintzo eta maitekor
beti jaioterriari,
hizkuntzari eman diozu
zenbat lan, zenbat opari,
euskara eta Herria
batu zaizkigu denori.Aitortza publiko honek
goxatzen digu orori,
erretreta merezita
ZORIONAK, nola ez, zuri,
bidaide izan zarenez
aberastu gara elkarri,
besarkada estu bat eta
eutsi gogoz bizitzari.Luis mari Ralla