Bizi eta hil, Donostian ala Altzan

2026, Otsailak 17

txabolismoa-altzan

Barrutiko Elkarteak

Izu-ikara batek astindu gaitu jakin dugularik Altzan txabola batean lo egiten ari zen pertsona bat sutan kiskalita hil dela, eta ustez herrialde txiroetakoak diren egoerak ekarri dizkigu gogora. Baina EZ. Donostiako ekialdean gertatu da, hiriburuko aldirietan; izan ere, badirudi ez dela gauza bera Donostian ala Altzan bizitzea, eta, are, hiltzea ere.

Hain larria izan den gertaera honek irakurketa sakon bat eginarazi beharko liguke, ez errudunak bilatzeko, baina bai erantzukizunak eta norabide aldaketak topatzeko, berriro gerta ez dadin, noski.

Pertsona honen heriotza gordinak agerian uzten du baden eta Altzan dagoen errealitate bat, Ijentea kaletik, Askatasunaren Etorbidetik edo Boulebarretik ikusi ez arren.

Altzatarrok jakin badakigu badirela baldintza kaskarretan, txabola miserableetan, bizi diren etxerik gabeko pertsonak, eremu narriatutan, izan Zardoiako pabiloi zaharretan, edota landa eremuan.

Udala aspalditik ari da kaleratzen etxegabeak eraikitzekoak diren eremuetatik (Infernua, Añorga Txiki, Martutene eskola, Zardoia), horrela “arazoa” desagerraraziko duela erakutsi nahian, baina alfonbra azpian ezkutatu besterik ez du egiten. Dirudienez, eraiki asmo duen eremu horietan, “zenbat eta okerrago egon, orduan eta hobeto udal interesentzat” politika darama aurrera Udalak. Degradazioa onartzeko estrategia hori, batzuetan jabetzak berak  onartua, salatu behar dugu; Zardoian gertatu bezala, ingurua narria dadin uzten dute  degradazio horrek auzotarren arteko istiluak eragin ditzan, horrela, zenbaitek eska dezaten behingoz esku hartzeko eta eraikitzeko, eremua “garbi” ikusi asmoz. Eta horrela bi errealitateko hiria elikatzen jarraitzen dute, batetik, jaun feudal milioidunena; eta bestetik, txabolismoarena. Benetan larria da.

Aste honetan, pertsona bat hil da Altzan, Auditz-Akularreko landa eremuan, hotzak zegoelako piztutako suak erreta.

Hausnarketa zentratzen saiatuz, azpimarratu behar dugu Altzan, auzoetako elkarte guztiok, bat gatozela ingurua BERRONERATZEKO premiarekin. Aspalditik, duela hamarkada asko, ari gara hori eskatzen. Aldagai negatiboen sailkapenean Altza lehena da: biztanleko errenta txikiena, biztanle dentsitate handiena, ikasketa maila txikiena, eskola uzte goiztiarraren intzidentzia handiena, langabezia tasa handiena, inguruan lanpostu gutxien duena. Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Hiri Kalteberatasunaren Inbentarioan (2023) adierazitakoaren arabera, Altza “oso kalteberatasun sozioekonomiko handiko” hiri eremua da. Baita Sustapena udal elkartearen azken barometroan ere. Lokimica enpresak 2024an udalarentzat egindako txostenaren arabera ere, arratoi gehien dituen auzoa gara, biztanle dentsitate handiagatik, eraikuntza zaharrengatik, mantentze egoera txarrean dauden eremuengatik eta hondakinen kudeaketa desegokiagatik.

Rankingarekin jarraituz, hiriko biztanle bakoitzeko espazio libreen estandar txikiena dugu (1,78 m²/biztanleko), hiriburuan baino ekipamendu komunitario eta zerbitzu publiko gutxiago, kultura programazio apalena, eta etxebizitza berriak eraikitzeko udalaren presio handiena (2022ko Aurrerapenaren arabera, badagoen etxebizitza parkea % 50 haztea). Eztarriko zulotik behera irentsiarazita.
Gure ustez, politikari jakin batzuei gure etxebizitza beharra interesatzen zaie soilik balio badu justifikatzeko eraikuntza gehiago, porlan gehiago, hormigoi gehiago, eraikuntza enpresen fakturazio handiagoa eta higiezin sustatzaileen onura handiagoak; eta boto gehiago lortzeko, gainez egindako eta gutxietsitako komunitateari ondorio kaltegarriak eragin arren. Horretarako gara Donostiako atzeko patioa, zentroan nahi ez den guztia bertan kokatzeko.

Batzuentzat  ez da garrantzitsua hiriaren alde honetan gertatzen dena; garai hauetan ez lirateke egon behar pertsonei bizitoki txarra ematen dieten txaboletako kanpamentu horiek. Etxerik gabeko pertsonen errolda bat behar da, neurri sozial eta publiko eraginkorrak behar dira, eta hondatutako eremuak garbitu eta berroneratu behar dira. Eta zergatik ez ireki hutsik dauden etxe horiek, edota gutxiegi erabilitako eraikin horiek?

Konponbideak eskatzen ditugu kalean inor bizi behar ez, eta, are, hil ez dadin.

2026-02-15

Elkarte Sinatzaileak: Altza-Elkartasuna Auzo Elkartea, Altza XXI Herri Ekimena, Altzania Kultur Elkartea, Bizarrain Euskara Elkartea, Buenavista Auzo Elkartea, Gure Bidea Auzo Elkartea, IZBE Intxaurrondo Zaharreko Auzo Elkartea, LODABE Auzo Elkartea, Herripe Auzo Elkartea, Ostadar Larratxoko Emakumeen Elkartea, Larratxoko Osteguna Auzo Elkartea, Plazandreok Elkarte Feminista, Showtime Kultur Elkartea

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Otsaila 2026
A A A O O L I
« urt    
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
232425262728  

RSS

Azken iruzkinak

  • Koldo Almandoz
    (2026, Otsailak 16)
    «Eskerrik asko hitz hauengatik. Estrella beri sentitu da altzatarra eta izugarri disfrutatu du zuen konpainian urte guzti hauetan. »
  • Elena
    (2026, Otsailak 15)
    «Bonito texto para una amiga que se merece lo mejor, A veces, las palabras se quedan cortas.... »
  • Jose Luis Arrieta
    (2026, Otsailak 14)
    «Mi juventud se nutrió de sus retransmisiones del 5 naciones. Forma parte de mi historia. Y no tengo palabras para ...»
  • Nekane Beloki
    (2026, Otsailak 10)
    «Gogo handia dut parke hori ezagutzeko: "hain hurbil eta ezezaguna" dugulako. Ahal bada 10:30tako taldean sartuko nintzateke Bat bakarrik. Ezin ...»
  • Mertxe Fernandez Boga
    (2026, Otsailak 9)
    «Iñaki, lee este artículo de Estibaus, incluyendo los enlaces y sabrás un poco más sobre algunas cosas de las que ...»

etiketak


Sarean