El mundo del trabajo en el País Vasco liburuaren aurkezpena
Ezaguna da AHMk Altzako Tokiko Bildumaren bidez garatzen duen dokumentazio lana, argazkiak, prentsako albisteak eta abar bilduz, eta Lekukoak proiektuarena, altzatarren bizipen eta bizi esperientzien kontakizunekin elkarrizketak grabatuz. Dokumentu-funts horrek guztiak ikerketa historiko eta soziologikorako informazio baliotsua ematen du. Iturrien eta ikerketaren arteko lotura horrek El mundo del trabajo en el País Vasco liburuarekin lotu gaitu. Liburua hiru egilek aurkeztuko dute datorren ostegunean, hilak 11, 18:00etan, Tomasenen.
Egileek azaltzen dutenez, historia sozialaren ikuspegitik idatzitako liburu kolektiboa da. Bertan bildutako ikerketek Euskal Herriko lan-mundua ikuspegi eta esparru desberdinetatik aztertzen dute, eta eguneroko bizitza, soziabilitatea, boterea eta ekintza kolektibo ezberdinak lantzen dituzte. Lantegiak, meategiak, herri-lanak, fabrikak eta langile-auzoak agertzen dira, toki ezberdinetako lan-esperientziak, antolaketa-moduak eta protesta-kulturak azaltzeko. Askotariko eskala eta kronologien bidez, liburuak prozesu erabakigarriak zeharkatzen ditu, hala nola industrializazioa, hirigintza kaotikoa, migrazioa eta industria-krisiak. Lan honen emaitza nagusia, lan mundua Euskal Herri garaikidearen eraldaketa sozialen erdigunean kokatzen duen ikerketa-multzo bat izan da.
Liburu aurkezpenean liburuaren hiru egilekide izango ditugu gurekin:
RAFAEL RUZAFA, Historia Garaikidean ikertzaile eta doktore iraunkorra Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketa-ildoak gaur egungo lan-munduaren ingurukoak dira.
JOSÉ ANTONIO PÉREZ, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren fakultateko Historia Garaikideko irakasle agregatua eta Valentín de Foronda Gizarte Historiaren Institutuko zuzendaria. Frankismoaren garaiko langile mugimenduaren historian aditua da.
JON ALDABALDETREKU, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Historia Garaikidean doktorea da. Bere ikerketa ildoak hiri eta gizarte historian oinarritzen dira, bereziki frankismo garaiko langile periferien eboluzioan. Tesia Donostialdeko 1940 eta 1986 arteko industrializazio prozesuan oinarrituta dago.
Azken egile horren artikulua, hain zuzen, “Vivir entre fábricas. Vida obrera y protestas en el corazón industrial de San Sebastián durante el tardofranquismo” izenburukoa, lotura zuzena du Altzako langile eta industria historiarekin, eta, horregatik, aurkezpenean parte hartzera animatzen zaituztegu.


