La Asunción Ikastetxea-Mirakruz. Ohar historikoak
Gaur goizean La Asunción Ikastetxea barrutik ezagutzeko aukera izango dugu, liburutegia, klaustroa, kapela… Hona hemen hainbat datu ikastetxearen historiaren gainean.
HASTAPENAK
La Asunción komentua 1882. urtean sortu zen. Urte hartan, Kongregazioaren fundatzailea zen Anne-Eugénie Milleret de Brou-k Mirakruz etxearen lur eremua aukeratu zuen komentu berria eraikitzeko. Frantzian III. Errepublika politika antiklerikala ezartzen ari zen eta, baldintza horietan, Mirakruz mugatik gertu egotea oso egokia zen bere herrialdetik alde egin behar zuten lekaimeak hartzeko. (1)
Mirakruz etxearen lehen notizia 1719. urtekoa da eta jabea Intxaurrondo baserriko jabe bera zen, Manuel de Aznarez. (2) Mirakruz izena, Serapio Mugikak dionez, Lezoko Santo Kristo Basilika bertatik begiztatzen delako da: “y en lo antiguo era costumbre que al distinguirse la iglesia en que se venera la prodigiosa imagen del Cristo que atrae a multitudes de devotos a la modesta Universidad Guipuzcoana, se rezara una breve oración a la Cruz redentora.” (3)
Ikastetxea eraikitzen zen bitartean, komunitateak eta ikasleak Mirakruz-Borda erabili zuten. Etxe hau ikastetxearen lur-eremuan bertan zegoen eta 1768. urtetik dokumentatuta dago.
Ikastetxea neogotiko estiloan egina dago eta Mr. Sanson arkitekto frantziarrak diseinatua da, eredua Kongregazioak Auteuilen (Paris) zeukan ikastetxearen eredua hartuz. Eraikuntza, ordea, Echave eta Cortázar arkitektoek burutu zuten.
JACINT VERDAGUER
1891. urtean Jacinto Verdaguer (1845-1902) olerkari kataluniarrak denboraldi luze bat igaro zuen Uliako Villa Zinzan. Urte horietan bere bizitzan krisialdi sakona jasango du eta poemak idazteaz bilatuko da kontsolamendua bilatzeko. Flors del Calvari (1896) poema liburuaren argitalpenean Mirakruz komentuari eta Lezoko Santo Kristori buruzko hitzak idatzi zituen hitzaurrean eta Flors de Miracruz izenburuko bertso labur sorta bat gehitu zion, gaixorik zegoen pertsona bat kontsolatzeko asmoz. (4) Egonaldi horretan Antonio Arzak euskal olerkigilearen adiskide egin zen. Arzakek “Bi kabiak” izenburuko olerkia Verdaguerri eskaini zion eta Verdaguer berak itzuli zuen katalanera.
MARIA KRISTINA
Maria Kristina erreginak, urtero Donostian pasatzen zuen udaldian, Mirakruz bisitatzeko ohitura zeukan, eta joera horrek eraman zuen 1906. urtean Andre Mariaren Jasokundeari eskainitako beirate bat oparitzera, komentuko elizan jartzeko.
Ikastetxea bisitatzen zuenean, lekaimeek Jasokundearen opila oparitzen zioten. Opil hori, bestetik, Alfonso XIII.aren platerik gustukoena omen zen.
ERREPUBLIKA ETA GERRA ZIBILA
1887. urtetik aurrera, ikastetxeak, ikasketa kuotak ordaintzen zutenentzako barnetegiaz gain, inguruetako neskentzako doako eskola baten zerbitzua eskaintzen zuen. Horrela, Errepublika garaian, 1933. urtean, Altzako Udalaren paperetan bi ikastetxe bereiziak agertzen dira. Batetik, “Colegio Miracruz Religiosas” delakoa, zeinek 160 ikasle zituen, Dña. Julia Peralta eta Dña. Margarita Vega Inclán irakasleen ardurapean. Bestetik, “Colegio Miracruz, Religiosas-gratuito” delakoa, 180 ikaslerekin eta Dña. Sinforosa Arocena eta Dña. Catalina Michelena irakasleen ardurapean. (5) 1958. urtean, bi ikastetxeek bateratu zituzten. Aipatutako doako irakaskuntza, urte haietan ikastetxeak garatu zuen gizarte ongintza egitasmoaren barruan kokatu behar da.
1936ko uztailaren 18an frankisten altxamendua gertatzen zenean, milizianoek ikastetxea okupatu zuten eta eraikina Komitearen kuartela eta presondegia izatera pasa zen; eta horrela izan zen irailera arte. Komite horrek agindu zuen Juan Bautista Tejada atxilotzea. Tejada Altzako alkate ohia eta senataria zen, monarkia zalea, eta preso zegoela, Mirakruzetik lehenengo Kursaalera pasa zuten eta, Donostia erori zenean, Bilboko Angeles Custodios espetxera eraman zuten; eta han hil zuten. (6) Mirakruzen ere Valladolideko apezpikua, Remigio Gandasegi preso egon zen. San Ignacio klinikan zegoela, atxilotu zuten, baina azkenean ihes egitea lortu zuen nazionalistek eman zioten laguntzari esker. (7)
AZKEN HAMARKADAK
1958an Zentroak aldaketa handia eman zuen: Kongregazioak ordainketa-ikasleak eta doako eskolakoak Ikastetxe bakarrean bateratzea erabaki zuen. Urte horretan urrian Institutu-ko filial bihurtu eta, Batxilergo Teknikoa ematen hasi zen. Halaber, barnetegia kendu eta eskola antolatu zen. 1978an eta inguruko beharrei erantzunez 1997ra arte funtzionatu zuen Gau Batxilergoa abiarazi zen. 1984-1985 ikasturtean mutilak Haur Hezkuntzako ikasgeletan sartu eta 1992-1993tan misto bihurtu zen BBBtan. 1991- 1992 ikasturtean 3 urteko ikasgela abiarazten da. Hurrengo urtean B eredua H.Han ezartzen da. 2002-2003 ikasturtean 2 urteko ikasgela abiatu zen. 2007an ikastetxeak bere 125 urteurrena ospatu zuen. 2010-2011 ikasturtean urte 1eko ikasgela abiarazten da. (8)
ERREFERENTZIAK:
(1) Sada, Javier: El Colegio de la Asunción Mira-Cruz. 1882-1982. Colegio La Asunción, 1982. Besterik esan ezean, ohar hauetan aipatutako datuak argitalpen honetatik hartuak dira.
(2) Landa, Iñigo: “Altzako etxeak eta baserriak”, en Altza, Hautsa Kenduz XII (2013), 40. or.
(3) Múgica Zufiría, Serapio: Las calles de San Sebastián : explicación de sus nombres. Imprenta de R. Altuna, 1916. 76. or.
(4) Verdaguer, M. Àngels: Jacint Verdaguer. Flors del Calvari. 2016. (Google Books)
(5) Ayuntamiento de la Villa de Altza : Fiestas Patronales. 1933. Altzako Tokiko Bilduma.
(6) Loyarte, Adrián: Mártires de San Sebastián. 1944, 293-312. orr.
(7) “El arzobispo al que el PNV salvó del fusilamiento”, El Norte de Castilla, 2016-09-24.
(8) https://laasunciondonostia.org/es/colegio/identidad/historia
(*) “Fuerte de Miracruz (desde el camino viejo), 1875″, de Laureano Gordon. Publ.: Altube, Fernando: De Biarritz a San Sebastián. Dibujos - Grabados -Ilustraciones - Opiniones. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, Donostia, 1984. (Jatorria: Rafael Munoa).