“Zubieta, mila urteko herria” liburu berria
Hiru urte pasa dira Zubietak bere Herri Batzarra eta alkatea aukeratzeko ahalmena eskuratu zuela (ikus Estibaus 4. zenbakia). Usurbil eta Donostiari loturik segitzen badu ere, Zubietako Herri Batzarrak poliki poliki bere bidea irekitzen joan da eta baita emaitzak eskaintzen ere. Kultur arloan orain aurkeztuko dugun hau da nabarmenetarikoa: Joxe Ramon Zubimendik idatzitako “Zubieta, mila urteko herria” liburua. Liburu hau Zubietako entziklopedia txikitzat har genezake, bere baitan lurra, historia, argazkiak eta hamaika kontu baititu hizpide. Liburua mardula da. Zubimendik bilketa lan itzela egin du eta liburuaren bostehun orrialde luze horiek ez dira nahikoak izan, egileak berak adieraztera eman duen bezala, Zubietari buruz biltzea lortu duen guztia azaltzeko eta norbaitek lan honi segida emango dion itxaropenarekin eman behar izan du liburua argitara. Aurkezpenean adierazten den bezala, idazleak herriarentzat idatzi du liburua “tesi doktoraletako hizkera eta estiloa baino maiteago baitut herriaren euskara eta estiloa”. Poliki eta puskaka irakurtzeko liburua dugu hau, noizean behin kontsultatzeko, beti zerbait berri erakutsiko diguna. Gure liburutegian behintzat dagoeneko bere lekua hartua dauka.

Joan den azaroaren 20an Casares Kultur Etxean Charo Roquerok, aurtengo beka irabazi duena, hitzaldi bat eman zuen “Emakume altzatarra XVII eta XVIII. mendean”. Publikoaren erantzuna oso ona izan zen eta hitzaldia ere bikaina. Bekaren lanean oinarriturik, gainbegirada zabala eman zion emakumearen bizitzaren arlo ezberdinei: ezkontza, lana, astialdia, eliza… Agirietan azaltzen denatik abiatuz eta zenbait grabadu zahar eta baserri giroko argazki eta irudiak erabiliz, ordubete atsegin eta mamitsuaz goxatzeko parada izan genuen. Hitzaldiarekin batera “Artiga” bildumaren bigarren alea aurkeztu zen, “La vida cotidiana en Altza en los siglos XVII y XVIII” izenburua duena eta bekaren gaia osotasunean jasotzen duena. Ehun orrialdeko liburuxka dugu hau eta dagoeneko salgai dago Casares Kultur Etxean 200 pezetetan.
