Altzanet: 25 urte Interneten

2021, Abenduak 31
Altzanet (1996)
Altzanet (1996)

Antxon Alfaro

Urteko azken egunak balantzea egiteko unea izaten dira, baina gaur ez dugu urtearen balantzea egingo, Altzanet webguneak martxan daramatzan hogeita bost urteena baizik.

AHM-Altzako Historia Mintegiaren lehen webgunea 1996an argitaratu zen. Garai hartan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) izenekoek elkartearen lanean eskaintzen zituzten aukerak erabiltzearen eta integratzearen aldeko apustua egin zen.

Ez zen hasiera erraza izan. Taldean errezeloak zeuden. Komunikazio-sistema berriaren berezko zailtasun teknologikoez gain, oztopo kulturalak gainditu behar izan ziren. Ekosistema analogiko batean jende askorentzat digitala ezezaguna zen eta batzuetan esnob gisa ikusten zen. Kontuan izan behar da World Wide Web (www) edo munduko sare informatikoa, hau da, gaur egun ezagutzen dugun Internet, 3 urte lehenago bakarrik agertu zela jendaurrean.

Proiektu berriak Altz@net izena hartu zuen. Orrialde bakarra zuen, testu jarraitua eta argazkirik gabea. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu zen. Abentura berri harekin ezarri ziren helburuak bi ziren funtsean: Altzak komunitate bereizi gisa presentzia izatea sortzen ari zen espazio zibernetiko berri hartan, eta sarea Altzako talde eta elkarteentzako lan-tresna erabilgarria izatea, proiektu komunitario baten garapenean.

Interneterako konexioa Eusnet GKEak Iruñean zuen nodoaren bidez egin zen, zeina aldaketa sozialerako munduko konputagailuen sareko (APC) kide baitzen. Sare alternatibo horren helburua gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeek mundu digitalerako sarbidea izateko tresnak erraztea zen.

Hurrengo urteetan, Interneten hedapen azkarra gertatu zen, eta aldi berean, webguneen garapena erraztu zuten diseinu-tresna berriak agertu ziren. Horrek eragin zuen 2000. urtean proiektua sakonki birmoldatzea.

Internetek bilakaera izango zuela oso argi ez bazegoen ere, webgune berri bat diseinatzearen aldeko apustua egin zen, ez bakarrik AHMren jarduera eta argitalpenen erakusleiho izango zena, baizik eta helburua askoz anbizio handiagokoa izango zena, webgunea Altzako atari bihurtzea eta altzatarren komunitatearena, euskarak lehentasunezko presentzia izango zuena.

AHMren jardueren informazioaz gain, digitalizatuta zegoen material guztia zintzilikatzeko ahalegina egin zen, batez ere 10 urte lehenagotik digitalizatzen hasiak ziren argazkiak. Urte haietan zegoen atari-eskemarekin diseinatu ziren agenda bat, kultura- eta kirol-zerbitzuen direktorioa, merkataritza-gida bat, elkarte altzatarren webgune berrietarako gune bat, prentsako edo elkarteetako albisteen informazioa, baita eguraldiarena ere.

Urte hartako udan, San Martzial jaietan, webgune berriaren eta Estibaus buletin digitalaren aurkezpen publikoa egin zen. Estibaus buletinak paperetik esfera digitalera behin betiko jauzi egin zuen.

Altzanet (2001)
Altzanet (2001)

Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren E-Gipuzkoa programaren barruan, proiektu bat garatu zen elkarte altzatarrei zuzenduta, tresna digital berrien ezagutzara eta erabilerara hurbiltzeko. 10 elkarterekin lan egin zen, eta horiei web-orri bat diseinatu zitzaien, sarean agertzen hasteko oinarrizko eduki batzuekin. Era berean, mezu elektroniko bat eman zitzaien altza.net domeinupean, eta 10 orduko oinarrizko prestakuntza ere. Foro bat sortu zen, elkarte altzatarrek elkarri eragiteko. Proiektu horren helburu nagusia Altzak sarean zuen presentzia handitzea zen, eta, aldi berean, altzatarren arteko kohesio-elementu izan zitekeen eraikitzen ari ziren ingurune digitalean.

2006an, webgunea martxan jarri eta 10 urtera, dagoeneko erreferente garrantzitsua bihurtu zen altzatarrek Interneten zuten presentziaz. Urte horretan 35.000 bisita inguru izan ziren.

Elkartearen 20. urteurrena ere bazen, eta ekitaldi hori baliatu zen webguneko edukiak nabarmen handitzeko. AHMren argitalpenen funts osoa (Altza, hautsa kenduz; Artiga, Estibaus, egutegiak, Altzako mapa…) digitalizatu eta pdf formatuan eskaini zen Interneten kontsultatzeko.

2010. urtean, elkartearen 25. urteurrenari begira, webgunearen eraldaketa garrantzitsu bat egitea erabaki zen. Programazio-tresna berriek eskaintzen zituzten aukerekin ingurune dinamikoagoa landu zen, diseinua ere aldatuz eta edukien aurkezpena berrantolatuz. Efemeridea ere baliatu zen elkartearen logoa aldatzeko. Abenduaren 10ean web gunearen diseinu berria aurkeztu zen Tomasene Kultur Etxean. Une hartan 80.000 bisita jasotzen zituen webgunea.
Aldaketak ez ziren formari eta edukiei buruzkoak bakarrik izan, webguneari eman nahi zitzaion ikuspegia ere aldatu zen. Altzako atariaren eskema alde batera utzi zen neurri batean, Altzako elkarte gehienek ez baitzuten jarduera handirik sarean. Webgunea AHMren gune gisa bideratu zen, elkartearen edukiak eta jardueren informazioa eskaintzeko, baina altzatarren egungo informazioari ere tarte garrantzitsua utzi zitzaion.

Altzanet (2011)

Altzanet (2011)

Orientazio-aldaketa horretan, eta sare sozialak gero eta presentzia handiagoa zutela ikusita, Facebooken, Youtuben eta Twitterren profilak irekitzeko unea izan zen. Wikipedian Altzako informazioa aberasten joan ala Altzapedia propioa egiten joan zen ere eztabaidatu zen, azken aukera hori aukeratuz.

Aldaketa garrantzitsuen prozesu horretan aipatu behar da, halaber, 2010. urtean Altzako Tokiko Bildumaren bertsio digitala aurkeztu zela. Horren bidez, digitalizatzen joan ziren milaka argazki, artxibo-dokumentu, prentsa-albiste, mapa edo ikus-entzunezkoak on-line kontsulta zitezkeen.

2013an eta 2014an, smartphone-en erabilera orokortzearekin batera, Android-erako app bat garatu nahi izan zen, webguneko edukiak smartphone edo tablet-etan bistaratu ahal izateko. Hainbat arrazoi tekniko tarteko, proiektua bertan behera utzi behar izan zen.

2016an, AHMren 30 urteak zirela eta, beste aldaketa-prozesu bat hasi zen, eta 2019an amaitu zen, webgunearen egungo diseinuarekin. Bertan, Altzanet proiektua osatzen zuten elementuak integratu ziren, eta, aldi berean, sare sozialetan ditugun profilak gehiago bistaratu ziren. Lehendik zeuden profilez gain, beste bat ireki zen Flickr-en, non elkartearen jardueretan egindako argazkiak ikus daitezkeen. Beste aldaketa bat domeinuan izan zen, altza.net izateari utziz eta altzanet.eus webgunera pasatuz. Honekin jatorrizko proiektuaren izena mantendu zen eta Interneteko euskal kultur komunitatean integratu zen.

Altzanet (2021)

Altzanet (2021)

Ikus daitekeenez, webguneak bilakaera izan du, bai edukien diseinuan eta aurkezpenean, bai 25 urte hauetan eman zaion ikuspegian. Prozesu hori guztia programazio-tresnen aukerek eta aurrerapen teknologikoek baldintzatu dute neurri handi batean.

Eta 25 urte beranduago…, webgunearen erabilgarritasuna hobetzen jarraitzen dugu, eduki berriak gehituz eta gure jarduerak eta beste kolektibo eta elkarte batzuenak zabalduz, bai webgunean, bai sare sozialetan, edo Estibaus buletinaren bidez; eta Altzako dokumentazio-zentroa aberastuz, une honetan 20.000 dokumentu digitalizatu eta katalogatu baino gehiago baititu.

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean