Altzako alde zaharra, babestu beharreko leku berezia

2017, Uztailak 4

Arg: Gorka Queralt (2001)

Arg: Gorka Queralt (2001)

Altzako etxeak eta auzuneak historikoki lurraldearen luze-zabalean sakabanatuak egon dira, baina sakabanaketa horren erdian gune txiki bat aurkitzen da, Altzako alde zaharra, non komunitatearen bizitzaren askotariko alderdiek bat egiten duten -historikoak, politikoak, erlijiosoak, kulturalak eta sinbolikoak-, Altza bere osotasunean irudikatuz. Alde zaharra osatzen duten eraikin eta elementuak une honetan nolabaiteko babesa daukaten bi eraikinen inguruan antolatuak daude, Altzako udaletxearen eta San Martzial elizaren inguruan. Bi eraikin horiek udalak une honetan elementu soil gisa babestuak ditu nolabait, baina egiaz bi eraikin horiek jatorriz elkarri estuki lotuak daude eta haien inguruan eraiki eta sortu diren elementuekin batera gune berezi bat osatzen dute; eta osorik hartuta babestea merezi du.

Aipatu beharreko lehena Estibaus oinetxearen orubea da, gaur egun Elizalde etxeak hartzen duena. Estibaus etxearen eta abizenaren izenak 1390. urtera garamatza, altzatar talde bat “Estibauseko zelaian” elkartu zenean, -ohi zuten bezala, ziotenez-, San Martzialen antzinako eliza eraikitzeko. Altzako unibertsitate hura aurrerantzean San Martzialen kontzeju gisa bildu zen, eta horrela izan zen XVIII. mendera arte, lehen kontzeju etxea eraiki zuten arte.

San Martzial elizaren ondoan Barbotegi dago, barberuaren etxea, medikuarena, alegia. XIX. mende erdialdean eraikia, xumea da, baserri girokoa, udaletxea bezalaxe, baina berezko nortasuna dauka inguru horretan. Elizaren beste aldean, ekialdera, bidean behera eskuinera, Aduriz oinetxea dago, herritarrek Auditz gisa ahoskatzen dutena. Aduriz abizena daramatenen jatorrizko oinetxe hau Altzaren historian zehar itzal handikoa izan da eta une honetan kaskoan geratzen den baserri bakarra da.

Horiez gain, Aizpurutxo, Arteaga eta udal eskola zaharrak -jubilatuen etxea gaur egun-, Altzako alde zaharrean geratzen diren ehun urtetik gorako eraikinak dira. Honezkero desagertuak baina oroimenean gordeak dauden Txapinene, Casanao, Seroretxia eta Goikoetxea etxeen izenak osatzen dute Altzagaineko etxe multzoa.

Eraikinekin batera, haien artean sortzen den esparrua dago, plaza. Bertan antolatzen diren jarduerek -jai girokoak, jokoak eta kirolak- bertako eta kanpoko jendea bere baitan biltzen ditu. Sanmartzialak eta garai bateko erromeriak, pilota zaletasuna, bola jokoa eta idi proba esaten ari garenaren froga dira. Udal araudiak plazaren izaera hori begiratu behar du eta zaindu, baita bere elementuak ere, eta bereziki probalekuaren albo batean gordetzen den idi probetarako harri zaharra.

Alde zaharrarekin lotua hilerria daukagu. XIX. mende erdialdera eraikia, mendebaldera begira dago kokatua. Hazkunde demografikoak eta osasun arrazoiek bultzatu zuten ordura arteko ohitura, San Martzial elizan lurperatzearena, aldatzera. Denbora pasa ahala hilerriak hainbat zabalpen eduki ditu eta altzatarrentzat erreferentzia leku bat izaten jarraitzen du, hildako senideak gogoratzeko leku bat.

Era berean, azken hamarkada hauetan altzatarrek plazaren ingurua aukeratu dute ekimen eta arte adierazpen ezberdinen bitartez hainbat pertsona eta kolektiboei oroimena eta omenaldia eskaintzeko. Barbotegi etxearen aurrean dagoen Bixente Iruretagoiena bizilagunaren bustoa (Sergio Priego, 1996); Mikel Zabalza torturak hildakoari eskainitako eskultura (Paco Mateo, 2005) pilotalekuaren ondoan; Lau Haizetara eskultura (Anton Mendizabal, 2006), euskaldunberriei egindako aitortza probalekua eta kalearen artean; eta San Martziali eskainitako mural handia, frontoiaren kanpoko aldean.

Altzako alde zaharra, osorik hartuta, zaindua eta babestua egon behar duen leku berezia da eta horrela jasoa egotea eskatzen dugu udalaren Ondarea Babesteko Plan Berezian.

Etiketak: , ,

Iruzkin 1

  1. Estibaus » Altzako herriko etxea eguneratu

    [...] garaian, Altzako alde zaharraren babesa eskatu genuen, altzatarren ondare kultural eta historiko gisa. Alferrikakoa izan zen, baina eskaerari eusten [...]

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Urria 2024
A A A O O L I
« ira    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • alejandro ceron
    (2024, Urriak 18)
    «muy buena informacion »
  • Fernando
    (2024, Urriak 16)
    «Estimado Bernardo He leído con interés el relato de Santa Columba. En el Puerto de Santa María tenemos una reliquia de ...»
  • José Irarrazaval
    (2024, Abuztuak 5)
    «Voy en camino desde Paris a conocer Deba, ciudad de origen de mi familia Irarrazaval y me da mucho gusto ...»
  • Sara Etxart
    (2024, Ekainak 28)
    «Kaixo, liburu hau irakurri berri dut eta nire birraitonaren baserriko (Zamarreko) informazioa eta argazkia bat ere ageri dirá. Badago modurik ...»
  • Soledad Benito Domingo
    (2024, Ekainak 23)
    «Me vuelvo a poner nuevamente en contacto con vosotros, después de tres años, ahora os puedo asegurar que Claudio Egaña ...»

etiketak


Sarean