Ibarbia
Herrerako Ibarbia familiari buruzko kontsulta bat egin berri digute Tokiko Bilduman. Horren inguruan bildutako datu interesgarrienak, familiaren abizena daramaten etxeen hainbat daturekin batera, ordenatu eta azalduko ditugu datozen lerroetan.
Ibarbiatarren presentzia Herreran Manuel Ibarbia Elorriagarekin hasiko da. Zumaiako Oikia auzoan 1863ko otsailaren 21ean jaioa (1), kontratista izan zen eta 1890. urtean Donostia-Errenteria tranbiaren eraikuntza lanetan parte hartu zuen Molinao-Antxo tartean, zaldiek tiratutako tranbien garai hartan. (2) Trenbidearen eraikuntzan kontratista gisa lan egin ondoren, mantentze eta hobetze lanetan ere jardun zuen eta, azkenean, 1906ko uztailaren 30ean, Donostiako Tranbia Konpainiaren langile zerrendan sartu zen, bide eta obretako langileburu gisa. Konpainiako langilea bihurturik, enpresak Herrerako harrobian zeukan etxebizitza batera aldatu zen familia osoarekin. (3)