Inocencia Arangoa, emakumea eta margolaria
Iñigo Landa
Martxoak 8 zela eta 1901. urteko prentsa artikulu bat berreskuratu genuen non Inocencia Arangoa margolari gaztearentzat berdintasunerako eskubidea aldarrikatzen zen. Orain gure asmoa da diskriminazioari aurre egin zion emakume eta artista horren bizitza eta lanaren gainean dakiguna biltzen saiatzea.
Inocencia Arangoa Figueroa margolaria Altzako San Martzial elizan batailatu zuten 1879ko abenduaren 29an eta 92 urte zituela Madrilen zendu zen 1972ko abenduaren 10ean.(1) Gurasoak Vicente Arangoa Matxiandiarena eta Elisa Figueroa Villar zituen, Donostiako Santa Maria elizan 1875. urtean ahalordez ezkonduak. Hamabi seme-alaba izan zituzten; Inocencia hirugarrena zen.(2) Emilio García Martínez (1875-1970) arkitekto eta paisaia-pintorearekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituen; Maria (1904-1994), zein Madrileko Errege Goi Kontserbatorioan irakasle izan zen, eta Antonio (1908-1995), Madrileko Arkitektura Eskolan katedraduna.
Neskatoa zelarik, 1891. urteko Euskal Lore Jokoetan sari bat eskuratu zuen 15 urtetik beherako irakurketa ariketetan.(3)