Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza

2018, Uztailak 16

Ubegiko ardatza

Ubegiko ardatza

Josu Tellabide

Astigarragak sagardogin-tzarekin duen eta izan duen lotura begibistakoa izan arren, sagardo dolare zaharrekin loturiko pieza garrantzitsuena, ez zen bertan aurkitu, gertuko Altzako Sarroetan baizik. Ubegi baserriaren zurezko barne-egitura aztertzen ari zirela egin zuten topo Gipuzkoan gaurdaino osorik iraun duen horrelako ale bakarrarekin: dolare ardatza.

400 urtetik gorako ardatz hori habe-palanka dolare edo prentsa baten piezarik garrantzitsuena zen, palanka-besoarekin batera, jakina. Funtzionamendu mekanismoa erromatarren dolareetan oinarritzen bazen ere, XVI. mendeko eta XVII. mendeko lehen erdialdeko isurialde atlantiarreko baserri eredu berrietan barneratu zen, barne-egituran txertatuta. Hala, baserriaren bolumen ia osoa hartzen zuen makina erraldoia zen dolarea.

ubegiko-ardatzaren-planoa1Lurretik goiko estalkirainoko bernia edo habe-pareen erdian palanka-beso handi baten jokoan oinarritzen zen prentsaketa sistema. Mandio eta ganbara guztia hartzen zuen ia 12 metro luze izaten zen habe erraldoi harek. Habe hartatik tira ardatz luze baten bidez egiten zen, etxeko ia bi solairuen altuera hartzen zuen 6-7 metro luzeko ardatzetik zintzilikatzen zen 2 tonako harri edo kontrapisuak eragiten zuen zanpatzea, jotako sagar-orearengan etengabeko presioa eraginez.

Dolare horiek milaka baserritan hedaturik bazeuden ere, gaur egun bat bera ere ez da osorik geratzen, Ezkion berreraiki duten Igartubeitikoa izan ezik. Dena den, dolare erraldoi horien arrastoak baserri zahar ugaritan geratzen dira oraindik, dela egituraren parte moduan etxea eusten, dela solairuetako atal nagusi moduan.

1987. urtean, baserriak eta bertako ondarea modu zehatzean aztertzen hasi ginenean, Altza aldeko baserrien txandan Ubegi aztertzeko ordua iritsitakoan, solairuaren egituran erdi izkutatuta, soliba gisa berrerabilia, dolare zaharraren zurezko ardatz edo torlojua aurkitu genuen, bi zatitan banatua; baita bere azkoin hariduna ere, zurezkoa hori ere, beste erabilpen batekin.

Dolare zaharraren aztarnen bat izango zela berehala ohartu baginen ere, urteak pasa eta hamaika irteera egin behar izan genituen torloju eta azkoinaren funtzionamendu edo egiteko zehatzaz jabetzeko. Besteak beste horretan asko lagundu zuen Ibaetako Iribar baserriko semea zen Joxerramon Bitoriak (1912-1998). Baserritar sagardogile hark, beste gauza askoren artean, oroimenean gordetzen zuen honakoa: haurrak zirela, aitonak kontatzen zien Iribarreko dolare zahar hartan sagarra jotzean etxe osoak dardara egiten zuela, krak-krak! egiten zuela egiturak. Beldurra pasatzen omen zuten.

Aztertzen jarraitu genuen, baina halako beste alerik ez zen agertu. Gipuzkoan osorik irauten duten ale bakarra ziren beraz, dolare-torlojua eta bere azkoina; benetako altxorra gipuzkoarrentzat eta euskal kulturarentzat, orokorrean. Ardatza Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailak hartu zuen, eta gaur egun Irunen duen Gordailu biltegian gordetzen da, kontserbazio baldintza egokietan. Trukean erreteila egiteko milioi bat eta berrehun mila pezetako diru-laguntza eman zitzaien orduko baserriaren jabeei, 1994. urtean.

Goierriko Igartubeiti baserriaren berregitean paper garrantzitsua izan zuen Ubegiko ardatzak, berau hartu baitzen eredu gisa.

ubegiko-ardatza-gordailu-biltegian1

Ubegi baserria

Kanpotik ikusita, begiratu batean, Ubegi baserria XVIII. mendeko eraikina dela dirudi: lau isuriko estalkia, oso ongi landutako harlanduzko ateburu eta eskantzu ederrak, Igeldomendiko harrobietako harearrizko horma sendoak, saietera luzeak… Baina ez da horrela, XVI. mendekoa baita sortzez. Urteen joanean aldaketa eta hobekuntza obra-lan ugari izan baditu ere, oraindik gordetzen ditu jatorrizko zenbait zura adierazgarri: zutabeak, habeak, txarrantxak, XVI. mendeko dolare zaharraren zoruko oholak, azpi-sumilak eta baita, handik atera arte, dolare zaharraren ardatza, beste erabilpen batekin bazen ere. Lehen karlistaldian (1833-1839), Altza, Astigarraga eta Urumea arroko ia baserri guztiak erre eta suntsitu bazituzten ere, Ubegi, Ubegibea zehazki, mirariz, salbatu zen; Ubegigoia, aldiz, deseginda geratu zen eta egun ez da haren arrastorik geratzen.

Ubegi landetxearen jatorria XIII. mendetik Donostian probestu kargua zuen Engomez famili boteretsuarekin dago lotua. Donostiako nekazari etxeak, oro har, jaun burges eta nobleziarenak ziren. Hala, Ubegi, Donostiako gainerakoak bezalaxe beti maizter etxea izanik, Mendizabal familiaren jabetza zen, Urumea inguru honetan hamar bat baserri baitzituzten. Joaquin Mendizabal Gortazar (1886-1954), Peñafloridako XV. kondea, Ubegiko jabea izan zen XX. mendearen lehen erdian, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko sortzaileetakoa eta lehendakaria ere bai. 1992. urtean ordura arteko bi maizter-familiek, Aierbe eta Elizegitarrek, erosi zuten baserria.

Ubegi baserria, 2002. urtean

Ubegi baserria, 2002. urtean

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean