Pakita Etxebeste Etxaniz 1926ko irailean jaio zen, La Herrerako portu eremuko Cuarta Vía etxean. Bere familia honako hauek osatzen zuten: aita, Jose Mari Etxebeste, Mendiolako Larrabide baserrikoa, Pasaiako Portuko zuzendariaren auto gidaria; ama, Kontxa Etxaniz, Zumaiakoa, eta anaiak, Julio, Mari Tere eta Fortuni.
Pabiloi berriak eraikitzeko portuko etxea botatzearen ondorioz, Eskalantegi kalera aldatu zen familia. Gerra garaian, denboraldi batez baserrira itzuli ziren, berriro Eskalantegira, eta gero, behin betiko, Herrerara, Peruene-berri etxera.
Bestalde, 1927an hiru moja mexikar ezarri ziren Pasai San Pedron eta Etxebeste-Etxaniz sendiarekin harreman estua eta elkarri laguntzekoa izan zuten. Han, baserrian amaren ardurapean heziketa bat ikasteko lehen pausoak eman zituzten haurrek, eskola nazionalera joan gabe, Kontxak hala erabakita, seme-alabak edozein tratu txar edo utzikeriatatik zaindu nahi zituelako. Geroago, 1938an, mojak Herreran ezarri ziren eta haiekin harreman hori mantendu zen. (gehiago…) »