Parte hartzeko ilusioa III. Aisialdia

2021, Azaroak 19

AS, 1934-07-02 (Ainhoa Arzallus)

AS, 1934-07-02 (Ainhoa Arzallus)

Arazo ekonomikoen eta tentsio politikoen erdian, kirol, jai eta bestelako jardueretan parte hartzea nabarmen handitu zen Errepublika garaian. Prentsako kronikek arreta handia eskaini zieten gertaera horiei, eta bertan bizitzen zen giro bikaina eta parte-hartzea nabarmendu zituzten.

La Voz de Guipúzcoako kronikari batek, adibidez, zaleen eta parte-hartzaileen artean “entusiasmoa” gainezka zegoela aipatzen du Txingurri sagardotegian Herrera-Sportek antolatutako Gipuzkoako bolo txapelketari buruz idazten duenean. Dioenez, txapelketa lehen aldiz 1930ean ospatu zen 26 bikotek parte hartuz, eta hurrengo edizioetan parte-hartzea handituz joan zen, 1933an 64 bikoteko kopurura iritsiz. [1]

ABC, 1932-02-03

ABC, 1932-02-03

Antzeko kronikak argitaratzen ziren gainontzeko lehiaketei eta jaiei erreferentzia egiten zenean: Jolastokietako atletismo, pilota eta futboleko kirol-instalazioetan; kaskoko frontoian; Bidebietako Tiro Nazionalean; kale eta bideetan zehar ibiltzen ziren korrikalarien eta txirrindularien lasterketetan; Altzagaina, Herrera eta Buenavistako plazetan eta elkarteen egoitzen ondoan egiten ziren festa eta omenaldietan; bolatokiak zeuzkaten sagardotegietan jokatzen ziren bolo eta toka txapelketetan (Julimasene, Pellizar, Mendiola…).

Aisialdiaren kultura estuki lotuta dago hiri-garapenarekin eta gizarte industrialarekin. Espainian, 1919an, Bartzelonako La Canadiense lantegiko grebaren ondoren, legez 8 orduko lanaldia konkistatzeak 8 orduko atsedenaldia eta 8 orduko aisialdia ere aintzat hartzea ekarri zuen.

Jolastokieta, 1914 (Landa Jaka familia)

Jolastokieta, 1914 (Landa Jaka familia)

Altzan ezarri ziren lehen aisialdiko elkarteak Jolastokieta elkartea (1914), Herreran, eta Tiro Nazionala elkartea (1920), Bidebietan, izan ziren. Bi elkarte donostiar horiek Altzan lurrak eskuratu zituzten beren kirol jarduerak garatzeko, atletismo, futbol eta pilota jarduerak, lehenengoa, eta tiro modalitate desberdinetakoak, bigarrena.

l16457

Horien ondoren, auzoetan errotutako lehen elkarte herrikoiak etorriko dira: Artzak-Ortzeok Elkartea Intxaurrondon, 1921ean sortua eta 1933an 90 bazkide zituena; Beti Aurrera Elkarte Mutuala, Mirakruz gainean, 1923an sortua eta 1933an 64 bazkiderekin; eta Herrera-Sport kirol elkartea, Herreran, 1926an sortua eta 22 bazkiderekin. [2]

Hirurek beren auzoetako jaiak antolatzen zituzten, eta oso jarduera bizia eta nabarmena izan zuten, bai bakoitzak bere kontura, bai beste elkarte eta erakunde batzuekin lankidetzan.

Buenavista, 1932-06-11

Buenavista, 1932-06-11

Errepublikaren garaian, beste lau elkarte berri gehituko zaizkie: Beti Adizkideak (1934), Tranka (1935), eta Noiz Bait (1935), eta Sarruetako Danak Bat elkartea(1936).

Jaiak antolatzeko elkarterik ez zegoen auzoetan, Buenavistan eta Sarruetan bezala, jai batzordeen bidez prestatzen ziren. Bere gainean hartzen zituzten jaien programa egiteko ardura eta finantziazioa bilatzeko lana, auzotarren artean dirua bilduz eta Udalaren diru-laguntza jasoz.

Hori izan zen Guardaplata auzoko bizilagun batzuek erabili zuten bidea, Bidebietako lehen jaiak izango zirenak antolatzeko. Udalari 500 pezetako diru-laguntza eskatu zioten abuztuaren 28an, 29an eta 30ean San Agustin jaiak ospatzeko, baina 1936ko uztailaren 17an, altxamendu frankistaren bezperan, Udalak egindako azken osoko bilkuran eskaera ukatu zitzaien, “acordando participarles que por este año no hay consignación en el Presupuesto vigente, que para años sucesivos, en el supuesto que quieran celebrarlas, deban dirigirse a su tiempo, antes de la confección del Presupuesto para hacer la consignación correspondiente al año.” Gerrak, ordea, aukera hori eragotzi zuen. [3]

Leandro Aizpuruari omenaldia, 1931-08-02 (Landa Jaka familia)

Leandro Aizpuruari omenaldia, 1931-08-02 (Landa Jaka) [4]

Beste jarduera batzuk, puntualagoak baina gizarte altzatar osoaren inplikazio zabala izan zutenak, omenaldiak eta elkartasun jaialdiak izan ziren.

Udalak bi omenaldi antolatu zituen, bata, herritarrek eskatuta,Leandro Aizpurua, Herriko mediku tituludunari eskainia. 1931ko abuztuaren 2an ospatu zen, egitarau zabal batekin, besteak beste, korporazioak eskaini zion aurreskua, eta horren oroigarri grafiko bat geratu da, duela gutxi udalbatzari omenaldia egiteko erabili ditugun argazkiekin. [4]

Beste omenaldia Ignacio Casares mediku altzatarrari eskaini zitzaion. Udalak medikua bizi zela eskaini nahi izan zion, 1931n, baina Casaresek ez egitea eskatu zion. Azkenean, omenaldia 1936ko otsailaren 2an egin zen, hura hil ondoren. Altzako Udalak Ignacio Casares medikuaren izena gaur egungo Casares pasealekuko Buenavista-Sarrueta errepide berriko Buenavista-Darieta zatiari eskaintzea onartu zuen. [5]

La Voz de Guipúzcoa, 1931-06-20

La Voz de Guipúzcoa, 1931-06-20

Jaialdi solidarioei dagokienez, Udalak hainbat ekimen bultzatu zituen, hala nola 1931ko ekainaren 21ean Jolastokietako frontoian langile langabetuentzako dirua biltzeko antolatutakoa, edo, bi urte beranduago,  Jolastokietan bertan, 1933ko ekaineko uholde tragikoengatik antolatu zena. Uholdeen ondorioz, hiru herreratar hil ziren eta kalte materialak oso handiak izan ziren. Jaialdiak gizarte altzatarra, Udala, elkarteak eta bizilagunak mobilizatu zituen kaltetuei konpentsazioa emateko dirua biltzeko.

Argia, 1933-07-14

Argia, 1933-07-14

Erreferentziak:

[1] “Ante el gran campeonato regional de bolos“, La Voz de Guipúzcoa, 1936-05-10, p. 10. Txingurriko txapelketari, eta boloei orokorrean, 1934ko uztailaren 2an Madrilen argitaratutako AS kirol astekari grafikoak erreportaje bat eskaini zion: “Los “bolaris” guipuzcoanos disputan su campeonato“.

[2] “Ayuntamiento de la Villa de Alza. Fiestas patronales“, 1933

[3] Altzako Udalaren aktak. Donostiako Udal Artxiboa, Altza Funtsa, 117-L

[4] “Ante un merecido homenaje“, El Día, 1931-07-23; El Día, 1931-07-29; “Omenaldiya“, Argia, 1931-08-02. Argazkian, Leandro Aizpurua erdi-erdian, bizar zuriarekin dagoena da.

[5] “Homenaje a D. Ignacio Casares“, La Voz de Guipúzcoa, 1936-02-05, p. 12

Iruzkin 1

  1. joan mari irigoien

    Aizue:

    Pozgarria da ikustea nola zuek bezalako jendea arduratzen den gai hauetaz, zeintzuk herritarren nolabaiteko egunerokotasunarekin lotuta dauden.

    ZORIONAK, eta EUTSI GOIARI!

    jmi

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean