Amodio zahar baten berpiztea (Altzako lur maiteari)

1999, Azaroak 16

Imanol Ostolaza Alcocer “Altzako txepetxa”

Gauerdia zen eta sorginaize eme batek laztanduriko errepide beltza lehor-lehor ikus nezakeen uztailaren gau epel hartan. Ez, ez zegoen, egia esan, zipriztin distiratsuak sartzeko gero, nere irudimenean hainbat aldiz amestutako euri-ttanttak asfaltoaren kontra erauntsika ikusterik. Eta errepidearen bi ertzetako neonargiez gain, diz-diz egiten zidan gauza bakarra (hau ere nere irudimenean, noski) txarolezko txapeloker madarikatuak ziren Intxaurrondoko kuartelaren pare-paretik pasa ginenean, kotxearen abiada ohartzeke azkartuz, eta halabeharrez. Badakizu bihotza, zenbat eta lehenago atzean utzi, hala eta hobe, badaezpada ere! Zure magalean Intxaurrondo izena daukan lur puska eder horretan espainiar gorroto berdez sorturiko minbizigune horrek gauegunero zer nolako tripako mina emango bide dizun ederki asko susmatzen dudan arren, ene Altza gizagaixoa!

Nolanahi den ere, baldin zintzo banatzaizu, ez zintudala lehenbiziko unean ezagutu ahal izan jakinerazi behar nizuke nonbait; horren aldatua zinen-eta, maittia! Eta azken hogei urte hauetan zure (beste garai batean) lur-azal leunaren gainean sortu dizkizuten egungo orbain-errepide berri multzo horretan barna (bestorduan zauri ireki mingarriak izango bide zitzaizkizunak, alegia) murgiltzenagotuz gindoazen heinean, ea herriaz tronpatu ez ote gineneko sentsazioak inarrosi ninduen nolabait.

Bai, eraikuntza berriez jantzirik antzeman zintudan nahitaez. Bihozgabeko lur-espekultzaile madarikatuek bortxatutako andra baten antzera; hots, lotsaren lotsez (honezkero gelditu zaizkizun belar pusketa gutxi horien bidez) gona urratuaren litsak izterren artean biltzen alferrik saiatzen den emakume iraindua bezalaxe.

Edo, batek daki, beharbada itzelezko ‘zeruharraskari’ itsusi horiek eraikita zeuden jadanik (Koldok zein Fernandok deitu ohi didaten bezala) ‘Altzako txepetx’ hau zugandikan bereiztu zutenerako; eta txoriburu hau ezin gogoratuz orain, auskalo! Dena den, Herreratik San Martzialeko elizaren kanpandorrea ikusi artio ez nintzen inondik inora ere jabetu zure altzo abegitsuan poliki-poliki ari nintzenik barneratzen berriz ere.

Bai, aski aldatu zaituzte laztana. Lehengo zure belardi eta zelaiak zirenetan zimenduzko baso erraldoiak sortu dira orain erletxeen antzera, non altzatar erle-langileok bizi eta lo egiten dugun bero-bero. Halere, guztiarekin ere… zein eder, lirain eta erakargarri begitandu zintzaizkidan honenbeste urte luzez zu, maittia, ikusi gabe egon ondoren! Eta zer esanik ez azken bi hamarkada hauetan hazi eta hezi dituzun semealaba kuttun guzti horietaz! Zein polito dagiten euskaraz!

Bai neska, urteen joanetorrian haur euskaldun ugarien ‘ama heldu’ bilakatu zara ea konturatzeke; eta are hobea dena oraindik ere, norbere etorkiaz batere kezkatu gabe, dan-danok sartzen baigara egoki-egokiro zure beso-bularren artean, bai halaxe!

Zahartu zara, bai, ohartu naiz; zimurrak azaldu dira nonbait zure kopetan; bai eta kaxkazuri bat edo beste agerian utzi ere San Markoseko pinudietan haizeak orrazten dizunean. Halarik ere, nola zureganatzen gaituzun! Horregatik, hain zuzen, haurrak gauerdian ama behar duen bezainbeste, maitaleak gabaz bere jolas-lagunari grinatsuki itxo egiten dion lez, edo-eta euskal mendietan haritza pagoari ezinbestez hurbiltzen zaion eran, halaxe guk ere, altzatarrok, zaitugu maite beti-betirakotz, garen guzi-guziz zuri zor baitizugu, panpox.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean