Oroitu eta aldarrikatu

2013, Martxoak 8

libertarias2Martxoak 8 oroitzapenerako eta aldarrikapenerako eguna da. Eskuratu berri dugun dokumentu batek Gerra Zibileko emakume batzuk oroitzen eta gogora ekartzen lagunduko digu, zeinek inolako protagonismoa bilatu gabe muturreko erabaki bat hartu zuten armak eskutan frontearen lehen lerrora joateko. Aipatutako dokumentua izen zerrenda bat da, miliziano anarkisten zerrenda bat: “RELACION DE GRUPOS LLEGADOS DEL FRENTE DEL SEGUNDO TORREON AL CUARTEL DE ESTAS MILICIAS DE LA C.N.T.” izenburua dauka. Anarkistek Altzan zuten presentziaren gainean datuak eskaintzen dizkigun lehen dokumentua da eta, aldi berean, faxismoaren altxamenduari aurre egiteko armak hartu zituzten lehen emakumeen izen-abizenak eskaintzen dizkigu. Honatx emakume haien izenak: María Ganuza Oroquieta, Juanita Santamarina, Ascensión Olmedo, Pilar Martínez Aguelo eta Manuela Arozamena Sáez.

Dokumentuak ez du datarik, baina aipatzen duen “Segundo Torreón” hori Jaizkibelen Irun erori ondoren eratu zen defentsa-lerroari baldin badagokio, zerrenda Donostia irailaren 13an erori aurreko egunetan egina izango da. Zerrendan datu hauek jasotzen dira: izen-abizena, jaiotze-data, egoera, jatorria, bizitokia, armadan aritua bada, eta zein alderditara afiliatua dagoen.

Denera 285 miliziano dira, horietako 273 CNTra afiliatuak. Haien artean soilik 12 emakumeak dira, haietako 4 Herreran dute bizitokia eta beste bat Pasaian bizi bada ere jatorriz altzatarra da. Gainontzeko emakumeak, miliziano gehienak bezalaxe Trintxerpekoak dira, anarkismoaren gune nagusietako bat Errepublika garaian. Bost emakumeen artean, Manuela Arozamena zaharrena da, 29 urte, eta ezkonduta dagoen bakarra da. Beste lauak ezkongabeak dira eta gazteagoak: María Ganuza 24 urte, Juanita Santamarina 16, Ascensión Olmedo 20, eta Pilar Martínez 18.

Emakume hauek zuten jarreraren ideia bat izateko irakurri dezakegu “Frente Popular” egunkarian 1936ko abuztuaren 10ean jasotako kronika, “Una mujer lucha por la Libertad y la Justicia en la avanzadilla de la Peña de Aya” izenburukoa. Kronikan elkarrizketa bat egiten diote Maximina Santamaría neska gazteari, 17 urteko trintxerpetarra, frontearen lehen lerroan aritutako tiratzailea. Harengandik ez oso urrun Casilda Hernáez Vargas ere arituko zen, Egiako emakume libertarioa eta iraultzailea. Luis Jimenez de Aberasturi historialariak liburu bat eskaini dio emakume honi, “Casilda Miliciana - Historia de un sentimiento”, Txertoak iaz berrargitaratu duena.

Emakumeen presentzia borroken lehen lerroan Gerra Zibilaren hasierako momentutan egiazta daiteke, anarkisten milizietan batez ere, baina gerra aurrera joan ahala, emakumeen parte hartzea osasun eta laguntza eginkizunetara mugatu zuten agintariek.

Emakume talde hauen presentzia zinez txikia da, baina ez horregatik hutsala, inondik ere. Emakume hauek, gizarte kontserbadore horren aurrean, adore eta erabakitasun tinkoa erakutsi zuten berdintasunaren eta askatasunaren alde. Haien oroitzapena eta aldarrikapena baliagarriak dira oraindik gaur egun genero alorrean dirauten desberdintasunak gainditzeko.

4 iruzkin

  1. joan mari irigoien

    Goresgarria, zinez, zuen lana!

    Segi bide horretatik!

    Eskerrik asko:

    jmi

  2. Segundo Garín Casares

    Benetan, lan bikaina. Emakumeen egunean hau argitaratzea, bikoizten du bere balioa. Egia azaltzen den heinean, hainbat jarrera aldatu beharrean aurkituko gara guztiok.
    Eutsi! eta aurrera.
    Segundo.

  3. Mertxe

    Lan bikaina, bai, eskertzekoa. Segi horrela.

  4. Leo

    Es conocido que un sindicato local de Pasaia llamado “frente marino” se declaró en huelga y organizó un desfile (lo que hoy es una manifestación) a Donosti.
    El acto se declaró ilegal pero recibió la solidaridad activa de la CNT. El día de la marcha los marineros se vieron reforzados por los anarcosindicalistas. A la altura de lo que hoy es Bidebieta la guardia civil cortó el paso fusil en mano. Los cenetistas consiguieron convencer a los militares para que no dispararan y ademas dejaran pasar el desfile utilizando solamente la oratoria.
    En menos de un mes la asamblea del sindicato “frente Marino” decidió integrarse en la CNT. Es por esto que la confederación tenia en el tiempo de la guerra una fuerte presencia en Trintxerpe.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean