Marzial Ibarbia Anabitarte, Aita Akilino
Herrerako ibarbiatarren artean murgildurik, etxeko txikienarekin topo egin genuen, Marzial Ibarbia Anabitarte, Aita Akilino karmeldarrarekin (1908-?), eta hark idatzitako euskarazko hainbat idatziekin. Haren lehen datuak Aita Onaindiak eskaini zizkigun Euskal Literatura V liburuan, Estibausen “Ibarbia” artikuluan jaso genituena, eta datozen lerroetan informazio hori zabaltzera eta euskal literaturari egindako ekarpena, oso txikia bada ere, ezagutzera gatoz.
Aita Akilinori buruz Onaindiak emandako informazioari bi datu biografiko gehituko dizkiogu, 1933. urtekoa lehenengoa eta 1938koa bigarrena.
Lehenengoa La Salleko Anaiei Herreran 1933ko uztailaren 30ean egindako omenaldiaren kronikan egiten den aipamena da. Honela dio kronikak: “Herrera-Altza. ERMANUARI OMENALDIA.- (…) Itzaldi sermoia egin zun Aita Akilino karmeldarrak, au ere emengoa eta eskola ortan izana; lendabiziko agurketa euskeraz egin ondoren, jarraitu zun erderaz, eta ondo garbi azaldu zun bere ta erreratar danon esker sutsuak, urte oyek danetan, emengo irakasle izan diranari, eta zenbait añeko kaltia izango dan danontzat geyago berak ezin jarraitzia orain arte ain ondo bete duten lanari; eta ori galerazten dutenentzako ere izan zitun itz egizko batzuek; bukatu zun adieraziyaz gurasoari beren betebiarrak beren umetxoak bihar bezelako katoliko jaungoiko zaliak izateko, batez ere oraingo ekaitz aldi ontan. (…)” (1)
Aita Akilino, erdi-erdian, betaurrekoekin eta aurpegia lausotua. Haren eskuinaldean, Victoriano anaiaEkitaldi horretan parte hartu zutenen talde argazkian Aita Akilino agertzen da bere anaia Victorianoren ondoan jarrita; aurpegia lausotua badago ere, karmeldar abituari esker identifika dezakegu,.
Bigarren datua 1938ko abuztuaren 4ko Estatuko Aldizkari Ofizialean aurkituko dugu non kontzentrazio esparruetarako kapilau militar gisa ezgai deklaratu zuten: “Baja / Clero Castrense / Declarado inútil para el servicio el capellán don Marcial Ibarbia Anabitarte, afecto a los Campos de Concentración, por Orden de 2 de marzo último (B. O. número 499), causa baja en su destino y en el Ejército.” (2)
Aita Onaindiak aipatutako jarduera literarioari helduz, Onaindiak berak dio «Karmel Gizkarbiaren M. A.» ezizenarekin sinatzen zuela. Honen inguruan, 2002an argitaratutako “The Feminist Encyclopedia of Spanish Literature: A-M” delakoan, Karmel Gizkarbiaren M.A. hori “Modesta Ana” dela esaten du; beraz, emakumea. Ez dakigu zertan oinarritzen diren egileak hori esateko, baina kasu horretan Onaindiak dioena fidagarriagoa deritzogu, Ibarbia bezala Onaindia ere karmeldarra baitzen. (3)
Ezizen horrekin Euskal-Esnalea aldizkarian argitaratutako testuetatik hiru “Izkirimiriak” dira, hau da, txiste edo ateraldi modukoak. Eta bestea, Arantzazuko Amabirjinari egindako poema.
Azkena 1924an argitaratutakoa da. Karmeldarren Amorebietako komentuan zegoen eta bizkaieraz idatzita dago. Kasu honetan, ordea, “Ibarbia’tar Markel” sinadura erabiltzen du.
Hona hemen segidan aipatutako idazlan horiek.
- Euskal-Esnalea, 1923-06, 234. zbia
Izkirimiriak
-Adi zak. Donostira nundik joan liteke?
-Motell, ori edozein astakok zekik.
-Orregatik galdetzen diat bada…
*
Etxekoandreak: -Andre orri etxean ez nagola esan al dion?
Neskameak: -Bai andre.
-Ta zer esan din?
-«Au poza!»
*
Euskaldun jator bat jatetxe batean sartzen da, angoak ere euskaldunak izango ziralakoan.
-Arrautz erreak -dio morroiari eskeka, baña morroiak ez zion ulertzen.
Ez zekian erderaz nola eskatu, baña azkenez, estu ta gorri-gorri eginda, ukabilla erakutsirik, esan zion.
- Blancos… biribillotes… zirt zart…
Berealaxe ekarri zizkion arrautzak.
Karmel Gizkarbiaren M. A.
* * *
- Euskal-Esnalea, 1923-08, 236. zbia
Izkirimiriak
Baserritar bat geltokian (estazioan) jetxi zan. Txerrikiz betetako pardeltxo bat zekarren, eta ixilik, atekoak ikusi gabe, igarotzearen, lokarri batez lotu zuan gerrian, brusa azpian.
-¿Qué es esto? (Zer dek au?) -galdetu zion atekoak lokarritik tira egiñaz.
Ta baseritarak, bildurtu gabe:
-Kate de reló.
-¿Y esto? (Ta au?) -esan zion atekoak, parrez pardela joaz.
-¿Esto? ¡El despertaore…!
*
Senar-emazte batzuk Tolosa’ko eldu dira ostatu batera:
-Ostatu ontan zenbat ordaindu bear da egunero?
-Buru bakoitzaz ogei peseta.
-Orduan ik, Mañaxi -dio senarrak- ez den ezer ordaindu bearko.
-Zer ba?
-Bururik ez daukan-eta…
-Ik ordea bik aña ordaindu bearko dek.
-Zergatik?
-Buru-aundi bat aizelako.
Karmel Gizkarbia’ren M. A.
* * *
- Euskal-Esnalea, 1923-09, 237. zbia
Arantzazu’ko Amari
Deitu zugana…! (1)
I
Arantzazu’ko Andre
bigun ta laztana,
Osoz gera Zuretzat,
guretzat Zu dana.
Zu gure Ama!
Arren, zure begiok
itzuli gugana.
II
Miren Gizkarbi eder,
«erruge bakarra».
Zulakoa nor, Ama,
«Goikoa» ez ba-da?
Nor Miren aña?
Poz-gosez damatzugu
musu bigun bana.
III
Miren maitetsu ori
gurea zerana.
Zure jabetza gera
zaitu ala-bada;
ta gero, Ama,
gure eriotz aldian,
bai! deitu Zugana.
IV (2)
Arantzazu’ko Andre
bigun ta laztana,
Osoz gera Zuretzat
guretzat Zu dana.
Zu gure Ama!
Gure eriotz aldian,
bai! deitu Zugana.
Karmel Gizkarbia’ren M. A.
(1) Au guzia Negarrez ikuslen zaut eresiarekin abestu liteke.
(2) Lenbizi ta azken apaldi au, bakarrik abestean.
* * *
- Euskal-Esnalea, 1923-11, 239. zbia
Izkirimiriak
Zabaldegi’ko etxekoandrea neka-neka eginda dator. Arnaska sartu da etxean.
-Erdi ilda natxetorrek -dio senarrari.
Ta senarrak erantzun dio:
-Arraioa! Beti erdika egiten ditun gauzak…
*
Langille euskaldun batzuek zigarrua erre ta must bakoitzean kea sendo ateratzen daude. Zertzaz itzegin ez jakiñik, dio batek:
-I, Treku, erderaz jakingo dek noski.
-Ik aña bai beintzat.
-Baietz? Txiki bat, irabazten badirak. Esan zak zerbait.
Ta Treku’k, bere zigarruari mustada luze batean kea atereaz, ala dio:
-¡Qué ke!…
Ta besteak, arrituta:
-Ni baño geigo aiz…
Karmel Gizkarbia’ren M. A.
* * *
- Euskal-Esnalea, 1924-09, 249. zbia
Mayatzaren agurra
Flores apparuerunt in
terra nostra.
(Cantica Canticorum.
c. II v. 12.)
Eldu da udabarriko
arorik onena;
auxe iruditzen yaku
danoi ederrena.
Orain baratzak dagoz
loraz apainduta,
lugatzak be polito
orriz estalduta.
Txori abeslariya
dabil gaur kantetan
ta egiten kabiya
zugatz adarretan.
Lorarik-lora dabiltz
mitxeletatxuak
loretan etzan nairik
euren egotxuak.
Ibai bat be badator
nire baratzera
bertan daukotan lora
uraz bustitzera.
Loratxu orrek atzo
eukan pipiltxu bat,
gaur juan nazanian
larrosa eder bat.
Lora ganian dabil
erle langillia
bertatik artu nayan
loran zuatzia.
Ta arinki zugatzetan
bere ego bigunak
edatuten izan dauz
sarkalde aiziak.
Beste egunetan baño
eguzki ederrak
geyago berotzen dauz
landare mardulak.
Zugatzak asi dira
agertzen orriak
ludia alaitu dayan
euren kerezpiak.
Artalde txikitxu bat
ardi zuriakaz
dua mendietara
bere artzayakaz,
belar ureztatua
poz-pozik yatera
ta zuritasunagaz
zelaya alaitzera.
Illarik ederrena
Orrilla da agertzen
atsegiñez biyotza
daulako betetzen.
(Nor ez da ba poztuko
Miren’en illian?
Non-nai aurkitzen zara
loraren erdian.
Kukua pozik dabil
zelai-mendietan
kuku, kuku ta kuku
beti berriketan.
Zaspi urte egin zitun
eskolan ikasten
ta ez eban ikasi
geyago esaten.
Ni be egiten bertsuak
lenen gaur naz asi
baña kuku antzera
gutxi dot idatzi.
Zorunak damotzudaz
gaurko egunian
ta egon zaitezala
beti lora artian.
Ibarbia’tar Markel
Amorebieta
Erreferentziak:
(1) El Día, 1933-08-02. LASA, Martín José: “Crónica de la comunidad de Alza-Herrera de los Hermanos de las Escuelas Cristianas“. In: Altza Hautsa Kenduz XI. Altza: Altzako Historia Mintegia, 2011 (123-124 orr.)
(2) Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1938ko abuztuaren 6an, 595. or.
(3) Janet Pérez, Maureen Ihrie: The Feminist Encyclopedia of Spanish Literature: A-M. Greenwood Press, 2002, 52. or.: “One of the most important pre-Civil War magazines was Euskal-esnalea, which from 1908 to 1930 organized literary competitions, many of which were won by women. In 1923, Karmel Gizkarbiaren Modesta Ana Begoña won, and the following year top honors went to Txindokiko Marie (1924; Mary from Txindoki), a children’s story by Margarita Unzalu.”
2018, Irailak 26
Argazkian ere Leopoldo anaia. 33 urte beranduago Loiolako Lasallen, nire lehenengo irakaslea izan zena.