Joxe Artetxe idazlearen hilobiari bisita

2018, Azaroak 1

Arteche hilobia

Iñigo Landa

Santu Guztien egun honetaz baliatuko gara Altzako hilerrian lurperaturik dagoen euskal idazle baten hilobia bisitatzeko, Jose de Arteche Aramburu (Azpeitia, 1906 - Donostia, 1971), eta, bidenabar, bere bizitzaren hainbat pasarte eta lanak berreskuratu. Idazle autodidakta, pertsona eta pentsalari gisa oso estimatua izan zen bera ezagutu zuten intelektualen artean. Ikuspegi erlijioso sakona zuen eta bere burua liberaltzat ikusten zuen.

Besteak beste, Arantzazuko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen eta Jorge Oteizaren oso adiskide. Miguel Pelay Orozkok kontatzen duenez, elkartzen zirenean bere burua behin eta birritan liberal gisa azaltzen zuen eta bere bi aitonez hitz egiten zien, liberala bata eta karlista bestea. Berak aitona liberalaren esanak goraipatzen zituen solasaldi eta eztabaidetan, baina, behin batean, Arantzazun, 1969. urtean, elkarrekin bazkaltzen ari zirela, Oteizak esan omen zion: “-Pero tú no terminarás de conocerte a ti mismo. Estás dando la matraca con tu abuelo liberal. Y, ¿dónde dejas el abuelo carlista? ¿No ves que lo bueno que hay en ti procede de tu abuelo carlista, de ese que estás olvidando siempre? Fíjate lo que te digo, Joshé: ningún abuelo liberal sirve para nada. Los que nos sirven a los vascos de hoy son nuestros abuelos carlistas.”

Dikotomia eta gatazka hori bere bizitzaren marka izango da. Errepublika garaian PNVko burukide izan arren, gerra zibila hasi zenean ez zuen bere alderdiaren bilakaera jarraitu eta errekete tertzio batean egin zuen gerra osoa. Eta, horrela, abertzale askok traidoretzat hartu izan dute eta gutxietsi. Aldi berean, frankismoan zentsuraren begiradapean bizitu zen.

Gerran tirorik bota gabe eta inor hil gabe igaro zuen. Bi bandoen arteko gerra horretan, autore batzuk “Hirugarren Espainia” delako horren multzoan koka daiteke Arteche idazlea, hau da, gerra zibilak inposatzen zuen banaketa manikeo horrekin bat egiten ez zutenen artean. Hori bere idatzietan nabaritzen da. Hogei bat liburu -gehien bat historiako euskaldun ezagunen biografiak- eta aldizkarietan eta egunkarietan artikulu ugari idatzi zuen, gaztelaniaz zein euskaraz. Alabaina, bere liburuen artean Gerra Zibilaren garaian eta ondoren idatzitako egunerokoak izango dira gogoragarrienak eta, batez ere, hil aurretik argitaratutako azkena: “El abrazo de los muertos”.

azalaLiburua bere gerra egunerokoa da. Egunez egun, 1936-39 urte bitartean, Euskadin, Aragoin, Katalunia, Valentzian eta Gaztela-Mantxan soldadu gisa bizitutakoaren lekukotza eskaintzen du. Liburuaren irakurketa ezinbestekoa da gerraren ikuspegi humano baten lekukotza jaso nahi duenarentzat. Izenburua Sibigain mendian nagusitzeko egondako borroken ondorio latzetik hartua dago: “Por todas partes, cadáveres y más cadáveres;… Y  según se sube, muchos más cadáveres todavía, gudaris y soldados en montones confusos y con los brazos en cruz. Los cadáveres no se acometen, se abrazan. Los hombres no se reconcilian sino en la muerte.” Liburua 1970. urtera arte ezin izan zuen argitaratu eta Antono Valverdek azalerako egin zuen irudia -errekete soldadu bat eta gudari bat biak hilik eta besarkaturik- zentsurak debekatu zuen. Adiskidetzearen aldeko langilea izan zen. Bere laguna Oteizak zioen bezala -”El que avanza creando algo nuevo lo hace como un remero, avanzando hacia delante pero remando de espaldas, mirando hacia atrás, hacia el pasado, hacia lo existente para poder reinventar sus claves” -, Arteche ere, historia idatziz eta bere oroipenak eta egunerokoak argitaratuz aurrera begira egin zuen. Joxe Ramon Zubimendik eta Mikel Atxagak Bidegileak bildumarako idatzitako biografian, Anizeto Zugasti apaiz idazle altzatarrak Artechek bihotzez jota hil aurreko ordu batzuk lehentsuago eman zion aholkua  gogora ekarri zuen: «Ez atzera begiratu! Aurrera, beti aurrera! Ez alde batera ta bestera, beti aurrera!».

Urteak pasa ahala Arteche ahaztua izan da gurean, baina haren kezkak eta jarrerak gaurkotasun handia izaten jarraitzen dute.

Kutxateka

Altzako hilerria, 1971-09-24 (Kutxateka)

Etiketak: ,

Iruzkin 1

  1. Luma

    Guztiz konforme egindako artikuluarekin. Artecheren “El abrazo de los muertos” liburua denok irakurri beharko genuke.
    Aipatzen dezu gerra osoa erreketekin igaro zuela, baina uste dut ikasketak zituenez berehala ofizial moduan ermada erregularrera eraman zutela.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean