Bide ugari Bidebietan

2017, Maiatzak 21

bidebietabaju

Ulia-Mendiolapean finkaturik dagoen auzoan zehar ibilaldia egitea erakargarria delakoan gaude. Horri gehitu behar zaio Pasaiako portuarekin muga egiten duen auzoa dela, Altzako herrian bere sustraiak dituen eremua dela, eta iraganean baserri eremu adierazgarria izan zela. Gainera, Kontadores Gazte Zentroak eta Altzako Historia Mintegiak 2017ko maiatzaren 20rako antolatu duten ibilaldian, auzoan bizitako jendearekin berriketan aritzeko aukera eta euren oroitzapenak entzuteko tartea izango dugula ere aipatu nahi dugu; ibilaldian zehazturik ageri diren geldiuneetan horiek esanahiez beteko dituzten pertsonekin hitz egiteko tartea izango dugu. Beraz, atzera bota ezin duzun gonbidapen baten aurrean zaude.

Auzoa ezagutzeko bide ugari proposa litezke, baina, abiapuntua jarri dugu ondare industriala geratzen den eremuan, garai bateko Contadores enpresako instalazio osagarriak zeuden eta gaur egun 1. Kontadores Gazte Zentroaren eremu den horretan. Iragana, oraina eta etorkizuna batzen dira mantendu den leku honetan, eta jarduera kultural zein artistikoak gazteei eskainiz bizitza berri bat eman zaio instalazioari. Bertatik 2. Pasaiako Portuaren inguruetaraino jarraituko dugu, Herrera aldera, portuaren iraganari lotura egiten dion eremura eta iragan horren eraispena eta eraldaketa erakusten dituena (José Antonio Lasa S.A.). Gogora dezagun portua izan dela inguru honetako motor ekonomiko nagusia.

Auzoan sartuko gara aldapan gora 3. Gomistegi baserria dagoen tokiraino. Izen honek egungo etxe multzoari izena ematen dio, eta Donostia eta Pasaiaren arteko mugan kokatuta dago. Baserri honek ehun urtetik gorako zuhaitz berezia balitz bezala iraun du, eta auzoaren eraldaketaren lekuko izan da. Baserriaren aurreko jabea, Paco Muñoak, garai hartako bizipenak eta memoria berpizten dituzten oroitzapen eta argazkiak utzi dizkigu. Trintxerperekin muga egiten duten eremuetatik gerturatuko gara Azkuene kalera jaisten den igogailura, eta bertan 4. Mogambo aretoa nabarmentzen da. Erreferentziazko lokala izan da musika zaleentzat, eta, bereziki, hardcore, heavy, punk eta rockaren jarraitzaileentzat. Hasieran, bingo bat izan zen, gero kasinoa, handik tarte batera zuzeneko ikuskizun erotikoak eskaintzen zituen festa aretoa. Jarraian, Ulia-Mendiolapera igotzen den bidexka batera joango gara 5. Ur deposituekin topo egiteko. Uliarekin muga egiten duen ingurune hau natura aldetik aberatsa ez ezik, ondasun adierazgarria du, uraren erabilerari dagokionez, lurpean gordeta dauden ur eramateko hodietan. Garai batean ur hodi horiek hornitzen zuten Donostia eta Pasaiako Portua ur edangarriaz. Deposituetara gerturatzean entzun dezakegu Mendiolako iturrietatik datorren ura: lurpean dauden ur hodiek mendia zeharkatzen dute depositu horietaraino, eta gaur egun Pasaiako Portua urez hornitzen dute.

Berriro ekingo diogu ibilaldiari Juan Carlos Guerra kalean barrena eta igaroko gara 6. “Ikastetxe Horia” bezala ezaguna den eraikinaren ondotik. Egun, eraikin horretan daude Bidebietako Institutua eta Auzoenea eremu autogestionatua.

Merezi du geraldia egitea 7. 12 Blokearen oinetan. “12 apostuluetatik” azkena, 1967an, frankismo garaian, eraikia eta “La Paz poligonoa” bezala ezaguna den eraikin multzoaren parte den dorrea da. Jarraipena emango diogu ibilaldiari 8. Guardaplata izenez ezaguna den bideraino. Guardaplata Bidebietako garai bateko baserria zen, izatez Pordeplat zuen izena, Erdi Aroan sustraituriko izena hain zuzen ere. Aurrez aurre jarrita, ikus dezakegu Donostiako tranbia konpainiaren langileen bizileku multzoa, 9. “autobus gidarien etxebizitzak” bezala ezaguna dena. Etxebizitza horiek, ondoan kokaturik dauden beste etxebizitza batzuekin batera, —Marina etxebizitzekin esate baterako—, auzoko dorreetatik aparteko multzoa osatzen dute. Julio Urkijo kalearen amaiera arte egiten badugu, 9. blokea dagoen tokira arte iritsiko gara. Bertan kokatzen zen auzoko 10. antzinako parrokia eta, egun, Peña Taurina elkartea dago. Blokearen atzealdetik sartuko gara 11. “Tiro Nazionalazegoen lur eremura. Eremu horretan zibilek zein militarrek tiro praktikak egiten zituzten XX. Mendearen hasieratik. Serapio Mugica kalea hartuta 5. blokea dagoen lekura iritsiko gara, eta bertan parez pare izango dugu 12. tunelera doan bidexka. Tunelak Errotazar iturria eta Moneda erreka lotzen zituen, eta ura Uliako deposituetaraino bideratzeko balio zuen. Depositu horiek Donostiako hiria ur edangarriz hornitu zuten XIX mendean zehar.

Ibilaldian atzera eginez, 13. 4 Blokera joko dugu. Bloke horretan, hain zuzen, inauguratu zuen Francok ofizialki auzoko eraikin multzoa 1967an. Gurutzatu eta inguratu egingo dugu parean dugun dorrea, eta bertan dago 14. Bidebieta Elkartea. Elkartearen sarreran airetik ateratako argazki bilduma dago auzoaren bilakaeraren erakusgarri. Handik, bide batek 16. Moneda baserria dagoen lekuraino eramango gaitu, eta 2003an inauguratu zen 15. Bidebietako parkea inguratuko dugu. XVI. Mendeko arkitektura tradizionalaren erakusle den baserrian geldiunea egin ondoren, eraikinaren parean ikusiko ditugu 17. “banketxeko langileen bizilekuak bezala ezagunak diren eraikinak, Peña Gantxegi arkitekto gipuzkoarrak diseinatuak. Baserriaren ondoan, 80. hamarkadan sortutako 18. merkataritza zentro bat dago, Bidebietako parkea mugatzen duena. Handik, auzoko 19.Erretiratuen Etxera joko dugu. Nagusientzako jarduerak egiteko lekua izateaz gain, hainbat belaunaldien arteko topaleku den taberna bat du barruan.

“Labirintoa” bezala ezaguna den bidetik igoko gara errepide nagusira, hain justu Gloria Fuertes eta Obaba pasealekuak elkartzen diren lekura. 20. Contadores eremuko etxebizitzen parean geratuko gara (Arnaobidao), ur kontagailuen fabrika bota ondoren, 2000 urtean, eraiki zen etxebizitzaren aurrean. Handik, 21. La Asunción Ikastetxea ikusiko dugu, 1882an sortua. Horrenbestez, eraikin horrek Mirakruz gainaren 135 urteko oroitzapena ekartzen digu gogora. Beheraka joko dugu 22. Gaiztarro aldera, eta erreparatuko diegu garai batean Bidebieta jauregiaren lursaila inguratzen zuten harresi arrastoei. Lursail horien barnean Normandiar estiloko jauregitxo bat zegoen lorategi handiz inguratuta. 1963tik eremu hori gaur egun ezagutzen dugun bezala urbanizatzeari ekin zioten, baina, oraindik ere bada eraikin bitxi bat iragan ospetsuari keinu egiten diona: jauregiaren estiloa gordetzen duen 23. guarda etxearen eraikin berreraikia hain zuzen. Zuhaitz estalki paregabea duen urbanizazioan zehar ibiliko gara eta ibilaldiaren azken puntura, Kontadores Gazte Zentrora, iritsi baino arinago, mendeetan zehar Pasaiako Badiaren sarbidea izan den puntura joango gara. Puntu honetan zegoen kokaturik 24. antzinako ontziralekua Herrera izena zuena.

Etiketak: , ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Abendua 2024
A A A O O L I
« Aza    
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS DE ASOCIACIONISMO »
  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS »
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»

etiketak


Sarean