Mercader du izena
Donostiako Udalak Altzaren ondare historiko eta kulturalekin zerikusia duen guztiaren degradazio sistematikoarekin jarraitzen du. Orain Mercader izenari tokatzen zaio, kirol azpiegitura eraikiko duten lekuaren izena, haiek Merkear bezala “normalizatu” nahi dutena. Merkear, Mercaderren ahozko forma laburtua da, oinetxeren izen eta familia abizen altzatarra, Erdi Aroaren amaieratik gaur egun arte dokumentatua eta, honezkero, hemen, Estibausen aipatu duguna.
Baina haiek ezjakinarena egin nahi dute, eta ahal duten guztia egiten dute altzatarrak ezjakinak izan daitezen. Izen historiko hori lurperatu nahi dute, baserriaren lurrak AP-8ko hondakinen zabortegiaren azpian lurperatuta geratu diren bezalaxe. Udal horren ohiko praktika da. Bi adibide baino ez. Arriaga oinetxearen lurren gainean, Harria parkea eraiki zuen; Aduriz oinetxearen lurren gainean, Auditz-Akularren garapen urbanistikoa du proiektatuta. Mercader, Arriaga, Aduriz… ordez Merkear, Harria, Auditz… normalizatuz, Altzaren nortasun historikoari beste lur-palada bat ematen diote.