Lankidetza falta Ekialdeko Barrutiarekin
2020ko irailaren 16an Ekialdeko Barrutiko Batzordearen ohiko bilera egin zen (Altza, Bidebieta, Intxaurrondo). Bertan, Martin Ibabe Lehendakariak adierazi zuen ez zegoela erabaki irmorik barrutiaren 2019 eta 2020ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektuak exekutatzeari dagokionez. Hurrengo egunean, El Diario Vasco egunkariak albiste hau argitaratu zuen: “Los proyectos del distrito Este quedan en suspenso por la pandemia“, Udaleko Lehendakaritzako Zuzendari Manu Narvaez zitatuz.
Tamalez, ez da lehen aldia udal gobernuak egia ezkutatzen digula. Ekialdeko Barrutia eratu zenetik, etengabekoa izan da Udalaren aldetik lankidetza falta izan denaren kexa. Batzordeko 8 elkarteok askotan adierazi dugu koordinazio eta komunikazio falta dagoela, eta horrek aurrera egitea eragozten duela.
Barruan esan dugu, Batzordean, lantaldeetan, sailekin egindako bileretan; eta kanpoan, prentsa-oharretan eta artikuluetan, auzoetako elkarteekin egindako koordinazioetan. Baina egoerak hobera egin beharrean, okerrera egin du azken legegintzaldian.