Aurtengo Batzarra eta planak

2021, Ekainak 2

batzarra2021

Joan den ostegunean egin genuen Tomasenen AHMren urteko Batzarra. Estibaus buletina banatu genuen (hemen deskargatu daiteke), non 2020ko jarduera paperean jasoa geratu den, eta haren bitartez urtean zehar egindako lana errepasatu genuen. Pandemiak eragindako murrizketek elkartearen jarduera baldintzatzen ari da, argi eta garbi, baina halere iazko balantze orokorra ona da; izan ere, jarduera batzuk murriztu edo eten egin ba ziren ere, beste batzuk normaltasunez egin ahal izan ziren, eta besteen kasuan, berriz, areagotu egin dira, digitalean egiten diren jardueretan bezala.

Aurtengoari begira, eremu digitalean irekita ditugun jarduerak lantzen jarraituko dugu (dokumentazioa, sare sozialak, blogak…), eta, batez ere, Altzanet web gunea, gure jarduera digital guztien aterpea dena eta aurten 25 urte beteko dituena.

Aurrez aurreko jarduerekin ere jarraituko dugu, jakina, horiei arreta berezia eskainiz. Aurtengo Altzako Naturaldia amaitu berri dugu, eta oso parte-hartze ona izan du, bai ibilaldietan, baita hitzaldietan ere. Txangoei dagokienez, Plus 55ekoak martxan daude. Orain arte bi egin dira, eta ekainean beste bi egingo ditugu. Uztailean seguruenik bosgarren bat egingo da, baina konfirmatzeke dago, eta uda ostean beste batzuekin osatuko dugu aurtengo egitaraua. Egindako jardueren argazki-erreportajeak ikus ditzakezue hemen.

Bestalde, uztailerako erakusketa berri bat prestatzen ari gara Garberan, Bidebietako argazkiekin. Auzoko bizilagunen laguntza izan dugu Tokiko Bildumaren funtsa aberasteko, eta, udazkenari begira, Bidebietaren inguruko eta auzoan bertan egin beharreko jardueren programa zabalago batean pentsatzen ari gara. Garberako erakusketekin lotuta, aurreko aste hauetan zehar, aurreko hiru edizioetan azaldutako argazkiak aldi baterako banatu eta zintzilikatu dira gure auzoetako taberna batzuen artean, eta ostalarien eta bezeroen artean oso harrera ona izan dute.

Azkenik, Errepublika eta sufragio zuzenaren bidez hautatuak izan ziren zinegotziekin osatu zen Altza Herriko udalbatza bakarra ekarri zituzten udal-hauteskundeen 90. urteurrenarekin bat etorriz, lanean ari gara Ekialdeko Barrutiko Memoria Historikoaren batzordearekin, gure historiako aldi garrantzitsu horretan korporazio hautetsiak egin zuen lanaren aitorpen instituzional eta herrikoia egiteko, aurreikuspenen arabera irailaren 11n ospatuko dena.

Jarduera horien eta urtean zehar sor daitezkeen beste batzuen berri garaiz emango dizuegu, zehaztu ahala.

batzarra2021b

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Abuztua 2025
A A A O O L I
« uzt    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

RSS

Azken iruzkinak

  • Ion Urrestarazu
    (2025, Abuztuak 12)
    «A mi siempre me llamó la atención, pues no parece muy heráldico, y viendo la complejidad de las piezas exhibidas ...»
  • Estibaus
    (2025, Abuztuak 11)
    «"Baserria" erakusketarekin batera, irailaren 10ean , Gipuzkoako Foru Ondare Historiko-Artistiko Saileko Ainara Iroz Zalba eta Josu Maroto Peñagarikanoren eskutik ...»
  • Zigor Etxeburua
    (2025, Uztailak 23)
    «Zorionak egindako lanarengatik. Datuz ederki hornitu duzue, eta Altzako garapen ekonomiko sozialaren alderdi ezezagun hau argitara eman duzue. Interesgarria litzateke ...»
  • Joseba M. Peña
    (2025, Uztailak 22)
    «Eskerrik asko hitzak hauengatik. Besarkadak »
  • Luma
    (2025, Uztailak 4)
    «Oso oso interesgarria. Mila esker. »

etiketak


Sarean