Joan Mari Irigoienen liburu-irudien erakusketa

2013, Irailak 23

Imanol Irigoien

bammmAurtengo urriaren 3an, gure jaioterrian -Altzan-, Joan Mari anaiaren ia 40 urteko ibilbide literario luze-zabala dela-eta, ekitaldi literario bat izango da; ekitaldiaren argigarri eta osagarri gisa, berriz, haren liburuei egin zaizkien ilustratze-lanen erakusketa antolatu dugu, urte luzeetako fruitua ere badena eta antologikotzat jo dezakeguna.

Ez da, ez, ohikoa edozein idazleren libururik gehienen ilustrazioa irudigile baten esku soilik izatea… normalena bestela baita: irudiak hainbat eta hainbat ilustratzaileren artean sakabanatuta egotea; halaxe gertatzen da, ordea, Joan Mariren kasuan, ni neu izan bainaiz haren liburuen ilustrazioak egin ohi dituena, eta ni neu, ondorioz, margolan hauek guztiak gordetzen ditudana. Egoera honek izugarri erraztu dizkigu, jakina, erakusketaren antolatze lanak.

Garbi dut ez nintzatekeela behin ere ilustrazio munduan ari izango, baldin eta anaia idazlea izan ez balitz: anaia idazle izateak bihurtu nau ilustratzaile. Txiripa hutsa, beraz.

Dena den, ez naiz izan ni zeregin horretan diharduen bakarra, izan baitira beste hiru ilustratzaile ere -ospetsuak hirurak-, Joan Marirekin elkar harturik aritu direnak: Antton Olariaga (Oilarraren promesa -1976, Gero argitaletxea-, handik 35 urtera, 2011n, 2. argitalpena izan zuena, berritua, Elkar-en eskutik; Bakarneren gaztelua, 1986, Erein; Kalamidadeen liburua, 1996, Elkar; eta Hitzaren gurpila I-II, 2012, Elkar); Jon Zabaleta (Metak eta kometak, 1994, Elkar); eta Jokin Mitxelena (Apaiz zaharraren gitarra, 1996, Elkar).

Ezin uka oso berezia izan zaidala, hainbeste miresten ditudan irudigileokin batera, anaiaren liburuen ilustratze-lanetan aritzea, berezi-berezia izan zaidan bezala, aldi berean, euskal idazle baten sortze lanetan egilearekin berarekin elkarlanean aritu izana: anaia gazteenarekin, alegia. Berezia eta bitxia, anaia gazteenak hitzez irudikatutakoa anaia zaharrenak margoz irudikatzea…

Hala, bada, 30 urte pasatxoren ilustrazio ibilbidea izango duzue ikusgai Tomaseneko aretoan: hasi Poliedroaren hostoak (1982, Erein) eleberriarekin eta aurkeztu berri den Arma, tiro, bammm! (2013, Elkar) eleberriarekin amaitzen den ibilbidea. 18 liburuen ilustrazioak, guztira: behin betiko irudiak, alde batetik, eta gainerako bertsio zein zirriborroak, bestetik.

Nola ahaztu anaiak bere proposamena -lehen aldiz!- egin zidaneko unea, ea liburu baten azala (Poliedroaren hostoak) margotuko ote nion…! Hura ustekabea…! Zalantzak, larritasunak… baita lotsa zein bertigo puntuak ere hartu ninduten bat-batean. Ez zen gutxiagorako: nire helburua ilustratzaile izatea izan gabe, halako profesional gain-gainekoen zeregin beretan sartuta ikustea nire burua, alajaina, egun batetik bestera! Arte munduko dilettante soila izanda, non… eta euskal ilustratzaile profesional bikain hauen eremuan sartu nintzen, oin puntetan sartu ere, intruso baten gisa. Eleberri hura ilustratzea proposatu zidanez geroztik, ia anaiaren liburu gehienen irudiak margotzea egokitu zait jarraian. Ohorea, erantzukizuna… baita gozamena ere niretzat. Hementxe daukazue, ikusgai, hogeita hamar urte hauetako emaitza.

Joan Marirekin elkar harturik burututako liburuetan, aitortu behar dut abantaila bat izan dudala zeregin honetan, eta ez nolanahikoa ere, besteok izan ez dutena: egunez egun, eta hasieratik amaieraraino, gertu-gertutik jarraitu ahal izan dugu anaiak eta biok, azken punturaino, liburu guztien ilustrazio bilakaera.

Badu zerbait eragingarri erakusketak, nire ustez: bertara datorrenak, Joan Mariren liburu azaletan hainbatetan ikusi ohi dituen irudiak -hots, Babilonia-ko kamelia zuria, edo Consummatum est-eko kameleoi nabarra… edota hemendik aurrera ikusterik izango duen Arma, tiro, bammm!-eko suzko eztanda beldurgarria- zuzen-zuzenean ikusi ahal izango ditu Tomasenen, irudi orijinalak bitarteko…

Azalpentxo bat ere egin nahi nuke erakusten den irudi baten inguruan, bitxikeria gisa: guatxez margoturikoa, bi liburutan erabilia izan da irudi hori bera; bata, Joan Mariren Biziminaren sonetoak (2004, Elkar) poema liburuaren azalean: margolanari, imprimatzerako orduan, egokitze digitala aplikatu behar izan zitzaion, argitalpenak hala eskatzen zuelako; bestea, berriz, gure lagun minaren Patxi Ezkiagaren Bidai doinua - Melodía para el viaje (2005, Arantzazu - Edizio Frantziskotarrak) olerki liburuan erabili genuen, kasu honetan, irudi originala bere horretan erreproduzituz (ohore handia niretzat, Patxi, ondo dakik…). Era honetan, irudi berak, nolabait, bi poeten poema bildumak uztartzen ditu, bizitzak biok senidetu eta uztartu dituen bezala (”anaia poeta” deitzen dio Joan Marik Patxiri gutun batean…).

Eta nolatan adierazi gabe utzi niretzat -baita anaiarentzat ere, jakina- hain atsegin eta hunkigarria den kontutxo bat!: izan ere, nire irudiekin batera ikus daitezke erakusketan gure amak, 95 urte inguru zituela, marrazturiko animaliatxoak, Letra txikiaz bada ere (2002, Elkar) poema liburuko azalean agertzen direnak, eta guri, bere seme-alaboi, txiki-txikiak ginenean, gure ‘Donosti-alde‘ko sukaldean marrazten zizkigunak: xaguak, oilo-oilarrak, txoriak… Eta dena etxean gera dadin, ikusgai izango duzue, halaber, Roman nire anaia bizkiak Ur arreak, ur garbiak (2011, Elkar) eleberrirako marraztu zuen krokis orijinala, non Urgain herria irudikatzen den.

Gure eskerrik beroenak, anaia eta bion partetik, ekitaldi hau ahalbidetu duten guztioi: Casares Kultur Etxeari, Elkar-eko Xabier Mendiguren adiskideari eta lagundu diguten Altzako adiskideoi. Baita, bide batez, Altzako Historia Mintegiako kideei ere, beren parte hartze eta ekarpenagatik: duela bi urte elkarrekin erabili genuen lelo hura (Altzak soinu, Altzak doinu), beste hau bihur dakiguke oraingo honetan, adibidez: Altzan hitzak kolore, koloreak hitz…

Oiartzun, 2013ko abuztuaren 12an.

Hitzaldia urriaren 3an, osteguna, 19:30ean: Xabier Mendiguren Elizegi idazleak emango du, honako izenburu honekin: IBILALDI BAT JOAN MARI IRIGOIENEN OBRAN BARRENA.
Ilustrazio lanen erakusketa Tomasenen: urriaren 3an hitzaldiarekin batera, urriaren 4an, 17:00etatik 20:00etara; eta 5ean, larunbata, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean