Arg.: Patxi Lazkano Sorzabal
Iñigo Landa
Gomistegin, Juan Karlos Gerra eta Azkuene kaleen artean, Mendiolarako bidezidorraren ondoan, badira bi ur-biltegi zilindriko bikiak, bereziak. Izan ere, Uliaren magalean ikus ditzakegun gainontzeko ur-biltegiak etxeko ur-hornikuntzaren sistemari lotuak daude, baina Gomistegiko hauek, berriz, mendia zeharkatzen duten hormigoizko tunelekin batera, Uliako iturrietatik (Billabier, Errotazar eta Ingeles Iturria) ura hartzeko eta Pasaiako portuaren ur beharrak asetzeko eraikiak izan ziren.
Pasaiako Portuko Lan Batzordeak (egungo Portuko Agintaritza) 1942. urtean argitaratu zuen “Memoria. Puerto de Pasajes, Enero de 1927-Diciembre de 1941″ oroitza-txostenean zehaztasunez azaltzen du proiektuaren nondik norakoa eta lanak nola burutu ziren. Inaugurazioa 1939. urtean izan zen. Honen segidan irakur daiteke argitalpen horretan uraren horniketari eskainitako atalaren transkripzioa bertan agertzen diren argazkiekin.