Atala: ‘Tokiko Bilduma’

Notizien artean murgilduak

2013, Abuztuak 6

egin-1977-10

Azken hilabete hauetan Casaresen paperean gordeak geneuzkan prentsako notizien katalogazioan eta digitalizazioan lan egin dugu. Denera milatik gorako notiziak dira, 1907 eta 1999 urte bitartekoak, eta gehien-gehienak, 958, 1976 urtetik gerokoak dira. Horrela, Tokiko Bildumara ekarri dugun multzo berri horrekin, une honetan hemerotekak 2.847 notizia biltzen ditu bere baitan. Gehitutako notizien zerrenda ikusteko egin dezakezue klik hemen.

Udako egun hauek onak izan daitezke hor nonbait hemerotekan murgiltzeko eta gure historiaren urte garrantzitsu haiek gogoratzeko, izan ere gaur egun ezagutzen dugun hirigintza, hezkuntza, kultur eta kirol zerbitzu askoren sorreran eragin zuten elkarte eta auzokideen ekimenetara hurbilduko gaitu notizia horien irakurketak.

Altza NO-DO dokumentaletan

2013, Uztailak 6

la-paz

Txomin Torrado lagunak, -erreportari nekaezina tamalez desagertutako Altza.tv telebistan-, bi lotura interesgarriak bidali dizkigu Tokiko Bilduman gordetzeko. Biak RTVE telebistaren web orriarenak dira eta frankismoaren propagandarako zinemetan pelikulen aurretik proiektatzen ziren NO-DO ospetsuaren bi dokumental dira. Batean, Altzagainako Juan XXIII Lanbide Hezkiketako institutuaren inaugurazioa jasotzen da, 1966ko irailaren 19koa. Eta bestean, Bidebietako La Paz poligonoaren inaugurazioaren etxebizitzen giltza ematearen berri eskaintzen da. Bi bideo hauek mugimendua eman diote orain arte soilik argazkien eta idatzizko notizien bitartez ezagutzen genituen irudiei.

Gai hauekin lotuta:

Oroitu eta aldarrikatu

2013, Martxoak 8

libertarias2Martxoak 8 oroitzapenerako eta aldarrikapenerako eguna da. Eskuratu berri dugun dokumentu batek Gerra Zibileko emakume batzuk oroitzen eta gogora ekartzen lagunduko digu, zeinek inolako protagonismoa bilatu gabe muturreko erabaki bat hartu zuten armak eskutan frontearen lehen lerrora joateko. Aipatutako dokumentua izen zerrenda bat da, miliziano anarkisten zerrenda bat: “RELACION DE GRUPOS LLEGADOS DEL FRENTE DEL SEGUNDO TORREON AL CUARTEL DE ESTAS MILICIAS DE LA C.N.T.” izenburua dauka. Anarkistek Altzan zuten presentziaren gainean datuak eskaintzen dizkigun lehen dokumentua da eta, aldi berean, faxismoaren altxamenduari aurre egiteko armak hartu zituzten lehen emakumeen izen-abizenak eskaintzen dizkigu. Honatx emakume haien izenak: María Ganuza Oroquieta, Juanita Santamarina, Ascensión Olmedo, Pilar Martínez Aguelo eta Manuela Arozamena Sáez.

  (gehiago…)  »  

Fco. Armendariz eta argazkigintza: Altza

2013, Otsailak 28

Jon Serrano

garbera

Garbera

“Album Altzatarra Sarroeta-Martutene txuri beltzez” libururen berri eman genuenean aipatu genuen nola argazkiak bilatzen ari ginenean liluratu gintuen argazkilari batekin topo egin genuen.

Argazkilaria Francisco Armendariz Otalora da (Donostia, 1904-1993). 1929. urtean Maria Aranburu Aldaiarekin ezkondu zenean Sarruetako Aingelu-goya baserrira etorri zen bizitzera. “Coloniales Arregui”-n lan egin zuen.

Argazkilaritza bere mundua zen, bere zaletasun handia. Dolores Armendarizi esker ezagutu dugu eta etxean gordeta zeuzkan hiru album handi et bi txiki ikusten eta kopiatzen utzi digu; denera mila argazki inguru dira.

Album Altzatarra liburuan haren sei argazki erakutsi ditugu, eta argazki guztiak ikusteko modua aztertzen dugun bitartean, Estibausen hiru zatitan horietako batzuk erakutsiko dizkizuegu.

Lehenengo multzoan, Altzako inguruak agertzen diren irudiak bildu ditugu. Argazki bezala ez dira ikusgarrienak, baina jasotzen dituzten motiboengatik balio handikoak dira guretzat. Altzako Tokiko Bildumara gehituko ditugu aurki.

Aurrerago, bi zatitan, gainontzekoen aukeraketa bat eskainiko dizuegu. Lehenengoan bidaien argazkiak dira, Pirinioetan egindako argazkiak, batez ere. Eta hirugarren zatian, erretratuak.

Ziur gaude zuek ere gozatuko duzuela argazkiak ikusten eta islatzen duten bizitasunarekin.

Argazkiak 50. eta 60. hamarkadakoak dira.

Julian Mas, Julimasene

2012, Azaroak 30

Iñigo Landa

julimasene

Julimasene 1965 (T. Paulis)

Mas abizena hortzetik hortzera dabil egun hauetan Kataluniako politikaren karira; baina Mas abizena Altzan ere errotuta geratu da, ezkutatuta bada ere, baserri ezagun baten izenean. Baserri hori Herrerako Julimasene da, Monseko bidean dagoena eta autopistaren ezpondan ia zintzilik geratu dena.

Julimaseneren jatorrizko izena Floresta da eta XVI. mendean agertzen da lehen aldiz dokumentazioan, 1512. urtean hain zuzen ere, eta 1805. urtera arte ez dugu gaur egun ezagutzen dugun Julimasene izen aldaerarekin aurkituko. Aldaketaren arrazoia aurkitzeko 1719. urtera jo behar dugu. Urte hartan Berwickeko dukeak Donostiaren setioan triskantza eta kalte handiak egin zituen eta kalte horien ebaluazioa jasotzen duen dokumentuan aurkituko dugu arrazoia ulertzeko bidea. Dokumentu horretan Altzako etxe eta baserrien zerrenda luzea agertzen da, bakoitzak jasandako kalteen balioarekin batera, baita Julimasene ere: “Casa llamada Julian Mas y su pertenecido“. Ez dakigu zein zen Julian Mas hori, baina “-enea” euskal atzizkiak Floresta izena ordezkatu zuen Julimasene Julian Mas izeneko norbaiten etxea zela adierazten digu zalantzarik gabe.

(Kalteen ebaluazioa jasotzen duen dokumentua irakurtzeko hemen)

julian-mas

Mapa batean lehen aldiz

2012, Urriak 19

altza-1584

Pablo Gorosabelen “Cosas Memorables de Guipúzcoa” liburuaren bigarren tomoan, 279. orrialdean, Anberesen 1584. urtean inprimatutako mapa baten Donostialdeako zatia aurkituko dugu, “xelebre” samar Gorosabelen ustetan Donostiako inguruak irudikatzeko moduagatik. Egia esan, jatorrizkoa Gipuzkoako mapa bat da eta guretzako interesgarria da Altza lehen aldiz agertzen baita mapa batean, bere parrokia “San Marça” izenarekin.

gipuzkoa-1584

San Luis ereserkia

2012, Irailak 4

Iñigo Landa

Udako jaiak eta ospakizunak erabat atzean utzi aurretik Herrerako festen gainean ohartxo hau idatziko dugu, San Luisi eskainitako ereserkia hizpide izango delarik. Izan ere, uda hasieran gure bazkide batek Asteasuko parrokiaren paperen artean kasualitatez orri bat aurkitu zuen “Himno a San Luis” izenburuarekin, eta data ere idatzita zeukan: “Herrera a 21-6-42″.   (gehiago…)  »  

Casanao etxearen dokumentuak

2012, Abuztuak 22

Iñigo Landa

Orain dela urtebete pasatxo, Miren Mendarte Casares errenteriarra, amaren aldetik Casanao baserriko ondorengoa eta familiaren artxibo jasotzailea, gurengana hurbildu zen etxean gordetako dokumentazioaren edukia Altzako Tokiko Bildumaren funtsean ere jasoa gera zedin.

Honez gero, dokumentuak soilik katalogatu ditugu, berrogeita bat denera, gehienak XVIII. eta XIX. mendekoak. Dokumentu asko Casanao baserriaren gaineko zentsuak dira, baina badira ere testamentuak, ezkon hitzarmenak, odol-noblezia kide izatearen autoak eta bestelako gai interesgarriak. Adibidez, 1873. urteko agiri bat Altzako Etxetxiki, Arraskoene eta Antxo baserriak desjabetze prozesua jasotzen duena, Pasaiako portuan zabaltzeko obrak egiteko. Miren Mendarteri gure esker ona adierazi nahi diogu altzatarren ondarea aberasten laguntzeagatik.

1739-12-12

Argazki gehiago

2012, Abuztuak 16

Jon Serrano

Orain dela bi urte Gaiztarro familiak etxeko albuma gurekin partekatu zuen eta horren berri eman genuen hemen Estibausen familia, jauregia, parkea eta Bidebieta-1 urbanizazioaren argazki batzuk erakutsiz. Uda honetan argazki horiek guztiak, laurehun baino gehiago, katalogatu ditugu eta Altzako Tokiko Bildumaren web gunean kontsulta daitezke dagoeneko.

Datozen hilabeteetan jarraituko dugu argazkiei buruz hitz eginten. Izan ere, katalogatu gabe dauzkagun beste argazki multzoekin lanean ari gara eta aurki prest edukitzea espero dugu. Gainera, hirugarren  ”Album altzatarra”-ren prestaketan lanean ari gara buru-belarri. Laster arte, beraz.

c202a-031

Argazkiak

2012, Uztailak 9

Jon Serrano

Azpeitia familiak hirurogeita hamalau argazki utzi dizkigu eta honez gero katalogatu eta igo ditugu Altzako Tokiko Bildumaren web gunera (www.altza.info), bertan ikusi eta informazioa kontsultatzeaz gain fitxak osatu ditzakezue eta baita zuzenketak proposatu ere.

Argazki gehienak Altzagainan eginak dira, eta horietako asko eta asko jai girokoak, sanmartzialetakoak, batez ere herri kirolari lotuak, baina beste gaiak ere aurkituko ditugu. Adibidez, badago argazki berezi bat, San Martzial elizaren aldarearena. Ez dakigu nondik kopiatu den eta noizkoa den, baina ikusten denagatik eliza zaharrarena izan behar du, 1914. urtean eraitsi egin zutena berria eraikitzeko.

Hemen argazki horietako batzuk ikus ditzakezue. Informazioa eta gainontzeko guztiak ikusteko klik egin hemen.

Estibaus

Atalak

Abendua 2024
A A A O O L I
« Aza    
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS DE ASOCIACIONISMO »
  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS »
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»

etiketak


Sarean