Sagardoa Altzan (3): Erdi Aroko lege-esparruaren iraupena (1581-1651)
Iñigo Landa, Juan Carlos Echeveste
Donostiako kontzejuaren 1581-1651 urte bitarteko akten laburpenek argi erakusten dute nola Erdi Aroan sagardoari buruz ezarritako araudiek, batez ere 1450eko Konkordiak eta 1489ko ordenantzek, jokoaren arauak erabakitzen jarraitzen zuten. Hala ere, lege horien aplikazioak etengabeko gatazkak sortzen zituen hiriaren eta Altzako bizilagunen artean, interpretazioari dagokionez.
1450eko Konkordiak lehentasun-ordena bat ezarrita zuen sagardoaren salmentarako: lehenik, Donostiako harresien barruan bizi ziren ekoizleak, ondoren, Altza, Ibaeta eta Artigako bizilagunak, eta, azkenik, hiriko bizilagun ez ziren saltzaileak. Era berean, Altzakoek Pasaiako portuko itsasontziei, baita atzerriko ontziei ere, sagardoa saldu ziezaieketen, baina ez Donostiakoei. Horrela, Altzako bizilagunen sagardoak “sagardo arrotz” izendapenetik kanpo geratzen ziren; beren etxeetan sagardoak upeletan sartu eta berentzako hornidura egin zezaketen, baina ezin zituzten Donostiako hiribilduaren barrura ekarri edo upeletan sartu. Harresi barruko bizilagunen sagardoak saldu ondoren bakarrik merkaturatu zitzaketen bereak hiribilduan. (gehiago…) »







