Altzan barrena Espainiako Gerra Zibilaren garaian

2019, Apirilak 6

Ion Urrestarazu Parada

Ibilbide honetan Gerra Zibilaren garaian Altzan bizitutako hainbat gertaera ezagutarazten saiatuko gara, batez ere Bidebieta-Herrera-Mirakruz inguruan.

Erabilitako iturriak askotarikoak dira, dokumentazio ofiziala, ikerketak, hemerotekak, monografiak, lekukotzak, etab.

a-primera-parada-1-blindado-trincherpe
“Trincherpe” kamioi blindatua, Tolosan atzemana. Euskadiko Filmategia

1. CASA LASA ETA “TRINCHERPE” BLINDATUA

Gerra Zibilaren lehen egunetan, Pasaiako “Avance Marino” sindikatuko kide anarkistak gerrarako prestatzen hasi ziren, lehergaiak eta inprobisatutako kamioi blindatuak atonduz.

Horrela, Trintxerpen blindatu zen bigarren kamioia “Compañía de Maderas” lantegitik hartu eta aurrez aurre zegoen Lasa lantegian moldatu zuten. Eraikuntzan makinistek, suginek, arrantzaleek eta burdin lantzaile batzuek parte hartu zuten.

Irudian, matxinatutako tropak Tolosan sartzean egindako filmazio batetik hartua, “tiznado” deituriko blindatu bat ikus daiteke (inprobisatutako kamioiak izendatzeko lagunarteko terminoa). Bertan, bere karrozerian, anarko-sindikalismoaren bandera gorriak eta FAI-CNT, AIT edo UHP bezalako siglak ikus daitezke, baita “Rojo-Trincherpe” irakurri ere. Horregatik, Pasaiako auzoko tailer batean egin zela pentsarazten digu.

2-b-segunda-parada-palacio-bidebieta

Bidebieta palazioa. Altzako Tokiko Bilduma

2. BIDEBIETA PALAZIOA

Gatazkan zehar, Fausto Gaiztarro arkitekto eta politikari karlistaren jabetzapeko Bidebieta palazio desagertuan gertaera esanguratsuak gertatu ziren.

Gerra hasi baino lehen, 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak lortu zuen garaipenaren ostean, bilera klandestinoa egin zen bertan, non eskuindarren eta abertzaleen ordezkariek konspirazio militarra eta politikoa prestatzeko gaiak jorratu zituzten, “Ezkerreko iraultza” baten prebentzioan.

Gerra hastean, “Avance Marino” sindikatuko anarkistek palazioa konfiskatu egin zuten, eta kuartela bihurtu. Bertan, Loiolako kuartela errenditu ondoren lapurtutako armategiaren zati bat gorde zuten.

Matxinatuak heltzerakoan, palazioa Gaiztarroren eskuetara itzuliko da eta arpilatuta aurkituko du; zilarra eta liburutegia faltako dira. 1937an bilera bat egingo dute bertan non Xabier Borboi-Parmakoa hautagai karlistak parte hartuko duen.

3. MILIZIANOEN ZAINTALDEAK BIDEBIETAKO ERREPIDEAN

Altxamendua izan aurretik, ia alderdi politiko eta sindikatu gehienek segurtasun indar bat zeukaten, alderdiko gazteekin edo sindikalistekin osatuak. Buruzagi politikoen, alderdien egoitzen eta manifestazioen segurtasun-lanak egiten zituzten, baina baita ekintza oldarkorrak, atentatuak kasu.

Altxamenduaren unean, talde horiek borrokaren buru izango dira, eta alderdien jarraitzaileak eta kideak haien inguruan bilduko dituzte. Matxinatuen aurkako borrokan Donostian, “Avance Marino”-ko sindikalistak aktiboenetakoak izan ziren. Bere lerroen artean, milizianoak ere izango dira. Baina horiek ez dira Altza inguruan sortutako milizia bakarrak. Aipatutakoei Eusko Milizien 38 kideko bi talde gehitu behar dira, eta “1ª Compañía Roja de Altza” delakoa, antza denez, Altzako Gerrako komisariaren agindupean antolatuta.

Loiolako Kuartelak Gipuzkoako Defentsa Batzordearen menpe errenditu ondoren, Altzak bere Defentsa Batzordea antolatu zuen. Errepideen kontrola, segurtasuna mantentzea eta herriko edota toki estrategikoetako sartu-irtenak izango dira haren lehentasunak. Lan hori “guardia zibikoak” izenez ezagutzen ziren milizianoen zaintaldeekin egin zen. Oro har, alderdi edo sindikatu bakoitzak bere guardia zibikoekin antolatzen zuen zaintaldea. Badirudi Donostian bateratutako guardia bat antolatu zela, baina, gurean, ez dakigu miliziek bananduak edo elkarrekin lan egiten zuten.

Donostiatik Trintxerpera, Bidebietatik igarota, hainbat zaintalde-postu ezarri ziren, besteak beste, Ategorrietako Erlojuan, San Ignazio Klinikan, Binagrenen, Bidebietako bidegurutzean eta Tiro Nazionalerako sarbidean.

Matxinatuak heldu zirenean, Altzan eratutako miliziek ebakuatu egin ziren, eta laster batailoietan (Saseta eta Karl Liebknecht, adibidez) berrantolatu ziren, Euzko Gudarostean kokatuz. Era berean, guk dakigula, Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldean aritutako altzatar bat Matxitxako lurmuturraren batailan erori zen. Bitartean, Altzan, matxinatuen kontrolpean, miliziak ere sortu ziren, altzatar batzuk karlisten erreketeen tertzioetan edo Falangearen “Columna Sagardia”-n; beste batzuk armadan erreklutatuak izan ziren.

c-tercera-parada-1-pedro-roteta

Pedro Roteta, erreketea. Altzako Tokiko Bilduma

4. LA ASUNCIÓN IKASTETXEKO TXEKA

Gatazka lehertu bezain laster, ikastetxe hau hustu eta Altzako Fronte Popularreko agintariek konfiskatu zuten, eta txeka, espetxe klandestinoa bihurtu zen.

Ez dirudi txeka arrunta zenik. Altzako agintariek kontrolatzen zuten, CNT, IR eta EAJ joera politikoen guardien bitartez. Badirudi Altzako kartzela baten funtzioa bete zuela, zonaldean ez baitzegoen espetxe ofizialik.

Barruan gertatutakoari buruz badakigu gutxi gorabehera dozena bat atxilotu egon zirela, gehienak altzatarrak, eta barruan ez zela torturarik egon eta ez zirela hilketak gertatu.

Matxinatuak iristean, presoak beste txeka batzuetara eraman zituzten, besteak beste, Zarautz, Saturraran eta Loiola. Beste batzuek ez zuten horrenbesteko zorte handirik izan eta Bilbon aurkitu zuten heriotza,  Ángeles Custodios espetxeko hilketan.

Matxinatuak iristean ikastetxea arpilatua  aurkitu zuten, sakristia eta objektu liturgiko batzuk izan ezik, trenkada faltsu baten atzean ezkutatuta zeudenak izan ezik. Denbora gutxi geroago, urriaren 15ean, ikastetxe gisa berriro funtzionatzen hasi zen.

6-e-quinta-parada-tiro-nacional-en-1934

Tiro Nazionala 1934. urtean, plater-tiro lehiaketa batean. Kutxateka.

5. BIDEBIETAKO TIRO NAZIONALA

Fronte Popularraren denboraldian, gerra hasi baino lehen, tiro-lehiaketa bat izan zen Bidebietako Tiro Nazionalean erregistratutako azken jarduera. Altxamenduaren hasieratik aurrera, ez dakigu bertan inolako jarduerarik egon zenik.

Matxinatuak nagusitzerakoan, tokia pertsona kopuru zehaztugabe bat fusilatzeko erabili zen. Gaur egun ez dago gertatutakoaren inguruko ikerketa osorik. Orain arte, bakarrik ziurtatu daiteke 19 pertsona fusilatu zituztela.

1936an eta 1937an gertatutako bi heriotza izan ezik, gainontzeko fusilamendu gehienak 1938 eta 1939 urteetan izan ziren, Gerrako Kontseilu sumarisimoen ondorioz. Azken fusilatua Luis Iglesias Ansaño izan zen, 1940an, UGTko kidea, Donostiako udaleko zinegotzi sozialista eta Ondarreta espetxeko zuzendaria.

Fusilamenduez gain, Donostiako Guardia Zibiko Nazionalak ere erabili zuen zelaia entrenamenduetarako.

1941. urtetik aurrera zelaia jatorrizko funtzioetara itzuli zen, eta uda horretan bertan Tiro Txapelketa Nazionala ospatu zen, 1933tik ospatzen ez zena.

9-f-sexta-parada-1-lasalle-30-7-1933

Herrerako San Luis-La Salle Ikastetxeko Anaiei egindako omenaldi eta agur-simulazioa. 1933. Altzako Tokiko Bilduma

6. HERRERA II. ERREPUBLIKAN

20. hamarkadatik, Altza, badiako beste herri batzuk bezala, krisi sakon baten pean zegoen. Errepublikaren etorrerarekin, egoerak ez zuen hobera egingo. Krisi ekonomiko eta politikoak gertatu ziren, industria jarduera gelaraziz eta langabezia handituz. Egoera horretan, aldaketa ideologikoek, sindikalismoak, langile-klaseak aktibismo handiagora eraman zituzten, batzuetan baketsua, besteetan oldarkorra.

Altza inguruan, bazeuden altzatarrak Pasaiako portuko sindikatu nagusietan afiliatuak, Avance Marino (CNT), Eusko Langileen Alkartasuna (ELA-STV) eta UGT sindikatuetan. Alderdi politikoen egoitzak ere bazeuden. Herrera aldean, adibidez, Círculo Republicano (IR), Bidebietako bidegurutzean, edota Euzko Etxea (EAJ), egungo Euskal Giroa elkartearen lokalean.

Errepublikak jarrera antiklerikalak hartzen zituen heinean, eta 1934ko Iraultza bezalako gertakari larriak pairatzen zituen heinean -milizianoen eta militarren eta poliziaren arteko tiroketak eta argi-mozketak egon ziren-, klima politikoak nabarmen okertzera egin zuen.

Antiklerikalismoari dagokionez, hainbat berri ematen zaizkigu, erlijiosoek eta Altzako fededunek gobernuaren jarreraren eta sektore politiko batzuen etsaitasunaren aurrean zuten ezinegona erakutsiz. 1933an Udalak La Salle ikastetxeari diru-laguntza kendu zion eta, aldi baterako, ikastetxea konfiskatu zuen maisu laikoak ezarriz. Abitua erabiltzea ere debekatu egin zen. 1936an, giro antiklerikala okerrera zihoala ikusita, Fronte Popularreko hauteskundeen ostean, herritar armatuek San Luis eliza eta Mirakrutzeko komentua zaindu zituzten, horiek erre ez zitezen. Eta altxamendua hasi baino lauzpabost egun lehenago, San Luiseko apaiza etxetik bota zuten.

Altza, gai politiko eta erlijiosoak alde batera utzita, giro lasai batean mantendu zen, non jai eta kirolak nabarmentzen ziren, bere garaiko edozein herritan bezala. Bestelako gertakariak ere egon ziren, hala nola uholdeak edo krisiak eragindako delinkuentzia arrunta.

1936-8-2-falangista

Pasaia-Altzako Falange sekzioaren bandera. Kutxateka.

7. ALTZA GERRA ZIBILEAN ZEHAR

Gatazka piztu zen unean, altxamendu militarreko lehen berriak Altzako auzokide batek Pasaiara jaitsi ondoren eman zituen, kaleetan herritar armatu asko ikusi zuenean. La Salleko anaiek ere gertatutakoari buruzko bere ikuspegia ematen dute, izan ere, bere ikastetxea anarkistek erasotu zutenean, uztailaren 19an, atxilotu zituzten, eta euskal nazionalisten presioak askatu zituen. Beste albiste bat Uba erreformatorioko fraideak atxilotzea izango litzateke; horietako bat Polloen fusilatu zuten.

Fronte Popularraren kontrolpean egondako garaian, ibilbide honetan aipatutakoaz gain, hainbat hilketa gehitu beharko lirateke: bizitutako hainbat gertaeren edo atxiloketen ondoriozko heriotzak, lapurretak, etab. Halaber, gerra gertaeren aurrean auzokideen inpresioa gehitu beharko litzateke, hala nola San Marko eta Loiolako kuartelen edota matxinatutako itsasontzien arteko artilleria-dueluak, ondoren sortutako kraterrak haurren jolastoki bihurtuko direnak; edo Lasartetik Irun bonbardatzera zihoazen  hegazkinak begiztatzea; eta abar.

Matxinatuen sarrera beste gertaera esanguratsu bat da, eta hainbat testigantza jaso dira:   agintariek eta milizianoek Bilbo aldera ebakuatu ondoren utzitako hutsunea; tropak nola San Markotik patxadaz jaitsi ziren, San Martzial plazan geldialdi bat egin, indarrak hartzeko eta hornitzeko, eta ondoren, Donostiarantz jarraituz altzatar batzuen pozaren eta besteen kezken artean. Horrez gain, Buenavistatik sartu ziren tropen berri ere badago. Donostian sartzeko zain bertan geldirik zeudela, ez zuten San Markotik jaitsi zirenen lasaitasun bera ageri, Irunen izandako borroka gogorrak bizitu ondoren Donostian ere errepikatuko zirela uste baitzuten.

Ondoren, Altza normaltasunera itzultzen saiatu zen. 1936ko urritik aurrera, antza denez. Hilabete horretara arte tokiko berrantolaketa bat egon zen. Lehenengo kronikek karlistak eta falangistak nola finkatzen ziren erakusten dute, bere lokalak inauguratuz edo udaletxeetan eta ikastetxeetan kristau-sinboloak ezarriz. Era berean, agintari berrien berri ere izango da, baita diru-bilketen berri, eta abar.

Ez dira errepresioaren notiziak faltako. Nagusienak eta publikoak ekonomikoak ziren, araudi berriak ez betetzeagatik, prezioengatik edo zigilu baten faltagatik. Beste batzuk, jasotako testigantzei esker ezagunak, zenbait altzatarren desagertzeak ziren, Burgosen, Hernanin eta Ondarretan fusilatuak; edo Ezkaban eta Santoñan preso zeudenak. Altzako agintari nagusiak, alkate, zinegotzi eta beste funtzionario batzuk espetxeratuko zituzten, desgaituak, zigortuak eta, batzuk, erbesteratuak.

Lubakiaren beste aldean, altzatar batzuek milizietan borrokan jarraitu zuten; beste batzuk, zibilak, Bilbon, Bizkaiko beste herri batzuetan, Baionan eta Frantzia aldean babestu ziren. Horien artean ere sufrimendua egon zen, hil egin zituzten edo borrokan erori ziren.

Gerraostean, Altzak, gainerako herriek bezala, errazionamendua eta eskasia sufrituko ditu, eta, ondorioz, herriaren egoera larriagotu egingo da. Azkenean, erregimen berriak bultzatuta, eta egoera ekonomikoaren eta hiriburua hedatzeko gogoaren eraginez, Altzak 1940an Donostiarekin bat egitea sufrituko du.

11-g-1-fusion-alza

Paguaga alkate donostiarrak Altza eta Donostiaren arteko zinta mozten, Altza eta Donostiaren arteko bat egitea irudikatuz. Kutxateka.

ERREFERENTZIAK:

1.       Frente Popular: diario de la República, 1936-08-01

2.       Frente Popular: diario de la República, 1936-08-01

3.       Oharra: FAI: Federación Anarquista Ibérica. CNT: Confederación Nacional del Trabajo. AIT: Asociación Internacional de los Trabajadores. UHP: Unión de Hermanos Proletarios

4.       BALTXADA, Sergio: “Aquel Blindado de Tolosa“. “El gaje del Oficio” bloga, 2014

5.       MUÑOZ BOLAÑOS, Roberto “La “gran coalición” contra el Frente Popular”, In: VV. AA. La Historia, lost in translation?: Actas del XIII Congreso de la Asociación de Historia Contemporánea. Ediciones de la Universidad de Castilla La Mancha, 2016. 1653 or.

6.       TALÓN,  Vicente: Memoria de la guerra de Euzkadi de 1936. Plaza & Janes, 1988. 1. liburukia, 39. or.

7.       DE LA GRANJA, José Luis, ECHÁNIZ, José Ángel: Gernika y la Guerra Civil. Eusko Jaurlaritza, 1998. 60. or.

8.       DÍAZ HERRERA, José: Los mitos del nacionalismo vasco: de la guerra civil a la secesión. Planeta, 2005. 197 eta 288 orr.

9.       OLAYA MORALES, Francisco: Las Verdades Ocultas de la Guerra Civil: Las Conspiraciones que cambiaron el rumbo de la República. Belacqva, 2005. 342. or.

10.    LEGARRA Y BELÁSTEGUI, Miguel de: De la calle Pi y Margall al tercio de San Miguel: recuerdos de un requeté. Actas Editorial, 2008. 90. or.

11.    CHIAPUSO, Manuel: Los anarquistas y la Guerra en Euskadi: La comuna de San Sebastián. 1978

12.    “Informe sobre la situación de las provincias Vascongadas bajo el dominio rojo separatista”. Universidad de Valladolid, 1938. 103. or.

13.    SANTA CRUZ, Manuel de: Apuntes y documentos para la historia del tradicionalismo. 1-3 liburukiak. La Editorial Católica, 1979. 20-21 orr.

14.    BALTXADA, Sergio: “Días de plomo: Gallegos en la defensa de Donostia, julio de 1936“. “El gaje del oficio” bloga, 2016

15.    VARGAS ALONSO, Francisco Manuel. Gudaris guipuzcoanos en el “Euzko Gudarostea”. 1999

16.    AHM ALTZAKO HISTORIA MINTEGIA: “Documentos de la Guerra Civil en Altza“. In Altza, Hautsa Kenduz XI (2011). 135-150 orr.

17.    BARRUSO, Pedro: Verano y Revolución: La Guerra Civil en Gipuzkoa. R&B, 1996

18.    Frente Popular: diario de la República. 1936-08-01

19.    PARDO SAN GIL, Juan: La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39). Untzi Museoa, 2008

20.    “Causa General de Guipúzcoa. Pieza cuarta de Guipúzcoa: Checas”. PARES

21.    “Informe sobre la situación de las provincias Vascongadas bajo el dominio rojo separatista”. Universidad de Valladolid, 1938. 103. or.

22.    La Asunción ikastetxeko ama nagusiaren lekukotza, AHMk jasoa

23.    La Voz de España, 1936-10-07

24.    La Voz de Guipúzcoa, 1936-05-10

25.    BADIOLA ARIZTIMUÑO, Ascensión: La represión franquista en el País Vasco. Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra. UNED, 2015

26.    PORTUGAL ARTEAGA, Xabier: Pasaia 1931-1939 : la memoria de los vencidos = Pasaia 1931-1939 : zanpatuen oroimina. Pasaiako Udala. 2007

27.    EGAÑA, Iñaki:. Los crímenes de Franco en Euskal Herria. Txalaparta. 2009

28.    BADIOLA ARIZTIMUÑO, Ascensión: La represión franquista en el País Vasco. Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra. UNED, 2015

29.    Oharra: Somaten Nazionalaren antzean sortutako talde parapoliziala. Jatorrian apolitikoa zen eta Donostiako Udaltzaingoari laguntzeko funtzioa zeukan. “Bateratu” ondoren, 1938ean FET-JONSen parte izatera pasatu zen

30.    El Diario Vasco, 1937-06-23

31.    El Diario Vasco, 1937-09-18

32.    BARRUSO, Pedro: Verano y Revolución: La Guerra Civil en Gipuzkoa. R&B, 1996

33.    El Día, 1934-10- 12, 1-7 orr.

34.    LASA, Martín José: “Crónica de la Comunidad de Alza-Herrera de los Hermanos de las Escuelas Cristianas“. En: Altza, Hautsa Kenduz XII (2013), 107-138 orr.

35.    “Informe sobre la situación de las provincias Vascongadas bajo el dominio rojo separatista”. Universidad de Valladolid, 1938. 103. or.

36.    Joxe Erauskin-en lekukotza, AHMren Lekukoak proiektuan jasoa (2006-09-19)

37.    LASA, Martín José: “Crónica de la Comunidad de Alza-Herrera de los Hermanos de las Escuelas Cristianas“, In: Altza, Hautsa Kenduz XII (2013), 107-138 orr.

38.    Causa General de Guipúzcoa / Pieza primera de Guipúzcoa / San Sebastián (Guipúzcoa). PARES

39.    SERRANO, Jon: “Relato de los días previos al fallecimiento de J. R. Sarriegi, alcalde de Altza”. In: “Estibaus” bloga, 1999

40.    Juana Alkiza-en lekukotza, AHMren Lekukoak proiektuan jasoa (2008-02-23)

41.    Joxe Erauskin-en lekukotza, AHMren Lekukoak proiektuan jasoa (2006-09-19)

42.    Joxe Erauskin-en lekukotza, AHMren Lekukoak proiektuan jasoa (2006-09-19)

43.    Estefanía Alkiza Arrillaga-en lekukotza, AHMren Lekukoak proiektuan jasoa (2007-08-27)

44.    Pepita Sarriegi-en lekukotza, AHMren Lekukoak proiektuan jasoa (2007-06-16)

45.    La Voz de España, 1936-10- 28

46.    Unidad, 1936-10-26

47.    La Voz de España, 1936-10-07

48.    “Egaña korrikalaria ahanzturaren putzutik ateratzen“. In: “Estibaus” bloga, 2018

49.    “Hil zuten aita gogora ekarriz“. In: “Estibaus” bloga, 2019

50.    LAZCANO ARISTIMUÑO, Patxi: Historia de San Sebastián, Altza e Intxaurrondo. D. L. 1996. 242. or.

51.    LAZCANO ARISTIMUÑO, Patxi: Historia de San Sebastián, Altza e Intxaurrondo. D. L. 1996. 242. or.

52.    “Comisión Provincial de Incautación de Bienes de Guipúzcoa: Sección de Créditos Intervenidos. Responsabilidades políticas”, Archivo de la Memoria Histórica, 75/00302

53.    Tribunal Regional de Responsabilidades Políticas de Navarra. Nafarroako Artxiboak

54.    LANDA IJURKO, Iñigo: “Gure aitona eta Guerra Zibila, memoria eta historia. In Altza, Hautsa Kenduz XI (2011). 105-134. orr.

55.    La Voz de España, 1940-04- 07

***

Ibilbide hau Pdf formatuan

Etiketak:

3 iruzkin

  1. Estibaus » Udaberrian egindako jardueren irudiak

    [...] 6rako antolatutako Altzan barrena Gerra Zibilaren garaian ibilbideak (argazkiak)  hirurogei lagunen interesa erakarri zuen eta, ondorioz, maiatzaren 11n [...]

  2. Olatz Irijalba

    1921ean Herreran jaio zen gure amonak kontatutako bizipenak ekarri dizkit gogora.Herrerako Agur etxean bizi ziren gurasoak eta 10 anai-arrebak. “Aita, zergatik botatzen dizkigute harriak mezetara goazenean?”, eta bere aitak “Margarita” deitzen zion umoretxu adarra jotzeko. Sublebatuak iritsi zireneko beldurra eta “que vienen los moros” marmarra emakumezkoen artean. Euskeraz hitz egiteko zuen nafar bat zaldi baten gainean gogratzen zuen “euskaldunak, beti zanpatuak, beti zanpatuak”gogoratzen zuen.
    Mila esker gure amonaren istorioei kontextua emateagatik.

  3. Olatz Irijalba

    “que vienen los moros” horrek kontextu gehiago beharko luke, noski. Sublebatuak Afrikatik etorritako soldaduekin zetozela usted zuten. Eta 15 urteko neska baten beldurrak 1936 urtean ezin ditugu gaurko begiekin neurtu.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Urria 2024
A A A O O L I
« ira    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»
  • Fernando Etxauri
    (2024, Urriak 20)
    «La zona Este de Donosti (Altza,Bidebieta,Herrera,Trintxerpe) esta totalmente abandonada ,y coaccionada por el Ayto y la APP »
  • alejandro ceron
    (2024, Urriak 18)
    «muy buena informacion »
  • Fernando
    (2024, Urriak 16)
    «Estimado Bernardo He leído con interés el relato de Santa Columba. En el Puerto de Santa María tenemos una reliquia de ...»
  • José Irarrazaval
    (2024, Abuztuak 5)
    «Voy en camino desde Paris a conocer Deba, ciudad de origen de mi familia Irarrazaval y me da mucho gusto ...»

etiketak


Sarean