
Herrera, "el dique del rey" (1-i)
Iñigo Landa, Juan Carlos Echeveste
Europako XVI. mendea itsasoz haraindiko nabigazioaren eta kolonizazioen garaia da. Felipe II.a erregeak (1557-1598), pirateriaren aurka eta Europako beste potentziekin ozeanoak kontrolatzeko zeukan lehian, ontzigintza plan handi bati heldu zion eta itsasontzien kaskoetarako egokiena zen haritz-basoak landatzeko politika sustatu zuen [1]. Haren aginduek eta bestelako xedapenek Kantauri kostaldeko herri eta portuetan eragin zuzena eduki zuten, baita Altzan ere. Izan ere, Altza, Pasaiako badian kokatuta eta ontziolak gertu edukita [2], baldintza ezin hobeak zituen ontziolak haritz-egurrez hornitzeko.
Alabaina, errege xedapenek Batzar Nagusiei eta kontzejuei aginduak aplikatzera behartzen bazieten ere, haien ezadostasunarekin topo egin zuten. 1564ko Batzarrean honela erantzun zioten erregearen aginduari: “en esta Provinçia no conviene al servicio de Su Magestad que se tenga la orden en el plantar de robles, la orden que se da por la dicha provisión, ni se podría cunplir ni executar” [3]. Hauek ziren erabili zituzten oinarrizko argudioak: Probintzia txikia da eta lur gutxi dago, eta gipuzkoarrak asko dira, burniolaz, nekazaritzaz, abelazkuntzaz eta itsas-merkataritzaz bizi direnak: “tiene mucha población e está fundada sobre herrerías e labranca e crianca e tratto de mar“. Beraz, Gipuzkoako txara mendiak eta kontzeju-lurrak jarduera horietarako erabiltzen dira eta ez dago lekurik ontzigintzarako haritzak landatzeko. (gehiago…) »