80 urteko anexioa: Antonio Silva
Gaurko sarrera, apirilaren 6koa, anexioaren 80. urteurrena, bera protagonizatu zuten figuretako bati eskainiko diogu, Antonio Silva de Herrera alkateari, itzaletik sortu eta itzalera itzuli zen pertsonaiari, “udalerrien handitzeari” bere zerbitzu pertsonala eman ondoren. Ondoko lerroak alderdi biografiko eta ideologikoetara bideratuko ditugu, udal-kudeaketari eta anexioari buruzkoak aurrerago utzita.
1932. eta 1936. urteetako Altzako udal-erroldek Silvaren lehen datu biografikoak ematen dizkigute. Sevillako Villanueva herrian jaio zen 1896ko apirilaren 1ean, eta 1929an etorri zen Altzara bizitzera, bere emazte Elvira Rodriguez Gonzalezekin batera, 1880. urtean Ausejon (Errioxa) jaioa. Bikotea emaztearen anaiarekin bizi zen, Alberto, 1874an Elviraren herri berean jaioa, ezkongabea. Albertok 1928an Villa Sevilla eraiki zuen, Julimaseneko bidean, Silvaren bizilekua Altzan bizi izan zen bitartean.
Haien ogibideei dagokionez, erroldan erregistratutakoaren arabera, Alberto Rodriguezek adierazten du “komisionista” eta “enplegatua” dela, Elvirak “bere zereginak” eta Antonio Silvak “cesante”; hau da, langabezian dagoela. 1932 eta 1936ko erroldetan erregistratutako langabezia-egoera hori 1930az geroztik gertatu zen gutxienez, urte horretan argitaratu baitzen Gaceta de Madrid buletinean (egungo Estatuko Aldizkari Ofiziala) “Antonio Silva de Herrera, sin ocupación alguna, contra la entidad comercial ‘Electro Luz, S.A.’, domiciliados en San Sebastián, sobre reclamación de salarios.” auzia.
Ez dago haren jarduera politikoari buruzko albisterik Errepublika garaian eta Gerra Zibilean zehar, 1938ko urriaren 31n Altzako Udalak egindako ezohiko bilkuran alkate-udalburu gisa agertu zen arte, Barne ministro frankistak zuzenean izendatuta. Une hartako testuinguru politikoak eta anexio ekitaldiaren argazki erreportajeak, ordea, argibide batzuk eman diezazkiguke horren inguruan.
Aizkorakadaren argazkitik hasita, Silvak jantzita daraman uniformean duen kondekorazioaren xehetasunari erreparatuko diogu. Forma aldetik, domina Nafarroako Boluntarioena izan liteke, eta horrek adieraziko liguke Nafarroan zeuden erreketeen tertzioekin bat egin ahal izan zuela edo, hauek Altzara iritsi bezain laster, haiekin bat egin zuela, gerraren lehen zatian behintzat. Oro har, karlismoa Euskal Herriarekin, Kataluniarekin eta beste eskualde zehatz batzuekin identifikatzen den arren, Maestrazgo kasu, karlismoaren ezarpen historiko garrantzitsua egiaztatu behar da Andaluzian, non zazpi Erreketeen Tertzio sortu ziren Gerra Zibilean. Silvaren filiazio karlista sutsua, bestalde, Altzako azken udal bilkuraren aktan jasota geratu zen, Zumalakarregiri eta San Inaziori eskainitako mozio sutsu bat sartzeko aukera baliatu zuenean, Altzan eskultura bana jartzea eskatuz.
Silvak argazkian janzten duen uniformea, ordea, ez da karlistena, Mugimenduarena baizik, uniforme militarraren, alkandora urdin falangistaren eta txapela gorri karlistaren konbinazioa. Errepublikaren aurkako matxinada, oso zeinu eta ibilbide ezberdineko indar politiko erreakzionarioek burutu zuten, nagusiki monarkikoak, tradizionalistak eta falangistak. Gerrako lehen urtea bete aurretik, 1937ko apirilean, “Decreto de Unificación” delakoa argitaratu zuen Francok, eta, horren bidez, alderdi guztiak bakar batean bilduta geratu ziren, FET y de las JONSen bidez. Erabaki horrek, karlistek gogo txarrez men eginik, korronte ezberdinen aldekoen arteko istilu larri eta eraso ugari ekarri zituen, baita administrazioko postu eta kargu dantza handi bat ere. Oro har, Mugimenduko probintzia-buruaren, Diputazioko Lehendakaritzaren eta alkatetzen karguak karlistek bete zituzten, Gipuzkoan ezarpen handiagoa zutenak.
Horren guztiaren isla da Intxaurrondoko ekitaldiaren irudia. Ekitaldi horretan, Altzako alkateak makila eman zion Elias Querejetari, Aldundiko presidente (1939-1941) eta Mugimenduko probintziako buruari, Donostiako alkate Antonio Paguagaren aurrean (1937-1941). Ekitaldiaren buru izan behar zuen gobernadore zibilak, Gerardo Caballero militar kolpistak, uko egin zion ekitaldira joateari, bere eskuduntzak Querejetari eskuordetuta; Caballero eta Querejetaren artean liskar eta ezinikusi handia izan zituzten haien artean.
1940ko anexio-ekitaldian Silva, Querejeta eta Paguaga karlistek erakutsi zuten distira, ordea, azkar itzali zen. Bateratze Dekretuarekin gertatu ziren falangisten eta frankisten arteko liskarrek bere horretan jarraitu zuten. Karlistak, oso atsekabetuta erregimenak Gipuzkoari emandako probintzia traidoreko tratuarekin eta Kontzertu Ekonomikoa ez ematearekin, erabaki organoetatik apartatu zituzten. Anexioaren ondoren, Silva desagertu egin zen, eta, 1941ean, Paguaga Lataillade monarkikoak ordezkatu zuen, eta Querejeta Murtziara bidali zuten gobernadore zibil bezala, non bere politika errepresiboagatik gogoratuko duten.
Paguagak Madrilen politikoki igotzen jarraituko zuen bitartean, Querejetak eta Silvak beste bide batzuk jarraitu zituzten, 1945ean berriro elkarrekin agertu baziren ere, haientzat kondizio zailetan egindako ekitaldi batean. Biak identifikatu eta atxilotu zituen poliziak Donostian, beste manifestari batzuekin batera, 1945eko abenduaren 3an karlistek Iruñeko Gaztelu plazan izandako protesta-istiluen ostean.
Gertaera horrekin itzali egiten da Antonio Silvaren jarduera politiko publikoaren seinale oro. Hortik aurrera, Madrilen bere arrastoa jarraitzera garamatzaten bi datuekin bakarrik egin dugu topo. 1956an, Madrilgo Probintziako Aldizkari Ofizialak Madrilgo eta haren Probintziaren Merkataritza Agenteen Elkargo Ofizialaren iragarki bat argitaratu zuen, eta bertan jakinarazi zien zerrenda luze batean sartutako elkargokideei, Antonio Silva de Herrera dagoela bertan, beren lanbide-txartela baliogabetu egingo dela hileko hamabi kuotak ordaintzen ez badituzte, eta haien jarduna “klandestinotzat” hartuko dela.
Eta badirudi bere bizitza klandestinitatera behartuta zegoela. Haren azken albistea Madrilgo ABC egunkarian argitaratu zen, 1961eko urriaren 29an. Bertan jakinarazten denez, “Antonio Silva de Herrera, de sesenta y cinco años, ha sido detenido por inspectores de Policía de un coche-patrulla, cuando en un domicilio de la calle O’Donnell intentaba obtener cantidades de dinero con el pretexto de que eran para supuestas comunidades religiosas. Este individuo se ha dedicado ya anteriormente a ejercer esta ilícita actividad”.
2020, Maiatzak 7
[...] Altzako alkate izateari utzi eta hilabetera, Gobernu Zibilak 1.000 pezetako isuna jarri zion Antonio Silvari, babarrunak legez kanpo saltzeagatik. (El Diario Vasco, [...]