Los Boscos auzunea: sorrera (1)
Antxon Alfaro
Los Boscos auzunearen sorreraz hitz egitean, 1947. urtera eta Jose Ramon Sesé Elizalderen (1926-1994) pertsonarengana jo behar da.
Jose Ramon Sesé oso pertsona erlijiosoa zen, eta gaztetatik San Juan Bosco apaiz eta pedagogoaren pentsamenduari jarraituz apostolutza bizitza praktikara eramatea erabaki zuen. Italiako erlijioso katoliko horrek gizarte-bazterketako egoeran zeuden gazteen heziketan oinarritu zuen bere lana, XIX. mendeko bigarren erdialdeko Turinen.
Ideia horiek jarraituz, 1947ko apirilaren 12an, bilera batera deitu zituen Sagues auzoko hamabi mutil gazte (Antonio Alfaro, Antonio Sampietro, Felix Díaz, Juan Liberal, “Txolete”…). Centro Los Boscosen sorrerako bilera hori Villa Uliako lokal batean egin zuten, Zabaleta kalean, garai hartako Donostiako Gros auzoko San Inazio elizako erretoreak, Auspicio Otaegui, utzita.
Jose Ramon Sesé (ezkerrean zutik), bi urte lehenago Escuela Patronato Obrero “San Juan Bosco” (Centro Los Boscos) langile eskola abian jarri zuten hamabi gazteetako seirekin. (1949. urtea)
Sagues auzoa, gerraosteko urte haietan, Donostiako aldirietako bat zen, eta bertan biltzen ziren marjinazioak eta pobreziak gaur egun edozein hiritako eremu deprimituetan ere aurki daitezke.
Data horretatik aurrera, gazte-talde hura, kalea beste elkargunerik gabe, Villa Uliako lokal txikian elkartzen hasi zen. Espazio horrekin batera, Los Luisesek ere askoz hobeto egokitutako lokal bat zuten, eta, beraz, hara joateko proposatu zieten. Hala ere, arazoak sortu ziren, batez ere talde bakoitzaren jatorri sozial desberdinagatik, eta horrek ezin izan zuen taldea osatu, Antonio Sampietro Ramírez (1930-2015) gazteetako batek gogorarazi zuenez.
Escuela Patronato Obrero “San Juan Bosco” (Centro Los Boscos) langile eskolako gazte-taldea: Antonio Alfaro, Enrique Peláez, Gaztelu, Txanga, Bucis, Txolete, Pablito, Eduardo Núñez, Juan Liberal,… (1952. urtea)
Egoera horren ondorioz, Jose Ramon Sesék lokal berri bat bilatu zuen biltzeko eta San Juan Boscoren irakaspenei jarraituz giza prestakuntza, prestakuntza morala eta espirituala garatu ahal izateko.
Jose Ramonek garai hartako Donostiako gizarte- eta enpresa-bizitzan nabarmentzen ziren pertsonen babesa bilatu zuen lokal bat erosteko. Laguntza desberdinekin eta hipoteka-kreditu baten eskaerarekin, Colón pasealekua, 56an lokal bat erosi zuen, non Escuela Patronato Obrero San Juan Bosco jarri zuen martxan, Jose Ramon Sesé zuzendari zela eta Juan Liberal lehen presidentea. Ondorengo urteetan Antonio Sampietro, Jose Luis Munoa, Roberto Antolín eta Juan Carlos Larequi presidenteak izan ziren. Jose Luis Londáiz, Fuenteventurako kondea, izan zen egoitza berriaren lehen ongilea. Lokal berrirako lekualdaketa 1949ko irailaren 1ean egin zen, 25 bat gaztek osatutako taldea osatuz, ez bakarrik Saguesekoa, baita Groseko beste eremu batzuetakoa ere.
Lokala egokitu zen mahai-jolasetarako altzariekin, billarrarekin, tenis-mahaiarekin eta liburutegi txiki batekin. Bilera-gela bat eta anbigu txiki bat ere bazeuden. Antonio Sampietro izan zen anbiguaren lehen arduraduna, ondoren Antonio Alfaro eta Jose Mari Diaz izan ziren. Azken hau utzi ondoren, Pedro Mari “Pedrito” izan zen ardura hori urte askoan hartu zuena. Hori guztia oso garrantzitsua zen gazte horiek lanetik irtetera edo asteburuetara erakartzeko. Bertan, elkartzeko eta aisialdiko, kulturako edo kiroleko jarduerak egiteko toki bat izan zezaketen.
Juan Carlos Larequi Urrutiak gogoratzen duenez, jarduera ludikoen artean mus, tute, dama, partxis, xake, billar txapelketak egiten zituzten Gros auzoko saltokiek emandako sariekin. Magia ikuskizunak eta musika taldeak ere ekartzen ziren. Urtero, Gabon egunean, Jaiotza zeraman abesbatza bat Gros auzoko kaleetan zehar ibiltzen zen Gabonetako abestiak abesten. Bildutako dirua Gros auzoko San Antonio Abad ospitaleko haurrei laguntzeko opariak egiteko zen, eta, hau itxi zenean, Amarako osasun-egoitzakoei laguntzeko.
Los Boscos zentroko hondartzako futbol taldea Kontxako hondartzan. Delegatua: Antonio Alfaro, zutik, ezkerretik lehenengoa. (1962. urtea)
Kirol arloan, hasieratik futbola izan zen gazteek egin zuten kirol jarduera nagusia. Hondartzako txapelketan parte hartzen hasi aurretik, Los leones de Sagues izeneko talde bat osatu zuten, jesuita batek antolatutako txapelketa batean parte hartzeko. Txapelketa hau Hurra zelaian, gaur egun Zurriola ikastolak hartzen duen gunean, jokatzen zen. Lur eremu hau Rocako dukesarena zen, Maria del Milagro Hurtado de Amezaga y Collado (1889-1975), Riscalgo markesaren alaba. Emakume hau, beti, dolu beltz zorrotzez jantzita joaten zen, eta oso janzkera sinplez. Esaten zen, Madrilen jaiotako aristokrata honek, bere alaba galdu eta txirotasun botoak egin zituela.
Ondoren, talde bat osatu zuten hondartzako txapelketan jokatzeko. Emaitza oso onak lortu zituzten. Urte batean txapeldunak izan ziren, eta txapeldunordeak hainbat alditan. Erregional mailan lehiatzen ziren futbol talde bat eta eskubaloi talde bat ere izan zituzten. Amara auzoan zegoen zelai batean, gaur egun Azpeitia kalea dagoen tokian, kokatzen zuten. Emaitzak ez ziren hondartzan bezain arrakastatsuak izan.
Kirol arloan ere, mahai-tenisaren modalitateak lorpen handiak eman zituen. Ramon Sistiaga hamaika urtez izan zen Gipuzkoako txapeldun.
Bestalde, gazte haien prestakuntza kulturala eta profesionala izan zen Jose Ramon Sesék bere proiektuaren hasieratik ezarri zuen helburuetako bat. Villa Ulian kultura orokorreko eskolak ematen hasi ziren, Molinero izeneko gazte batek ematen zituenak. Colon pasealekuko lokalera joan zirenean, eskolekin jarraitu zuten eta hitzaldi ugari antolatzen hasi ziren medikuntzarekin, kirolarekin, hezkuntzarekin eta abarrekin zerikusia zuten pertsonen eskutik.
Ariketa espiritualak Escuela Patronato Obrero “San Juan Bosco” (Centro Los Boscos) langile eskolako lokalean, 1952. urtean.
Heziketa kultural eta profesionalarekin batera, heziketa espirituala Centroaren misio garrantzitsuenetako bat zen. Hainbat hitzaldiez gain, urtero ariketa espiritualak egiten ziren Garizuman, arratsalde erdian bazkideen amentzat eta ilunabarrean, lanaren ondoren, bazkideentzat. Halaber, hirurogeiko hamarkadara arte, larunbatero larunbateko otoitza errezatzen zen, eta igandetan, 12:00etan, angelusa. Gainera, aktiboki parte hartzen zuten ospakizun katoliko guztietan: Aste Santua, Gabonak, Corpus Christi, errautsezko asteazkena, Garizuma… Urtero, Lourdesko Ama Birjinaren Santutegira (Frantzia) erromesaldia ere egiten zen.
Zentro katoliko orok apaiz bat izan behar zuen zuzendaritza espiritualaren arduradun bezala, kontsiliario deitzen zena. Los Boscosen Severiano Ramírez, Jose Antonio García eta Francisco Garmendia apaizak kontsiliarioak izan ziren.
Urtero, urtarrilaren 31n, San Juan Boscoren egunean, meza bat ematen zen, eta gotzaina gonbidatzen zen, bai eta tokiko agintari guztiek, ongile guztiek eta beren familietako kideek ere. Gotzainak eukaristia ospatzen zuen, kontsiliarioarekin batera. Sagaratzearen ondoren, Fernando Vergara txistulariak Agur Jaunak jotzen zuen. Meza amaitzean, dantza talde batek ohorezko aurreskua dantzatzen zien agintariei eta bertaratutako guztiei. Amaitzeko, lunch bat prestatzen zen bertaratutakoentzat.
1959an, urtarrilaren 16an, Obra elkarte juridiko gisa eratu zen, Jaime Font Andreu elizbarrutiko gotzainak emandako dekretuaren arabera.
1962tik aurrera, Alfredo Tamayo Ayestarán aita jesuitak Los Boscosen igandero meza emateko konpromisoa hartu zuen. Ondoren, Elias Martínez eta Luis Álvarez, biak jesuitak, ordezkatu zuten apaiz hau, 90eko hamarkadan lokala behin betiko itxi zen arte.
***
***
Los Boscos auzuneari buruz gehiago jakiteko:
2021, Otsailak 7
Aurrera!!!! Oso interesgarria da.
2021, Otsailak 7
Gracias por el trabajo realizado,muy interesante,si necesitáis ayuda, estoy a vuestra disposición. Eskerrik asko
2021, Otsailak 8
Muy buen trabajo, tiene que haber costado mucho tiempo haber recopilado tanta información y montarlo, es muy interesante ,
Enhorabuena a todos los que han participado
Eskerrik asko
2021, Otsailak 8
Un trabajo estupendo y emocionante. Muy bonito saber cómo ha sido la juventud de tantas personas queridas y como consiguieron gracias a su esfuerzo dar a sus familias una mejor vida. También vuestro esfuerzo ha dado un resultado precioso. Mila esker denoi
2021, Martxoak 17
Adelante chicos, sois muy buenos.ya me conoceis desde hace una porrada de años. ZORIONAK DENORIK.