200 urte Altzak lehen independentzia lortu zuenetik (II)

2022, Urtarrilak 13

constitucion-1812

1812ko Konstituzioa

Aurreko sarreran ikusi genuen bezala, 1812ko Konstituzioaren proklamazioak bidea ireki zion Altzaren independentziari. Bi urte beranduago, absolutismoaren itzulerak prozesua moteldu zuen, 1820ko urtarrilaren 1ean Riegoko altxamendu militarraren arrakastari esker, Konstituzioa berriro indarrean jarri zen arte. Horrela, altzatarren segregazioren aldeko ahaleginak biziberritu egin ziren eta ia bi urteren buruan lortu ere, 1821eko urriaren 29an.

Bi urte inguruko epe horretan, Altzaren eta Donostiaren arteko gatazkak, funtsean, Udal konstituzionalak ezartzeko hauteskunde-prozesuaren eta Milizia Nazionalen osaketaren ingurukoak izan ziren.

Gipuzkoako Foru Aldundia, probintziako buru politikoa (gobernuak probintzian duen ordezkaria) eta gobernu zentrala izango dira auzian esku hartzeko eskumena izango duten erakundeak. Gobernuak azken hitza izango du, Estatu Kontseiluari kontsulta egin ondoren.

Probintziaren foralismoaren eta konstituzionalismo zentralistaren arteko aurkakotasun ideologikoak hasiera-hasieratik agirian geratuko dira batentzat zein bestearentzat udal-politika funtsezko gai bat zelako. [1]

Martxoaren 9an, Fernando VII.ak Konstituzioaren zina egitea onartu zuen, eta Behin-behineko Batzordeak aurkeztutako hiru dekretu sinatu zituen; horien artean, berehala alkate eta udal konstituzionalen hauteskundeak deitzea. [2] Dekretua onartuz, Gipuzkoako Probintziako Batzorde Partikularra Azkoitian bildu zen 1820ko martxoaren 25ean. Bertan, dekretua Gipuzkoako foru-sistemaren kontrakoa dela adieraziko da, eta “probintziari bere legeek ematen dioten eskubidean” oinarrituta, “bere herrien antolaketan hain nabarmena den inobazioari aurre egiteko“, ez du aginduen komunikaziorik egingo eta probintziako buru politikoaren esku utziko du. [3]

Altzatarren asmoetarako, ordea, koiuntura berriak bere alde jokatzen du. Apirilaren 3an, zinpeko errejidoreek, komuneko diputatuek, sindiko pertsoneroak eta Altzako bizilagunek Konstituzioaren zina egin zuten San Martzial parrokian [4], eta, hiru egun geroago, Juan Francisco de Arzacek, Altzako zinpeko errejidore gisa, Altzako Udal berria aukeratzeko jarraibide zehatzak emateko eskatu zion probintziako buru politikoari. [5]

Donostiako Udalak, era berean, apirilaren 6an bertan Probintziako buru politikoarengana joko du, Altza behartu dezan Donostiako udal konstituzionala hautatzerakoan haren ordezkari izango diren bi hautesleak izendatzera, Altzak uko egiten baitio hori gauzatzeari. [6]

1820-04-30-junta-parroquial-de-la-poblacion-de-alza_pagina_1Hasitako bideari tinko eutsiz, ehun eta bost altzatar bilduko dira hilaren 30ean kontzeju-aretoan, Altzako Parrokiako Batzorde gisa, probintziako batzarrean zuzenean ordezkatuko duen hauteslea aukeratzeko, Donostia kontuan hartu gabe. [7]

Hauteskunde-prozesuak Konstituzioan agindutako guztia puntuz puntu bete egingo du. Espiritu Santuaren Mezara joan eta parrokoaren hitzaldia entzun ondoren, “Batzarrari hasiera eman zitzaion, Ignacio Ansa eta Juan Jose Elizalde hiritarrak izendatuz, eta Juan Manuel de Echeverria jauna idazkari izendatuz, botoen gehiengo osoarekin“.

Jarraian, hamaika konpromisarioak izendatu zituzten: “Herritar guztien adostasunarekin, Jose Joaquin de Irizar jauna, Miguel Antonio de Arzac jauna, Manuel Jose de Urvieta jauna, Manuel de Sarazola jauna, Agustin de Arrieta jauna, Jose Mariano de Zuazola jauna, Martzial de Zuazola jauna, Vicente Agustin de Casares jauna, Manuel de Elizalde jauna, Manuel Matheo de Ibarburu jauna, eta Marcos de Suarrain jauna“. Era berean, Jose Joaquin Irizar aukeratuko dute Altzako ordezkari gisa Probintzia Batzordean.

Ekitaldia amaitu eta desegin ondoren, Batzarra osatzen zuten hiritar guztiak parrokiara joan ziren eta Goi-goikoari Te-Deuma hotsandiz abestu eta esker-otoitza egin zen, Batzar hauei buruz Konstituzioaren 58. artikuluan aurreikusitako moduan.”

Altzatarren jarrera, Konstituzioaren testuan oinarritua, de facto udal independente gisa jardutekoa zen, nahiz eta beharrezko aitorpen juridikoa falta zitzaion oraindik, izan ere 1814an Aldundian irekitako bereizketa-espedientea ebazteke baitzegoen oraindik.

Testuinguru historiko berri horretan, espedientea berriro aktibatu da. Aldundiak idatzi bat bidaliko dio Donostiako Udalari 1820ko abuztuaren 2an, Altzako mugapea osatzen duten auzoak eta auzo horietako nagusien izenak adieraz ditzan. [8]

Eta, bi hilabete geroago, urriaren 7an, Aldundiak Donostiako Udalari jakinaraziko dio kontsulta bat egin diola Penintsulako gobernuari, Konstituzioaren arabera, Udala izan ahal izateko behar den arima kopuruari buruz. [9]

Ordurako, Diputazioak 1820ko irailaren 8an gutun bat bidali zion gobernuari segregazio espedientearekin, non zalantzan jartzen zuen Altza herritzat hartu behar ote zen. Zalantza horien atzean Donostiako Udalaren bereizketaren aurkako argudioak zeuden, espedientean jasota daudenak. [10]

Gorago esan dugun bezala, Altzaren eta Donostiaren arteko gatazkaren beste atal bat Milizia Nazionalari buruzkoa izango da. Gai horri helduko diogu hurrengo sarreran, baina aurrera dezakegu Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 11n jakin zuela Altzako biztanleek ez zutela bete azaroaren 7an aurreikusten zena, hau da, Altzako Milizia Nazionala Hiriko Miliziaren barruan egoteari buruzkoa. [11] Horrela, hilaren 16an, Aldundiak Donostiari jakinaraziko dio Altzako biztanleei komunikazio bat pasatu zaiela, eta, horren arabera, Gobernuak biztanleriaren bereizketari buruz kontsultatutako zalantza argitzen ez duen bitartean, Donostiako Udal Konstituzionalaren mende dagoela. [12]

Espedientearen behin betiko ebazpena 1821eko urtarrilean jarriko da abian, eta otsailaren 1ean sinatutako Errege Agindu batek babestuko du aktibazio hori. [13]

Ricardo Gómez Riverok Artxibo Historiko Nazionalean gordetako bederatzi herriren banaketa espedienteak aztertu ditu, horien artean Altzakoa. Guztiek izapidetze bati jarraitzen diote eta antzeko emaitza dute, independentzia, Altzakoa izan ezik; izan ere, haren espedientean ez da 1821eko urriaren 29ko Errege Agindua agertzen. Deigarria da huts hori, Gómez Rivero ondorio okerra baieztatzera daramana, alegia, Altza ez zela konstituzio-udal bihurtu. [14]

Urtarrilaren 8an, Gobernazio ministroak Estatu Kontseiluaren iritzia eskatu zuen. 15ean Gobernazio Batzordera pasatzea erabaki zen, eta batzorde horrek Udala sortzearen aldeko txostena egin zuen 20an. Estatu Kontseiluak, ordea, beste txosten bat eskatuko dio Foru Aldundiari maiatzaren 7an, irailaren 8ko gutunean adierazitako zalantzak argitzeko. Gómez Riverok jasotzen duenez, Aldundiak jakinaraziko du “uste zuela komenigarria izango litzatekeela udalerri horretan udal konstituzionala ezartzea, Konstituzioaren 310. artikuluan adierazitako biztanle-kopurua gainditzen zuelako, «baina haren kalitateak eta zirkunstantziek zalantzan jartzen dutela Herri izena zehazki jartzea»“. [15]

Aldundiaren zalantzak gorabehera, abuztuaren 6an Gobernazio Batzordeak Altzan udal konstituzional bat ezartzearen aldeko txostena egingo du, lege-argudioekin bat etorriz eta gaurkotasun handikoa iruditzen zaigun gogoeta bat gehituz: “que la experiencia tiene acreditado que la dependencia y sugección de unos pueblos a otros en su gobierno económico influye conside­rablemente en el atraso de su prosperidad, observándose comúnmente que los que se llaman matrices, o cabezas de la población no cuidan más que del engrandecimiento y comodidades de su vecindario”. Estatuko Kontseiluak urriaren 10ean emango du onespena, Diputazioaren zalantza argitu nahi zuen kontseilari baten boto partikularrarekin. [16]

Horrela, 1821eko urriaren 29an, Altzan udal independente bat ezartzen duen Errege Agindua argitaratuko da.

***

Erreferentziak:

[1] HERNÁNDEZ DEL CAÑO, Marijose: “Desanexiones y anexiones de Alza a San Sebastián“. In: Altza Hautsa Kenduz V (1999), 84-86 orr..

[2] GÓMEZ RIVERO, Ricardo: Elecciones municipales en el Trienio Liberal. BOE, 2015

[3] 1820-03-25. Azkoitian egindako Batzar Bereziaren aktak. Gipuzkoako Artxibo Orokorra AGG-GAO  JDAM168:307-311.

[4] 1820-04-03. Luis Francisco de Larburu Altzako Herriaren idazkariaren ziurtagiria. AGG-GAO JDIM4/12/37:50.

[5] 1820-04-06. Juan Francisco de Arzac Altzako zinpeko errejidoreak probintziako buru politikoari bidalitako gutuna. AGG-GAO JDIM4/12/37:48-49.

[6] 1820-04-06. Donostiako Udalaren idazkia probintziako buru politikoari. AGG-GAO JDIM4/12/37:51-52.

[7] Arg.: MUÑOZ ECHABEGUREN, Fermín: “Alza el Trienio Liberal y la invasión francesa 1820-1828“. In: Altza Hautsa Kenduz IX (2007), 40-42 orr.

[8] 1820-08-02. Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari egindako komunikazioa. Donostiako Udal Agiritegia DUA-AMSS C-5-I-6-2. Arg.: LANDA, Iñigo: “Altzaren lehen independentziaren agiri bilduma“. In: Altza Hautsa Kenduz IV (1997), 168-169 orr.

[9] 1820-10-07. Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari egindako komunikazioa. DUA-AMSS C-5-I-6-2. Publ.: LANDA, Altzaren…, 169 or.

[10] GÓMEZ RIVERO, Ricardo: “Establecimiento de ayuntamientos constitucionales, 1820-1823“. In: AHDE, tomo LXXXIV, 2014, 427-428 orr.

[11]  1820-11-11. Probintziako Gobernu Politikoaren komunikazioa Donostiako Udal konstituzionalari. DUA-AMSS H-02113-20:34.

[12]  1820-11-16. Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udal konstituzionalari egindako komunikazioa. DUA-AMSS H-02113-20:35.

[13] 1821-02-01. Udal konstituzionalak ezartzeari buruzko Errege Agindua. AGG-GAO JDIM4/12/0037:65.

[14] GÓMEZ RIVERO, Establecimiento…, p. 429. Egileak ohar batean jaso du Beatriz Herreras Moratinosen baieztapena, Altza, Historia y Patrimonio (2001) liburuan argitaratua, non Altza botere zentralak promulgatutako Errege Agindu baten bidez independizatu zela esaten duen. Bestalde, Errege Agindu horren transkripzioa dagoeneko argitaratuta zegoen LANDA, Altzaren…, 172 or.

[15] GÓMEZ RIVERO, Establecimiento…, 428 or.

[16] Ibidem.

Etiketak: , ,

Iruzkin 1

  1. Iñaki

    Maravilloso artículo. Beti bezala. Aurrera!!! Eta mila esker.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean