Cuarta Viako etxeak eta Antxoko kaia
Patxi Lazcano, Iñigo Landa
Cuarta Via, 1935 aldera (Arg.: Portuko Agintaritza)
Cuarta Via izenarekin ezagutzen dira XIX. mendearen amaieran Pasaiako Portuko Sustapen Sozietateak Antxoko kaiko zabalgunean, Buenavistako egungo Erlojuaren kaian, Altzan eraikitako lehen bi etxadiak.
Cuarta Via etxeen lehen aipamena Pasaiako Portuko Sustapen Sozietatea desegiteko eskrituran dago, 1885eko urriaren 6an. Eskritura horretan, gainera, Sustapen Sozietatearen izenean erregistratutako jabetzak Pasaiako Portuko Sozietate Nagusiari eskualdatzen zaizkio, besteak beste:
“Cinco casas unidas formando también una manzana en la Explanada del muelle de Ancho jurisdicción de Alza, cuyas cinco casas están señaladas con los números cinco, seis, siete, ocho y nueve; constan de planta baja, pisos principales, segundos y desvanes: ocupan en junto un solar de seiscientos metros cuarenta y dos centímetros superficiales, y confinan por el Norte con la calle de la cuarta vía; al Sur con la faja de la carretera de Madrid a Irún, al Este con el paso número cuatro y al Oeste con el paso número tres.
Otras cuatro casas unidas formando también una manzana en el mismo paraje y señaladas con los números uno, dos, tres y cuatro: se componen de planta baja, pisos principal y segundo y desvanes: ocupan en junto un solar de trescientos ocho metros noventa y nueve centímetros superficiales y confinan al Norte con la calle de la cuarta vía; al Sur con la faja de la carretera de Madrid a Irún; al Este con el paso número tres y al Oeste con el paso número dos.” [1]
Handik gutxira, Herrerako hegoaldeko kaian, Oleta auzoaren parean, Cuarta Via etxeen antzeko beste etxe bat eraikiko da, Casa Grande izenekoa. “Antxo, Lasalatarren asmoa/Antxo, proyecto de los Lasala” liburuan irakurtzen dugu: “Etxe Haundiaren ondoan Zabaldia izeneko eremua zegoen, futbolean aritzeko erabiltzen zuena Racing Alzatarra taldeak. Egoitza ere Cuarta Vian zeukan, izan ere.” [2]
1901eko biztanleen erroldaren arabera, Cuarta Via etxeetan 156 pertsona bizi ziren, ordura arte Altzan ezagutzen ez zen biztanle pilaketa izanik.
Garraio loturei dagokienez, errepide nagusiarekiko eta Iparraldeko trenbidearekiko loturekin batera, Cuarta Viak eta Antxoko kaiak Donostia eta Errenteria lotzen zituen tranbiaren geltoki bat izan zuten 1888tik aurrera, eta, Topoa inauguratu ondoren, 1912an, Mirabarkera baserritik gertu geraleku bat izango dute, “Alza - Antxo” geralekua. Bertara errepide nagusiaren eta Iparraldeko trenbidearen azpiko tunel batetik iristen zen, gaur egun ere ikus daitekeena.
Antxoko kaia 1909. urtean
Esan dugun bezala, Cuarta Viako etxeak Antxoko kaian egindako obrak zirela-eta itsasoari irabazitako lurraren luze-zabalean eraiki ziren. Kaiak muga egiten zuen iparraldetik badiarekin, hegoaldetik errepidearekin, ekialdetik trenbide-geltokiarekin eta badiarekin, eta mendebaldetik Herrerako senadiarekin. Denera 31.218,83 m2 -ko azalera zuen, modu honetan osatuta:
- 5.839 m2 Arraskoene, Etxetxiki eta Antxo baserrien desjabetzetik. Arraskoene eta Etxetxiki Manuela Bermingham Etxague donostiarraren jabetzakoak ziren, eta 2.492 m2 -ko azalera zuten bakoitzak [3], eta Antxo Agapita Aranburu Zamora altzatarrena zen, eta haren alaba Josefa Antonia Casares Aranbururena. [4]
- 22.725,83 m2 itsasoari irabazitakoak.
- 2.654 m2 errepide nagusira hartuta.
Hiru baserriak gaur egun portuko eraikin ofizialek okupatzen duten espazioan zeuden, gutxi gorabehera.
Lursail horietako zati bat okupatuz, Sustapen Sozietateak, aipatutako bederatzi etxebizitzez gain, honako hauek eraiki zituen:
- Bederatzi biltegi-etxe.
- Baskula-etxe bat.
- Alondegia, 147,39 m2 -koa, Altzako Udalarena.
Cuarta Via, 1935 aldera (Arg.: Portuko Agintaritza)
1927an portua Estatura itzuli ondoren, Portuko Obren Batzordeak espazio hori guztia eraitsi zuen, lehendik zeuden eraikinak eraitsiz, Cuarta Viako etxeak barne, eta berriak eraikiz, horietako batzuk gaur egun ikus daitezkeenak: Osasun zerbitzuetarako eraikina (1940), Bulego partikularrak (1933-1934), Aduana (1932-1935), Portuko Obren Batzordearen bulegoak (1933-1934), eta Itsas armadaren zerbitzuetarako eraikina (1940). Cuarta Viako etxeek eta biltegi hurbilenek okupatutako espazioa baskularako eraikinak hartu zuen, 1941ean amaitua. Bertan, baskula irakurtzeko kabinaz, portuko sirenaz eta beste instalazio batzuez gain, erlojuaren dorrea zuen, ordura arte Antxoko kaia izan zenari izen berri bat emateko balioko duen elementua, eta aurrerantzean Erlojuaren Kaia izango da. [5]
Erreferentziak:
[1] 1885-10-06. Pasaiako Portua Sustatzeko Sozietatea desegitea eta inskribatutako jabetza eskualdatzea. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa, AHPG-GPAH 3/3674/1076.
[2] RUIZ ECHEVERRÍA, Txema: Antxo, Lasalatarren asmo / Antxo, proyecto de los Lasala. Antxotarrok Hª Mintegia, 2011, 165-167 orr.
[3] 1874-08-08. Feliciano Casaresen oinordekoen jabetzako Antxo baserria eta bere jabetzak Pasaiako Portuko Sustapen Sozietateari saltzea. AHPG-GPAH 3/2904/352.
[4] 1873-10-20. Manuela Bermingham Etxagueren jabetzako Arraskoene eta Etxetxiki baserrien salmenta Pasaiako Portuko Sustapen Sozietateari. AHPG-GPAH 3/2900, A: 1930r-1935v.
[5] Puerto de Pasajes. Memoria. Enero de 1927 Diciembre de 1941. Dirección del Puerto de Pasajes, 1942, 116-119 orr.
2022, Urtarrilak 22
Fantástico trabajo!!