Atxumaizkogainako mugarriaren gaurkotasuna

2023, Martxoak 10

atxumaizkogaina-20230308-aAtxumaizkogaina muinoan, Ulia eta Mendiola gailurren artean, Altza eta Donostia arteko mugarria dago. Mugarri berezia da. Kokapen nabarmena dauka eta harkaitzean zizelkatutako bakarra da. Horrez gain, bertatik abiatzen da, itsasoraino zuzen jarraituz, Donostia hiriaren eta Altzako Herriaren artean 1896an adostutako azken mugaketa-zatia. [1]

Bere garaian gogoratu dugun bezala, duela 200 urte, 1821 eta 1823 artean, Altza udalerri independente bihurtu zen lehen aldiz. Donostiako Udalak ahalegin guztiak egin zituen hori eragozteko, besteak beste, Gipuzkoako Aldundiak udal terminoak zehazteko egin zizkion errekerimenduei jaramonik egin gabe. [2] Azkenik, 1823ko martxoaren 13an, Pedro Manuel de Ugartemendiak, Aldundiaren enkarguz, Donostia eta Altzaren artean egon behar duen banalerroa eta mugarria jasotzen zituen idazki bat eman zuen, zegokion planoarekin  batera. [3] Lehen mugaketa hura ezin dugu xehetasunez ezagutu, espedientetik desagertu delako; desagerpen horrek ez gaitu harritu, lehenago ere ikusi ahal izan baitugu hori gertatu dela segregazioari buruzko garai honetako beste txosten batzuekin. [4]

Urte horretan bertan, Espainiako aldaketa politikoarekin, Altzak independentzia galduko du eta aurreko estatusera itzuliko da, kontzeju propioarekin baina hiriaren menpe. Altzak 1879an independentzia berreskuratu zuen, eta, hamar urte beranduago, 1889ko abuztuaren 30ean argitaratutako Errege Dekretu batek Udal guztiak jurisdikzio-eremuak mugatzera behartzen zituenez, mugarri guztiak finkatu ziren, Atxumaizkogainako mugarriaren eta itsasoaren artekoak izan ezik, Donostiak Mendiolan Ulia mendiaren iparraldeko isurialdea kontserbatu nahi baitzuen. [5] Azkenean, lehen adierazi dugun bezala, 1896an, Atxumaizkogaina eta itsasoaren artekoa adostuz, behin betiko muga erabaki zen, Espartxo baserritik, Urumearen ertzean, itsasoraino, Illurgita senadian, Atxumaizkogainako tontorretik igarota.

1896 [1]

1889, mugarriak Ulian

Mugaketa hori 1939an berritu zen, Gerra Zibila amaitu eta gutxira, eta Altza Donostiarekin bat egin baino hilabete batzuk lehenago. Bategite horren oinarrien arabera, Alza-Buenavista barrutia sortu zen udal-mugartea hartzen zuen eremu osorako, frankismo osoan eta ondorengo urteetan funtzionatuko zuen administrazio-figura. Era berean, anexioaren oinarrietan aurreikusten da Altzako Udalari bere ondarea, udal terminoa barne, berriz ere integratzea, banantze baten kasuan. [6]

2003. urtean, Udalak hiriaren zonifikazio berri bat egin zuen, sailen lurralde-irizpideak bateratzeko, eta horren ondorioz, gaur egungo auzoen mugaketa zehaztu zen. Udalerri altzatarra, antolamendu horren arabera, hainbat auzotan banatuta dago: Altza, Mirakruz-Bidebieta, Intxaurrondo, Martuteneko zati bat (Sarrueta), Loiolako zati bat (Ametzagainako hegala), eta Ategorrieta-Ulia zati bat (Arzak eta udal mintegien artekoa, eta Atxumaizkogaina mendia). Herritarrek ez zuten parte hartu prozesuan. Ez ikusiarena egin zioten Historiari.

Elkarte talde batek Barruti bat sortzea aldarrikatu zuen 2005az geroztik, “Orain da garaia: Distrito Este“, Donostiako ekialderako (antzinako Altza Herria) barruti bat eratzeko proposamen batekin. Hamar urte igaro beharko dira, 2015eko martxora arte, Udalaren Osoko Bilkurak Donostiako Barrutietako Erregelamendu Organikoa onar dezan. Erregelamendu horretatik sortuko da Ekialdeko Barrutia. Barruti hori Altza, Mirakruz-Bidebieta eta Intxaurrondo auzoek osatzen dute, eta 2018tik dago martxan. Udaleko ordezkari politikoak eta altzatar elkarteetako ordezkariak konprometituta gaude horretan.

2002. urtea

2002. urtea

Atxumaizkogainako mendiaren zati altzatar osoa, Udalak Ategorrieta-Ulia auzoan sartu du, Mirakruz-Bidebietaren ordez, eta Ekialdeko barrutitik kanpo geratu da. Baina Altzan ez dugu galdu Donostiako Udalak lurperatu nahi duen ikuspegi historikoa. Azken hogei urteetan Atxumaizkogainako mugarria goroldioz estali da eta pinuz eta sastrakaz inguratu da, baina mugarria zizelkatuta dagoen harkaitzak han jarraituko du eta altzatarrok haren ondotik igarotzen diren bidexkak zeharkatzen jarraituko dugu, badakigulako nondik gatozen.

***

Erreferentziak:

[1] 1896. Donostia eta Altza arteko muga mugaketaren planoa, SS.56-A.9 mugarritik SS 57-A.10. Donostiako Artxibo Historikoa (DUA-AMSS), H-01691-16.

[2] 1821-12-8: Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari jakinarazi zion terminoak seinalatzeko espediente bat ireki zela (DUA-AMSS C-5-I-6-2). 1822-02-13: Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretua, Altzako mugapeari buruzkoa (DUA-AMSS C-5-I-6-2). 1822-03-30: Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udala premiatu zuen Altzarekiko mugaketaren gaian (DUA-AMSS C-5-I-6-2). 1822-07-24: Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari emandako ebazpena, banaketa eta ordainarazpenei buruzkoa, Altzarekiko mugak ezartzen ez diren bitartean (DUA-AMSS C-5-I-6-2).

[3] 1823-03-13: Pedro Manuel de Ugartemendiak Diputazioari zuzendutako idazkia, Donostia eta Altza artean egon behar duen banalerroarekin eta mugarriarekin, dagokion planoarekin. AGG-GAO JDIM4/12/0037/A/005400r.

[4] “200 urte Altzak lehen independentzia lortu zuenetik (1)“, in Estibaus 2021-10-29.

[5] 1889-11-07: Donostia eta Altzaren arteko mugarriztatze akta: En virtud de lo decretado por Exmo. Governador Civil de esta Provincia con fecha 21 del actual y no hallando conforme la Comisión de limites de esta Población el acta de deslinde extendida por la de San Sebastian acuerda redactarla por su parte en los termino siguientes. [...] Mojon nº 56. En el punto denominado Achumaizco-Gaña a la distancia de 610 m. de la esquina de la casa del Depósito de aguas señalado en una roca arenisca tiene la marca SS56 y A9. Formando con citada esquina y el nº 57 señalado por la comisión de San Sebastián un angulo de 108º. Mojon nº 57. Se halla situado a los 970 ms del mojon nº 56 vajando desde el directamente hacia el mar. Es de piedra arenisca y tiene cincelada en su parte superior una linea que indica perfectamente la direccion entre el mojon nº 56 y la costa, linea que determina las jurisdicciones de Alza y San Sebastian. Tiene las marcas SS57 y A10. Con lo que se terminó este reconocimiento que comprende los limites jurisdiccionales de San Sebastian con los de la poblacion de Alza en 7 de Nobiembre de 1889. El Presidente:   El Vocal: Jose Jacinto Labaca      El Vocal: Rufino Erausquin           El Secretario: Casimiro Arizmendi

[6] Bat-egitearen/anexioaren oinarriak, 4. puntua: “Únicamente, y en previsión de la remotísima eventualidad, de una futura desagregación del Municipio de Alza para constituir nuevamente Municipio independiente, se procederá por el mismo a la formación y oportuna entrega de un inventario de los bienes comunes y patrimoniales que se aportan para su reintegración a dicho Ayuntamiento en el caso de separación. Así bien, se hace constar que con los bienes dichos, el Ayuntamiento recobrará en su día el territorio mismo que hoy día constituye su término municipal y se halla afecto a su jurisdicción, sirviendo de linderos y límites los actualmente vigentes.”

atxumaizkogaina-20230308-b

Etiketak: , , ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean