Pilare bat Herrerako ontziralekuan (1551)
Iñigo Landa, Juan Carlos Echeveste
XVI. mendearen lehen erdian, Gipuzkoa zeharkatzen zuten bidaiariek eta merkantziek bidesaria ordaindu behar izaten zuten probintziako ibai nagusiak txalupan zeharkatu ahal izateko, Deban, Zumaian, Orion eta Ergobian (Astigarraga), baita Pasaiako badian ere. Gipuzkoako Batzarrek 1551ko apirilean bilduak ulertu zuten “pasaje“/pasagune horietan egiten zen kobrantzan arbitrariotasun handia zegoela eta batelariek abusuak egiten zituztela; eta aranzel bat, tarifa ofizial bat ezarriz esku hartzea erabaki zuten.
Aranzel hori Herrerako ontziralekua eta Bizkaia auzoko ontziralekua lotzen zituen ibilbidean aplikatu zen lehen aldiz, hau da, Donostia eta Hondarribia hiribilduak lotzen zituen ibilbidean. Batzarrek onartutako agindu horren berri emateko eta hura baliarazteko, Herrerako ontziralekuan pilare bat bere kapitelarekin jartzea agindu zuten, bertan aranzela jasotzen zuen pergaminoa jartzeko. Ondoren, ezaugarri eta prezio bereko beste pilare bat eraikiko da badiaren beste aldean, Bizkaian, garai hartan Lezoko mugapean.
Pasaiako badiaren ikuspegia. Aurrean, Mirakruzetik Herrerako ontziralekura doan bidea. Atzean, Donibane, Bizkaia eta Lezo (1840) [2. ir.]
Herrerako ontziralekua egungo Gaiztarro auzoaren parean zegoen, Pasaiako badiaren mendebaldeko muturrean. Ontziralekuaren berariazko lehen aipamena 1500. urtekoa da [1], baina inguru horretan zegoen Pordeplata/Pordeplat/Portdeprat etxearen izenak, 1456an bertako mendialdea izendatzeko erabilia, portuari buruzko elementu argi bat darama, XV. menderako ontziraleku bat bazegoela adieraziz. [2] Izan ere, Pordeplata eta Herrerako ontziralekuaren arteko kidetasuna 1574ko dokumentuak argitzen du, hitzez hitz hau dioena: “alindan començando dende el enbarcadero de la Herrera o Port de Prate do la agua inunda por la parte del poniente” [3] Herrerakoa oso ontziraleku aktiboa izan zen XIX. mendearen amaieran badia lehortu zen arte.
Beste aldean, Bizkaia auzoko ontziralekua zegoen. Haraino iristen zen Hondarribitik zetorren bidea, Lezoko herrigunetik eta Bordandia baserritik igaro ondoren, Bizkaia etxearen parera iristen zen, itsasertzaren ondotik. [4] Leku horretan ontziralekua zegoen, itsasgorak urez estali eta bidea mozten zuen sakonune batean.
Jarraian, akten bidez, Batzarrek hartutako erabaki horren ezarpenaren errepaso kronologikoa egingo dugu, XVI. mendean zehar Gipuzkoako Batzarrek izan zuten botere eta pisu gero eta handiagoaren erakusgarri.
1551ko apirilaren 15ean Donostian egindako Batzarretan, Donostiako eta Hondarribiko pasaietan egindako gehiegizko kobrantzari buruz hitz egin zuten: “syn orden ni syn aranzel alguno llebando por el dicho pasaje a un real y a medio real y otros derechos eçisybamente”, eta ondoren, Acorda, Perez de Arriola, Çuaznabar eta Balerdi diputatuei aranzel bat egitea agindu zieten: “hiziesen un aranzel de lo que les paresçia que justamente se podia pagar en los dichos pasajes“. [5]
Hurrengo egunean, diputatu horiek aranzel bat “zuzena eta moderatua” aurkeztu zuten, eta hortik aurrera betiko gorde zezatela agindu zuten Batzarrek. Segidan, eskribauari aranzel hori sinaturik emateko agindu zioten, Herreran eta Hondarribiko hiribilduko Pasaian jartzeko, ibiltariek zer ordaindu behar zuten jakin zezaten, eta Donostiako eta Hondarribiko hiribilduetako alkateei pasagune horretan aranzela jartzeko agindu zieten. Era berean, pasagune horietako batelariei aranzel hori gordetzeko agindu zieten, eta ez zitezen haren aurka izan. Agindutakoa betetzen ez bazuten, hamar mila marabediko isuna jarriko zieten Probintziaren herri-lanetarako. Azkenik, hori guztiaren berri emateko, pasagune horietan eta eskualdeko beste leku batzuetan pregonatu eta argitaratzeko agindu zuten.
Benta-Bea etxea, Herrerako ontziralekuaren ondoan (1839) [5. ir.]
Urte bereko azaroaren 20an, Hernanin, Batzar Nagusiek bi pilare jarriko dituzte beren txapitelekin, bertan aranzela jartzeko. [7] Batzarkideek egiaztatu zuten aranzela ez zela agindutako lekuan jarri ezta aplikatn ere, eta, beraz, Donostiako eta Hondarribiako alkateei agindu zieten Herreran eta Bizkaian pilare bana eta beren txapitelak jar zitzaten, eta kanpo aldetik, berriz, burdin hesi bat, aranzela inork ukitu ez dezan. Gainera, ehun marabediko isuna eta bi eguneko kartzela zigorra ezarri zieten aranzelean ezarritakoa baino gehiago kobratzen zuten batelariei, isunaren erdia salatzailearentzat eta beste erdia epaia eman zuen epailearentzat.
Hurrengo urteko maiatzaren 7an, Elgoibarren bildutako Batzarrek egiaztatu egin zuten pilareak aranzelarekin jarri egin zirela, eta neurriak hartu zituzten aranzelaren aplikazioa betearazteko. Hala, korrejidoreari eskatu zioten aipatutako bi hiribilduetako alkateen kontu pertsona bat bidaltzea, eguneko sei errealen soldatarekin. [8]
Hiru egun geroago, Donostia hiribilduari Herreran Probintziaren aginduz egindako harrizko pilarea jartzeagatik sortutako gastuak ordaintzea agindu zuten: “mandaron repartir a la villa de San Sevastian por el pilar de piedra que por mandado de la Provincia a hecho en la Herrera para poner en el el aranzel de los derechos que han de llevar las bateleras de los pasajes de San Sebastian e Fuenterrabia. E por la tabla e el pargamino en que se ha de poner el dicho aranzel honze ducados e nueve reales e medio.” [9]
Sei hilabete igaro ondoren, azaroaren 24an, Deban bildutako Batzarrek antzeko kopurua, 12 dukat, ordainduko diote Hondarribiko hiribilduari bere ontziralekuan jarritako pilarearen gastuengatik, Herreran jarritako pilarea bezalakoa, aurreikusitako kopurua baino dukat bat eta erdi garestiago. [10] Hondarribiko alkateek 1552ko abuztuaren 21ean hitzartu zuten Bizkaia kostaldean pilare bat eraikitzea Martin de Amasa harginarekin: ”vn pilar como el que esta echo en el camino que viene de Sant Sebastian al Pasaje en la Herrera que llaman por preçio de diez ducados e medio“. [11]
“Embarcadero y camino publico que va a Lezo”, 1830. urtean [6. ir.]
Aranzelaren aplikazioak aurkariak izan zituen, 1553ko apirilaren 25ean Errenterian egindako Batzarren aktan islatzen den bezala. Akta horretan egiaztatzen denez, aranzelaren pergaminoak hautsita zeuden jada, “estaban ya rotos y echos pedaços“, eta berriro jartzea eta lehenaraztea agindu zuten, baita errudunei zigortzea ere: “y castiguen a los que en ello allaren culpantes, e ynbien testimonio de lo que en ello an hecho al señor Corregidor dentro de veynte dias so pena de cada tres mill maravedis para reparos publicos de la dicha Probinçia“. [12] Gaia berriro jorratu zen Getariako Batzarretan, 1553ko azaroaren 23an. [13]
***
Erreferentziak:
[1] Salazar korrejidorearen agindua, Errenteriako alkateak erreginak Herreran egindako harrerara aginte-makilarekin joan ez daitezen, 1500. urtean. In BANUS AGUIRRE, José Luis: El archivo quemado: inventarios antiguos del acervo documental de la M.N. y M.L. Ciudad de San Sebastián antes de la destrucción de 1813. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones: Donostia, 1986, 127. or. Herrerako lehen aipua 1467koa da, eta Peyrera izeneko erret bideari egiten dio erreferentzia: “…camino real llamado Peyrera que desçiende desde la dicha tierra de Alza hacia el molino llamado Errera, que es de Domingo de Durango“, Donostiako Udal Artxiboa, San Millan Funtsa, 1/63/325; Arg.: LANDA IJURKO, Iñigo: Engomeztarren jabetzak La Herreran (1467-1574) , in: Altza, Hautsa Kenduz V. (1999), 151. or.
[2] “ e los otros deziendo que los sus terminos son fasta el monte de Pordeplata e fasta el dicho monte tienen juridiçion “, in: ” Sentencia de Lasarte y Urdayaga sobre señalamiento de límites y jurisdicciones de la villa de San Sebastián y la Villa Nueva de Oyarzun” (Errenteria, 1456-11-12). Publ.: CRESPO, M.A.; CRUZ MUNDET, J.R.; GÓMEZ J.M.: Colección documental del Archivo Municipal de Rentería. Tomo I (1237-1470). Eusko Ikaskuntza, 1991; 190. or. Pordeplat baserria XX. mendean ezagutu genuen, Guardaplata izenarekin.
[3] Donostia, 1574-10-7: Donostiaren aurkako epaia Gomistegi eta Martibonori buruz. Donostiako Udal Artxibategia, San Millan Funtsa, 93 kutxa, 54 zk. Ikus LANDA, Ibidem, 159. or.
[4] “Primeramente la dicha casa llamada de Vizcaya donde de presente vos el dicho Miguel e yo vibimos que es en el dicho terminado de Leço jurisdisçion de la dicha villa de Fuenterrabia que se alinda de la vna parte con la casa de los herederos de maestre Juan de Çabalaga y el suelo de casa de Anton de Ygueldo, y de la otra parte la casa de los herederos de Hernando de Gabiria, y de la parte de baxo el puerto y mar y de la otra parte el camino y calçada publica” (1543-04-13), Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa AHPG-GPAH 3/0333,A:39r-44v.
[5] DIEZ DE SALAZAR FERNANDEZ, L.M.; AYERBE IRIBAR, M.R.: Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1550-1553 Documentos). Gipuzkoako Foru Aldundia. Gipuzkoako Batzar Nagusia, 1990, 126. or. Hurrengo oharretan egiten diren orri-zenbaki guztiek argitalpen honi egiten diote erreferentzia.
[6] 133-134 orr.
[7] 198. or.
[8] 279. or.
[9] Elgoibarren egindako Batzarra, 1552ko maiatzaren 10ean (300. or.)
[10] 377. or.
[11] AHPG-GPAH 3/0324,A:115r-116v
[12] 455-456. or,
[13] 525. or.
Irudiak:
[1. ir.] Plano-xehetasuna: “Plano de la Ria y Puerto de los Pasages : año de 1776″, Carlos Agn. Giraud. Archivo General Militar de Madrid, SS-15/7.
[2. ir.] “Interior del puerto de Pasages” , G. Carpenter-en grabatua, 1840. urte aldean. Untzi Museoa.
[3. ir.] Plano-xehetasuna: “Plano de la Ria y Puerto de los Pasages y de las poblaciones situadas en su costa segun se hallavan en el año de 1760″. Archivo General Militar de Madrid, SS-15/3.
[4. ir.] Ibidem
[5. ir.] “Lago de Pasages”, 1839. Barker eta Crocker-en grabatua , Zumalakarregi Museoa.
[6. ir.] Bizkaia auzoaren krokisa, 1830. urtea. Archivo de la Real Chancilleria de Valladolid, PLANOS Y DIBUJOS,DESGLOSADOS,458.
[7. ir.] Bizkaia auzoko ontziralekua. Arabako Artxiboa, Photo Araba, ES.01059.AHPA.POS.02064 Egile: E. J. G. Paris- Irun.
Bizkaia auzoko ontziralekua (1920 aldera) [7. ir.]
2024, Otsailak 17
Oso oso interesgarria.