Felisa Martín Bravo meteorologoa eta Villa Iñaki

2019, Irailak 4

felisa-martin-bravo-blog-sin-color

Felisa Martín Bravo (Donostia, 1898 - Madril, 1979) emakume aitzindaria izan zen Fisika eta Meteorologia arloetan: Espainian Fisikan doktoratu zen lehen emakumea izan zen (1926) eta baita Espainiako Meteorologia Zerbitzuan sartzea lortu zuen lehen emakumea (1933). Lehena ere izan zen Espainiako Meteorologia Elkarteko lehendakaria izaten (1973-74). Horrez gain, 1937 eta 1940 bitartean, Igeldoko zentro meteorologikoko lehen emakume zuzendaria izan zen, zerbitzugintzaren militarizazioa zela eta utzi behar izan zuena. Bere merezimenduak aintzat hartuta, 2017. urtean Udalak erabaki zuen Txomin berrian kale bat hari eskaintzea.

Jose Miguel Aranjuelok, Felisa Martín Bravoren biografian interesa duen meteorologo erretiratuak Altzako Tokiko Bilduman egindako kontsulta baten bitartez jakin dugu Felisa Martín Bravo Altzan erroldatuta egon zela, Mirakruz Gainako Villa Iñaki etxean hain justu. Helbidearen kokaleku zehatza zalantzazkoa zen, Altzan ez baitago izen hori duen etxerik, baina bai Villa Ignacio izenekoa (gaur egun Luis Pradera, 10), eta, udal artxiboan 1937. urteko Altza Hiriko udal errolda kontsultatu ondoren, zalantzak argitu dira.

1937ko abenduko errolda horren arabera, Villa Iñaki izeneko etxe bat dago Mirakruz Gainan, 50. Zenbakian, eta lau etxebizitza zituen, bi behe solairu eta bi lehen solairu. Etxebizitza bakoitzari buruzko informazioak erroldako orri bat betetzen du, eta etxebizitzaren “familia buruak” datuak bete ondoren sinatzen du. Bertan, egoiliarren izen-abizenak eta jaiotza-datei eta jaiotza-tokiei buruzko datuak eta horietako bakoitzaren soldata eta lanbideak adierazten dira.

Erroldak baieztatu du 1937an Felisa Villa Iñakin bizi zela, lehen eskuina etxebizitzan, bere gurasoekin, arrebarekin eta neskame batekin. Datuak oso zehatzak dira. Aita, Enrique Martín Rodríguez, Valladoliden jaio zen 1863an eta erretiratuta zegoen. Ama, bestetik, Rosalía Bravo Muñoa zen, Donostian 1870ean jaioa eta baita erretiratuta. Haiekin batera, Maria Teresa ahizpa bizi zen, 1905ean Donostian jaioa eta etxeko lanetan aritzen zena. Eta, azkenik, Eusebia Rincón neskamea, 1916an Segoviako Navas de San Antonio herrian jaioa. Felisari dagokionez, Donostian jaioa dela dio, 1898an, eta lanbidez meteorologoa. Helbide horretan familiak 17 hilabete daramate bizitzen, eta denek zuten aurreko bizitokia Madrilen, Felisa izan ezik, aurreko bizitokia Sevillan baitzuen. Felisak Sevillarekin harreman estua eduki zuen. Izan ere, Felisa Sevillako Unibertsitateko Hizkuntz Klasikoen katedradun José Vallejorekin ezkondu baitzen eta hil ondoren, alargun eta ondorengorik gabe, bere ondasun guztiak (sei milioi pezeta) eta haren senarraren liburutegia Sevillako Unibertsitateari utzi zizkien “Legado José Vallejo” saria sortzeko, gaur egun unibertsitateak ematen jarraitzen duen saria.

Baina, horrez gain, erroldak Iñaki/Ignacio izen trukaketari buruzko pistak eskaintzen dizkigu. Etxeko behe eskuinaldeko etxebizitzaren orria Joaquin González y Alférez bizilagunak betetzen du. Berarekin bizi dira emaztea eta bi alaba. Etxebizitza identifikatzeari buruzko atalean, Gonzalezek idatzitako Villa Iñaki-ren gainean, esku zentsuratzaile batek Iñaki urratu eta gainean “Viva España” idatzi du. Horrez gain, lehen ezkerra etxebizitzako orrian, bi ahizpekin bizi den Luis Sarasola Iribarren bizilagunak etxea identifikatzen duen atalean “Alza”, “Villa de Alza”, “Miracruz”, “50, Villa Ignacio” idatzi zuen. Azken datu hau eta lehen orrian “Iñaki” izena zentsuratzea nahikoa froga dira etxearen izena erregimen politikoarekin batera aldatu zela baieztatzeko.

Villa Ignaciok, azkenik, gaur egun sei etxebizitza ditu, Villa Iñakik, ordea, lau zituen. Horren arrazoia, 1943. urtean etxea handitzeko egindako lanak dira.

Felisa Martín Bravoren biografian xehetasun txiki hau argitu ahal izatea, hiru urtez altzatarra izan zen emakume handi bat gogoratzeko baliagarria izan zaigu.

Erreferentziak:

  • Uxune Martinez: “Igeldoko behatokiko meteorologoa: Felisa Martin 1898-1979“, zientziakaiera.eus wegunean
  • Felisa Martín Bravo (1898-1979), la primera doctora en física“, mujeresconciencia.com blogean
  • Argazkia: Felisa Martín Bravo, 1928. Iturria: Archivo de la Agencia Estatal de Meteorología
  • 1937. “Padrón de habitantes y cédulas personales. Barrio de Inchaurrondo, barrio de Miracruz, Alto de Miracruz”, Donostiako Udal Agiritegia, Altza Funtsa, 124-L (B-2 Estatistika)
  • ABC, 1984-03-18: “Legado ‘José Vallejo’: Fondo para el estudio de Lenguas Clásicas”.
  • 1943. “Elevación de piso y construcción de terraza en fachada posterior en Villa Ignacio en Alto Miracruz”, Donostiako Udal Agiritegia, 0806 (D-11-01 Edificios particulares)

20190531_120107

1937. urteko errolda

villa-ignacio-1942

1942. Villa Ignacio handitzeko proiektua

2019. Villa Ignacio

2019. Villa Ignacio

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Urria 2024
A A A O O L I
« ira    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»

etiketak


Sarean