Dominica Irigoyenen aztarna

2021, Abenduak 23

La Voz de Guipúzcoa, 1907-12-25

La Voz de Guipúzcoa, 1907-12-25

Iñigo Landa Ijurko

1907ko Eguberri egunean argitaratutako La Voz de Guipúzcoa-ko kronika batean irakur daiteke, 23ko gauean, Dominica Irigoyen gaztea Larramendi kaletik Amara Zaharreko etxera itzultzen ari zela, haur baten negarra zirudiena entzun zuela. Hurbildu zen, eta harri pila baten artean “haur eder eta sendo” bat aurkitu zuen, “luxuzko pixoihaletan bildua“.

Dominica “klase umileko neska gazte bat” eta hilabete gutxiko haur baten ama zen. Eduki zuen lehen erreakzioa umeari bularra ematea izan zen. Ondoren, polizia-etxera joan zen gertatutakoaren berri ematera, berarekin bizi zen anaia batekin, udal kale-garbitzaile eta ezkonduta zegoena. Polizia eta epaitegia formalitateei ekiten zieten bitartean, Dominicak bere gain hartu zuen neska txikia zaintzeko ardura, gutxienez gabonetako lehen egun haietan.

***

Fernando Conde boxeo-zalea da, eta, 30eko hamarkadan Espainiako boxeo txapelduna izan zen osaba aitonaren bizitzari buruz zeukan jakin-minetik abiatuta, garai zail bat aurkitu zuen gizartean eta arlo politikoan, eta, aldi berean, nazioartean garrantzia izan zuten eta Gerra Zibilak eragindako hausturaren ondorioz ahaztuta geratu ziren boxeolari espainiar kopuru handiarekin gogoberutu zen. Horrela, hogei urtetan zehar, boxeoaren urrezko garai horretan nabarmendu zirenen bizitzak berreskuratu ditu, eta euren biografiak Boxeo 1930’s blogean argitaratu ditu.

Boxeolari horietako bat Julian Echeverría Irigoyen izan zen, Fillo Echeverría, Dominica eta Modestoren seme gazteena, 1912ko ekainaren 28an Altzako Berra baserrian jaio eta 1997ko abenduaren 31n Miamin hil zena. Fernandorentzat, Fillo Echeverría boxeolari oso bat izan zen, teknikoki zein fisikoki, ausarta eta, batez ere, gizon prestu bat, ringean eta kanpoan, nazioarteko boxeolari handienetako bat izatera iritsiz.

1928-kutxateka-echeverria

Julian Echeverria erdian, 1928an (F. Conde; Kutxateka)

1928a baino lehen, Julianen familia Egiako Mandasko Dukearen pasealekuan bizitzera aldatu zen. 16 urterekin, Fillo berak kontatzen duenez, “Fisikoki oso mutil ahula nintzen. Ia fideo bat“, eta Uzcudunen arrakasten ospakizun jendetsuek bultzatuta, bere etxetik gertu zegoen gimnasio batean izena eman zuen praktikatzen hasteko; eta laster hasi zen boxeatzen eta nabarmentzen.

Boxeoan erakusten zituen jarrerak eta trebeziak adituen arreta erakarriko dute. Manuel Braña kirol kazetari eta boxeolarien managerrak ezagutuko du eta abentura amerikarrera abiatzeko proposamena egingo dio. Julian gazteak onartu eta Habanan lehorreratuko da 1930eko abuztuaren 29an. Hastapenetan, bere fisikoa zaleen irri-bazka izango da, baina “fillo de Braña“-ren, –”seme“, asturiar-galizieraz– garaipenek, denborarekin, Kubako boxeoaren historiako lorietako bat izatera eramango dute.

Baina aurretik, 1932an, Dominica bere ama hil zelako, etxera itzultzea erabaki zuen, bere manager eta taldearekin batera.

***

Dominica Irigoyen Zabala Oiartzunen jaio zen 1884ko ekainaren 11n. Juana eta Jose Franciscoren alaba, lau anai-arreben artean gazteena zen. Dominika amaz umezurtz geratu zen jaio eta urte eta erdira, eta lau egun beranduago bere aita ere galduko du. Anaia zaharrenak, Vicentek, zazpi urte baino ez zituen.

1907an, abandonatutako haurrari lagundu zionean, hogeita hiru urteko neska bat zen. Prentsako kronikari esker, badakigu haur jaioberri baten ama zela eta Amara kalean anaia ezkondu batekin bizi zela, ziurrenik Vicente, geroago Donostian, Sagueseko San Blas kalean hain zuzen ere, erroldaturik aurkitu dugun anaietako bakarrarekin.

Gertaera hartatik bost hilabetera, 1908ko maiatzaren 23an, Dominica Modesto Echeverría Iturainekin ezkondu zen Artzain Onaren elizan. Modesto altzatarra zen, 1878ko otsailaren 12an jaioa, eta, 1901eko erroldan agertzen denez, Berra baserrian aita alargunarekin eta zituen hamar anai-arrebetatik hirurekin bizi zen. Dominicak eta Modestok hiru seme-alaba izango dituzte: Rosario, Tomas eta Julian, azken hau aitaren anaia bikiaren izena hartuko duena.

Julian/Fillo aipatu dugunean ikusi dugunez, 1928an Echeverría Irigoyen familia Mandasko Dukearen etxebizitza batean bizi zen. 1934ko hautesle-erroldaren arabera, badakigu familiaren etxean bakarrik Modesto, ogibidez orga-gidaria, Rosario, eta Jose Irigoyen Zabala, mekanikaria, bizi zirela. Jose Dominikak Modestorekin ezkondu aurretik eduki zuen semea da, eta abandonaturiko neska txikiarekin amaren zaintzak partekatu zituena. Ordurako, Tomas eta Julian etxetik kanpo bizi ziren, eta Dominika hilda zegoen. Heriotza 1932ko maiatzean edo ekainean gertatu zitzaion, eta familiaren memoriaren arabera, egoera txarrean zeuden ostra batzuk jan ondoren sortutako intoxikazio batek eragin zuen.

***

Guada altzatarrak, Tomasen bilobak, Internet bidez bere familiari buruzko informazio bila, Fillo Echeverría osaba aitonaren biografia luze eta zehatza aurkitu zuen Fernando Conderen blogean. Bildutako datu ugarien artean, Javier Sadak El Diario Vasco-n argitaratutako “Angulas a 3 pesetas el kilo” artikulua dago, non, efemerideen artean, 1907ko gabon haietan Dominica birramona eta abandonatutako neska txikia protagonistak izan zituen gertakaria nolabait jasotzen den.

Familiaren historiarako daukan interesaz haratago, ume anonimo hari bizitzen laguntzeko Dominicak izan zuen aritzeko moduak aztarna uzten du, sakona, luzaroan irauten duena.

Etiketak: ,

3 iruzkin

  1. Maite

    ZeR istorio interesgarria eta benetazkoa, Iñigo. Lan polita egin duzuna hona ekartzen.

  2. ELENA

    Es una historia entrañable la de Dominica y también esa conexión con los demás familiares. Iñigo sabe cómo reflejar el entramado social de la época a través de las vivencias de las personas.

  3. Enrike Kortabitarte

    Luzatu haria eta ezagutu benetako familia-historia bat.
    ¡Ze lan dagoen atzean! Eskerrik asko. Zorionak Iñigo.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Urria 2024
A A A O O L I
« ira    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»

etiketak


Sarean